Berriak Segurtasuna

Euskadiko suteak prebenitzeko, itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuen Lege-Aurreproiektua. Aurretiazko Kontsulta Publikoa. Ondorioak

2021-05-06

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eskertu nahi ditu, Euskadiko prebentzio, su-itzaltze eta salbamenduko zerbitzuak arautzeko Lege-aurreproiektua landu aurretik, Kontsulta Publikoaren izapidean egin diren ekarpenak.

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen garrantzi soziala azaleratu nahi da, baita zerbitzu horien eginkizunak eta antolaketa eguneratu ere; eta horretarako, lege mailako berezko araudi bat izan dezatela nahi dugu, zerbitzuen titularrak diren administrazioen autonomiari kalterik egin gabe, lurralde osoan zerbitzua emango dela bermatuko duena, zerbitzu horiek beren artean zein beste batzuekin modu bateratuan eta koordinatuan jarduteko baliabideak aurreikusten dituena eta, lege-erreserba duten kasuetan, langileei aplikagarri zaizkien berezitasunak jasotzen dituena.

Arau horri esker, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak berezko lege baten bidez araututa geratuko lirateke; eta ez orain bezala, arau orokorra den larrialdiak kudeatzeko legearen bidez zati batean araututa. Izan ere, arau horrek larrialdi-egoeretan esku-hartzeko dauden nahitaezko zerbitzu guztietatik suhiltzaileei buruzkoa baino ez du arautzen, gainerakoek beren berezko araudia daukate eta: polizia, osasun arlokoak , etab.

Izapide hau, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 133.1 artikuluan jasotzen duen izapidea, hain zuzen, Administrazioko euskadi.eus eta Irekia web-atarien bidez bete ondoren, bidezkotzat  jo da lege-aurreproiektu gisa izapidetzen hastea, horrela, administrazio-prozedura amaitu eta gero, Gobernu Kontseilura bidali ahal izateko, hark onar dezan. Gobernu Kontseiluak onartuta, Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera helaraziko da, han eztabaidatu eta onar dadin

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan