Txileko gobernua Emakunderen Gizonduz programan oinarrituko da bere herrialdeko gizonak berdintasunean prestatzeko

2021-05-06
  • Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera, Txileko ministro Monica Zalaquettekin bildu da
  • Lankidetza Ministerioak eta Emakundek Berdintasun arloko esperientzia-trukea sustatzeko eta sendotzeko 2018an sinatutako akordioaren emaitza da

 

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera, Monica Zalaquett Txileko Emakumearen eta Genero Ekitatearen ministroarekin bildu da. Txileko Gobernuak eskatutako bilera honen helburua izan da Emakunderi eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak ematea Emakunderen Gizonduz programan oinarritzeko aukera emateagatik Txileko gizonak berdintasunean prestatzeko.

Ministroak azaldu duenez, Txileko gobernuaren nahia da Euskadin maskulinitateei eta berdintasunerako prestakuntzari buruz egindako lanean sakontzea, eta, horregatik, maskulinitateei buruzko online ikastaro bat diseinatzen ari dira Gizonduz programaren ikastaroen edukietan oinarrituta. Lankidetza hori posible izan da 2018an Ministerioak eta Emakundek sinatu zuten elkar ulertzeko memorandumari esker, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ideien eta esperientzien trukea sustatzeko eta sendotzeko.

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak gogorarazi duenez, "jaio zenetik, Gizonduz erreferentea izan da, gure herrialdean eta hemendik kanpo, berdintasunaren alde gizonekin egindako lanean", eta bere izaera berritzailea nabarmendu du, "gizonekin lan egiteko ildo bat planteatzeagatik, emakumeen ahalduntze-lanaren ezinbesteko osagarri gisa". Sailburuaren hitzetan, Gizonduz Eusko Jaurlaritzak berdintasunarekin eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka duen konpromisoaren beste adibide bat da.

Gizonduz programaren helburuak dira berdintasunarekin eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka sentsibilizatutako, prestatutako eta konprometitutako euskal gizonen kopurua handitzea, bai eta etxeko lanetan eta zaintzan duten erantzunkidetasuna areagotzea ere. Gizonduz programari esker, 10.000 gizonek baino gehiagok (7.000 emakumez gain) berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dute azken urteotan Euskadin. Prestakuntza-programak gizonekin, berdintasunarekin eta maskulinitateekin lotutako hainbat gai jorratzen ditu: indarkeria matxista, boterea, balio-aldaketa, erantzunkidetasuna eta zaintza, aitatasuna, arrisku-jokabideen prebentzioa, etab.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, bestalde, Emakundek publiko espezifikoentzako programak bultzatzen dituela gogorarazi du. Gizonduz programa gizonei zuzenduta dagoen bezala,  beste programa espezifiko batzuk ere baditu, hala nola Nahiko, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako hezkidetza programa, Txileko Gobernuak ere eredu bezala hartu duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak