Aukerak Suspertzen programaren balantzearen aurkezpena

2021-05-05
  • Programa Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin elkarlanean sortu zen, ‘Inor Atzean Utzi Gabe’ COVID Funtsaren bidez
  • Programak iraun egingo du; Familia eta Haurren Zuzendaritzaren aurrekontuaren zati izango da

 Donostia-San Sebastián, 2021/05/05

Guztira 1.208 adingabek parte hartzen dute Aukerak Suspertzen programan; eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntzako programa komunitarioa da, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez. Programa hori iaz ‘Inor Atzean Utzi Gabe’ COVID Funtsaren bidez sustatu ziren zortzi programetako bat da. Zehazki, Aukerak Suspertzen programa hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak izan (arrail digitalaren ondorioz) eta gizarte-desabantailako egoeran dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzentzen zaie.

Artolazabalek bereziki programa honek familiei eta, zehazki, familia gurasobakar amadunei ematen dien laguntza nabarmendu du; familia gurasobakar amadunak Aukerak Suspertzen programaren %46a dira. Programak eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza eskaintzen die gizarte-desabantailan dauden ume eta nerabeei, tokiko egitura komunitarioa aktibatuz. Horretarako, gailu informatikoak eta konektibitatea lagatzeaz gainera, eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza eskaintzen die adingabeei eta aita eta/edo amei. “Ideia da azken horiek trebetasun digitalak eta parentalak eta/edo hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo garatu ahal izatea, gero haiek seme-alabei ikasketa-ohiturekin laguntzeko”, esan du sailburuak.

Programa helburu bikoitzarekin sortu zen: batetik, arrail digitala murrizten laguntzea eta ume, nerabe eta familien gaitasunak sendotzea, gero eta digitalagoa den inguruneko irakatsi eta ikasteko prozesurako, eta, bestetik, elkartze-egitura sendotzea, hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta toki-elkarteei laguntza emanez.

Berdintasuneko sailburuak esan duenez, dagoeneko arreta jasotzen duten 1.208 adingabe horiez gainera, beste 162 plaza daude aktibazio-prozesuan; beraz, laster, 1.370 adingabe parte-hartzaile egongo dira.

Bildarratz sailburuak, berriz, duela urtebete hezkuntza sistemak ustekabean jaso zuen kolpe latza gogorarazi du, pandemiaren eraginez aurrez aurreko eskolak etenda. “Gogorra izan zen, ikasleentzat bereziki, baina baita familientzat eta gizarte guztiarentzat ere. Hilabete batzuetan, ikasgelatik etxeko mahai edo ordenagailu bakartira pasatu ziren ikasleak. Hori, etxean ordenagailua zeukatenak. Hezkuntza Sailetik ahalegin handia egin zen, ez zeuzkaten tresna horiek haien esku uzteko”. Egoera hark, azaldu du sailburuak, ikastetxeek kohesiorako duten funtzioa agerian utzi zuen. “Pandemia garaian, eskolak erakutsi du berdintasun sozialerako tresna ona dela. Ikasleen arteko desberdintasunak lausotu egiten dira gela berean dauden artean. Sarritan gertatzen da, zerbaiten garrantzia ez dugula benetan baloratzen, hura galtzen dugun arte”.

Horrela bada, Aukerak Suspertzen programak duen lan-ildoa azpimarratu du Hezkuntza sailburuak, elkarlanaren bidez, euskarri teknikoa ez ezik orientazioa ere behar duten familiengana iristen delako. “Ikus dezagun hau guztia alde positibotik. Covid-ek arazo bat utzi du agerian, eta elkarrekin ari gara lanean erakundeak eta elkarteak, horri erantzun egokia eman ahal izateko”.

Bere aldetik, Goia alkateak, zera adierazi du: “Duela urtebete eta kasik bi hilabete nor bere etxetik atera gabe gelditu behar izan genuen une hartan, berehala antzeman genuen elkartasuna izango zela ataka horretan lagun ziezagukeen jardunbide bakarra: erakundeen arteko elkartasuna, erakundeen eta hiritarren artekoa eta hiritarren artekoa ere bai. Elkartasuna eta jardunbide komunitarioa. Hamaika izan dira denbora honetan erakundeen arteko elkartasunaren ondorioz martxan dauden laguntza, iniziatiba eta programak eta Aukerak suspertzen izeneko hau horietako bat dugu. Aipamen berezia merezi du, gainera, duen balio erantsia: hirugarren sektoreko elkarteen eskutik mamitutako egitasmoa”.

COVID Funtsa

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik –Sareen Sarean batzen dira–, iaz, zortzi programa aktibatu zituen, Covid 19-ak eragindako edo larriagotutako arrisku-, bazterketa- eta/edo pobrezia-egoerei erantzuteko. Guztira, 13.000 pertsona eta/edo familia baino gehiago izan dira azken hilotan Inor atzean Utzi Gabe COVID Funsaren barruan garatutako programen onuradun. “Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzordean zenbait premia detektatu genituen, eta, beraz, lanean jarri ginen, eta zenbait programa antolatu genituen egoera horiei aurre egiteko”, esan du Artolazabalek.

Aukerak Suspertzen programa Inor Atzean Utzi Gabe funts horretatik sortutako zortzi programetako bat da. Honako hauek dira gainerako programak:

  • Aterpeak: programa honek, konfinamenduan, lekuak gaitu zituen, etxerik ez zuten pertsonak hartzeko, hiru hiriburuetan.
  • Guztion Artean: laguntza bideratu ahal izateko antolatu zen elkartasun-sarea: besteak beste, medikamentuak, jatekoa edo higiene-produktuak erostea, zaborra batzea, izapideak eta kudeaketak egitea, etab.
  • ADI: laguntza psikologikoa eskaintzen du konfinamendu- eta alarma-egoera dela eta ondoez emozionala larriagotu den kasuetan, bereziki nagusiei.
  • Betirako: konfinamenduan familiartekoren bat galdu duten pertsonen doluan laguntzeko zerbitzu profesionala.
  • Azken Sarea Indartzen: baliabide gabezia duten eta gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta diru-sarrerak bermatzeko errentara jo ezin duten pertsona eta familien oinarrizko beharrei erantzuteko azken sarea da.
  • Erdu: adikzioetan hurbiletik esku hartzeko programa.
  • Lehen Urratsa: konfinamenduan aterpetxeetan hartu ziren etxerik gabeko pertsonentzako ostatuko eta gizarte-laguntzako baliabideetatik ibilbideak abiaraztea barne hartzen du.

Lehen Urratsa, Erdu, Azken Sarean Indartzen, Betirako eta Adi programek indarrean jarraitzen dute. Aukerak Suspertzen programak aurtengo urtean iraun du eta, gainera,  Familia eta Haurren Zuzendaritzaren aurrekontuan sartu da; izan ere, Gobernuak hurrengo urteotan ere mantentzea aurreikusten du. Gainera, programa horretarako aurrekontua areagotu du; 2021 ekitaldirako 1,3 milioi euro aurreikusten dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostia-San Sebastianeko alkatea