Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Elkargik eta euskal enpresen sare osoak egindako ahalegina aitortu du, eta lankidetzari eusteko konpromisoa hartu du

2021-05-05
  • Lehendakariak ELKARGIko Bazkideen Batzar Nagusiaren bilerari hasiera eman dio

Iñigo Urkullu Lehendakariak ELKARGIko Bazkideen Batzar Nagusiaren bilerari hasiera eman dio. Aurten modu telematikoan egin da bilera, kide diren enpresa guztien mugikortasuna ez sustatzeko, egungo covid-19aren pandemia dela-eta.

Arrazoi beragatik, uztailaren 15era atzeratu da Elkargiren ohiko Enpresa Topaketa, Donostiako Kursaalean 1.200 gonbidatu baino gehiago biltzen dituena eta, historikoki, Bazkideen Batzar Nagusiarekin bat etorri izan dena.

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, bake garaian bizi dugun aurrekaririk gabeko krisi global honek zailtasun handiak eragin ditu ekonomian eta enpleguan. Zailtasun handiko une hauetan, Lehendakariak Elkargiri eta, ahalegin eta sakrifizioz beren jarduerari eusten dioten, euskal enpresen sare osoari aitortza egin die. "Jarduerarekiko eta enpleguarekiko konpromisoa erakusten jarraitzen duzue, hori da partekatzen dugun helburua, eta merezi du lankidetzan jarraitzea", adierazi du.

Lehendakariak estrategia instituzional partekatuaren eta lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren gainean lan egitearen garrantzia azpimarratu du. "Pandemia global honetatik ikasitako lezioetako bat tokiko aliantzak eta lankidetza indartzeko beharra da", adierazi du. Hala, Lehendakariak Elkargiren lana goraipatu du, "aliatu arin eta eraginkorra enpresa guztiekin dugun harremanean, enpresa eta profesional autonomoei likidezia errazteko aliantza".

Eusko Jaurlaritzak ekoizpen-sareari laguntzeko egindako apustu irmoaren adibide gisa, Lehendakariak gogorarazi du martxoan beste finantzaketa-lerro bat onartu zela, aurrekoa baino baldintza hobeekin. Lerro berri horren balioa 500 milioi eurokoa da, eta horietatik 250 onartuta daude dagoeneko. Joan den astean 300 operazio berri egin zituzten, 48 milioi eurokoak. Gainera, aurreko lerroaren 3.400 eragiketa inguruk finantzaketa berriaren hobekuntzak jaso zituzten. Finantzaketa-lerro hori martxan jartzeko ahalegin ekonomikoa 115 milioira iristen da. "Une zail hauetan, gure enpresa sarea babesteko apustua sendoa da", azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia % 6,7 haziko da 2021ean eta % 5,7 datorren urtean. Ildo horretan, Lehendakariak azaldu du hiru urte beharko ditugula susperraldirako; "gure aurreikuspenen arabera, 2022aren amaieran 2020an galdutako Barne Produktu Gordina % 2 baino gehiago gainditzea lortuko dugu", zehaztu du. Enplegu arloan, aurten 13.600 lanpostu sortzea espero dute, eta hurrengoan 15.800. Hala, langabezia-tasa % 10,1era jaitsiko da 2021ean eta % 9,5era 2022an. "Jarduera, inbertsioa eta enplegua berreskuratzea da gure helburua", gaineratu du.

Aurten, Elkargik Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordea, Ignacio S. Galán Iberdrolako presidentea eta Jose Ignacio Goirigolzarri Caixabank "berriaren" presidentea bilduko ditu hizlari gisa, "Finantzaketaz, iraunkortasunaz eta digitalizazioaz" hitz egiteko, mundu berri honetan aurrera egiteko giltza gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak