Nasen amaierarekin eta Bentaberriko geltokiaren behin betiko estaldurarekin, Donostiako Topoaren obrek indarra hartu dute

2021-05-05
  • Nasak eta trenbideko lauza amaitu dira, eta uda amaieran hasiko dira bi kanoietako eskailera mekanikoak eta gurpil gaineko korridoreak jartzen
  • Kiroldegiaren kanpoko urbanizazioa urte amaierarako amaituko da
  • Lugaritzeko geltokiaren irteeran trenbidea muntatzen hasi dira, trenen zirkulazioa saihesbidera desbideratu ahal izateko

Donostiako topoaren saihesbideko Lugaritz-Mirakontxa tarteko Bentaberriko geralekuaren azaleraren % 30 behin betiko beiraztatutako altzairuz estalita dago, eta horrek itxura oso aurreratua ematen dio. Egoera horretan, nasak eta trenbideko lauza, hau da, erreiak jartzeko hormigoizko trabesak oinarrituko diren euskarria, amaiturik egoteak horretan laguntzen du.

Saihesbidearen lehenengo tarteko datuek lanak aurreratuta daudela erakusten dute. Hondeaketa lanak erabat amaituta daude, eta, ondorioz, tarteak 3.073 metroko luzera osoa hartzen du. Horietatik, 2.000 metro lineako tunelekoak dira, 95 metro geltokiko haitzulokoak, eta gainerakoa obretara sartzeko galerietakoak eta Bentaberriko geltokira sartzeko kanoietakoak. Guztira, 160.000 metro kubiko lur eta harri hondeatu dira.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak bertatik bertara egiaztatu du obraren egoera gaur goizean Bentaberriko haitzuloan, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin batera. Ibilbidean, Arriolak egiaztatu ahal izan du lineako tunela guztiz estalita dagoela eta dagozkion kanalizazioak dituela. Amaitzeko falta diren lan bakarrak, gela teknikoak, geltokira sartzeko mezzaninak edo atariak eta trenbidea eta katenaria jartzea dira. Lan horiek beste kontratu baten bidez egingo dira.

Lugaritzen zerbitzuan dagoen bidearekin lotzen duen saihesbidearen hasierako zatia -haitzulo baten neurriak ditu- ere erabat zulatuta eta estalita dago. Trenen zirkulazioak inoiz moztu gabe burututako jarduketa izan da. Gaur egun, trenbidea muntatzen hasi dira, trenbide-zirkulazioa saihesbidera desbideratzeko.

Bere esku-hartzean sailburuak iragarri duenez, Bentaberriko geltokira sartzeko bi kanoiek izango dituzten eskailera mekanikoak eta gurpil gaineko korridoreak uda amaieran hasiko dira jartzen. Jarduketa horri esker, lur gaineko lanak amaitu eta orain arte obrek okupatu duten eremu osoa urbanizatu ahal izango da. “Saihesbide osoa abian jarri arte martxan jarriko ez diren instalazio mekaniko horiek berehala jartzearen arrazoia, hain zuzen ere, gainazaleko urbanizazio lanak amaitzea da, bizilagunei kalte gutxiago eragiteko, izan ere, dagoeneko lan epealdi luzea jasan behar izan dute”, azaldu du.

Horrela, aurreratu duenez, uztailerako murriztu egingo da kiroldegiko kanoiaren kanpoaldeko obretarako mugatutako eremua, urbanizazioa urte amaierarako osatuta egon dadin. Bentaberri plazan dagoen sarbideko ahoari dagokionez, uztailean murriztu egingo da obraren eraginpeko eremua, eta, kasu horretan, 2022ko otsailean amaituko da kanpoko urbanizazioa. Plaza horretan bertan dagoen igogailua, bestalde, azarorako egongo da amaiturik.

Bigarren tartea

Arazo geologikoek geldiarazitako 2. zatiaren egoerari dagokionez, Arriola sailburuak gogorarazi du Altuna y Uria, Iza eta Acciona aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu berri zaionez, ekainaren erdialdean geratzen diren 400 metroak induskatzeko lanei berrekin ahal izango zaiela. Eta azpimarratu du egoera honek ez duela eraginik izan aurrera jarraitzen duten lur gaineko lanetan. Horrela, Easo kalean behin betiko urbanizazioa erabakitzen ari dira, Udalaren eskutik, behin trafikoari errei bat eta gainerako kalea oinezkoentzat ireki ondoren. San Martin kalean, berriz, piloteak kendu dira, eta, ondoren, lauza zabaldu da, kalearen zati bat berreskuratzeko, ekainerako zirkulaziorako errei bat askatu ahal izateko.

“Bigarren tartean, lurpean, zailtasunak egon diren arren, gutxienez lurrazaleko lanetan aurrera egiteko helburua lortu dugu, bi arteria horietan batez ere hainbeste sufritu behar izan duten herritarrek eta negozioek tokia berreskura dezaten. Jarduketa horri esker, eta Bentaberriko bi ahoen inguruaren urbanizazioarekin batera, baikortasunez ikus dezakegu azpiegitura honen etorkizuna.

Ez dezagun ahaztu –gaineratu du Arriolak– bizi-kalitatea hobetzeko pentsaturiko apustu estrategikoa dela, ez bakarrik Donostiako biztanleena, baita, lan- edo aisialdi-arrazoiengatik, hiriburura joan behar duten Gipuzkoako herritar guztiena ere. Hiri atseginagoa eta jasangarriagoa nahi badugu, garraio publiko modernoa, irisgarria eta ingurumena errespetatzen duena bermatu behar dugu, trenbidea kasu, lur gainean libre geratzen den espazioa oinezkoentzat, herritarren erabilerarako eta gozamenerako, izan dadin”, azpimarratu du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak