Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak harrera egin die 2020an jardunean hasi diren Ikerbasqueko ikertzaileei

2021-05-18
  • Guztira, 32 zientzialari gehitu zaizkio Ikerbasqueri 2020an; horietatik 14 euskal herritarrak dira
  • Egun, Ikerbasquek nazioarteko esperientzia duten 290 ikertzaile ditu kontratatuta, 36 herrialdetakoak; unibertsitateetan nahiz I+G arloko euskal zentroetan dihardute lanean

 

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanean ari diren edo jardungo duten jakintza-arlo guztietako zientzialariei aitorpenak banatzeko ekitaldia egin da gaur arratsaldez. Ekitaldian, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Hezkuntza Saileko arduradunek ere parte hartu dute.

Ikerbasqueren programek, ikerketako talentua erakarri eta horri bertan eusteko helburu argia dute: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea da helburua, arreta berezia eskainiz karrerako uneren batean kanpora joandako euskal ikertzaileak Euskadira itzultzeari; eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Gaur Lehendakariaren eskutik aitortza jaso duten 32 ikertzaileen artean, 14 (ia erdia) euskal herritarrak dira, Euskadira itzuli direnak edo euren ikerketa-posizioa bertan kontsolidatzea lortu dutenak.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2020an 7 fitxaketa berri egin dira. Ikertzaile hauetako bat Ignacio Torres da. CSIC Ikerketa Kontseilu Goreneko ikerketa-irakaslea izan da orain arte Torres, baita Madrilgo Cajal Institutuko zuzendaria ere. Orain, Ikerbasqueren bidez Achucarro Basque Center for Neuroscience zentruaren Zuzendari Zientifikoa da.

Bestalde, Research Fellows programa, hainbat jakintza-arlotako aditu gazteak  Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. Research Fellow programari esker, 2020an 18 pertsona sartu dira Ikerbasquera, horietatik 9 –erdia- emakumeak.

Bi deialdi horien osagarri gisa, Research Associate programa dauka abian Ikerbasquek, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana eginez. Ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea du xede, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez 7 ikertzaile hasi dira lanean aurten.

Gaur egun, Ikerbasquek 290 ikertzaile ditu kontratatuak Research Professor (170), Research Associate (42) eta Research Fellow (78) deialdien bidez, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta dihardute lanean. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.

Ikerbasque, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak