Berriak Lehendakaritza

RLEG ekimenean bildutako 14 eskualdeek Europar Batasunean politikak egiteko eta aplikatzeko prozesuan protagonismo handiagoa eta parte-hartze zuzena izatea eskatzen dute

2021-05-04

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak jakitera eman du legegintza ahalmena daukaten Europako hamalau eskualdek osatzen duten RLEG erakundeak idatzi bat helarazi ziela atzo Europako Batzordeko, Europako Parlamentuko, Kontseilu Europarreko eta Europar Batasuneko Kontseiluko presidenteei maiatzaren 13an hasiko den eta 2022ko udaberrira arte luzatuko den Europaren Etorkizunari buruzko konferentzia dela eta.

Zupiriak azaldu duenez, datorren ostiralean, hilak 7, ospatuko den ekitaldi publiko batean aurkeztuko duten idazkian, Europar Batasunean politikak egiteko eta aplikatzeko prozesuan botere legegilea duten eskualdeek protagonismo handiagoa eta parte-hartze zuzena izatea eskatzen dute. Horretarako, botere legegileak dituzten Europako eskualdeek Europako agintariak animatzen dituzte eta EBeko erakundeekin elkarrizketa sistematiko eta egituratu bat hasteko konpromisoa hartzen dute eta lantalde bat sortzea proposatzen dute.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen AZPITEK 2021 programa aurkeztu du. Programa horri esker, zentro teknologikoek eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratu ahal izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoak zientziaren eta teknologiaren aldetik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko. Sailburuak azpimarratu du Euskadiko zentro teknologikoek eta euskal enpresek lehen mailako azpiegiturak behar dituztela. "Erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-lab berriak... Azken finean, etorkizuneko produktuak eta irtenbideak lantzeko guneak/azpiegiturak ", gaineratu du. Helburua da euskal enpresa-sareak ahalik eta ondoen erantzutea gure herrialdeko hiru inpaktu-trantsizioei: teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta gizarte- eta osasun-arlokoari.

Arantxa Tapia sailburuak azaldu duenez, programa hau 5.313.631 euroko zenbateko "garrantzitsu baina oraindik mugatuarekin" hasiko da, baina Europako funtsak erakartzeko programetako bat dela gogorarazi du, eta horretarako 108 milioi euro bideratzea proposatu du.

OSASUNA

Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi duenez, "ondo goaz, baina ez gaude ondo". Ildo horretan, igoera moteltzen ari dela edo geldialdia ere ikusten dela azaldu du, baina sailburuaren arabera, “honek ez du lasaitzeko balio behar". "Erne jarraitu behar dugu, egoera kezkagarria delako", gaineratu du.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak azpimarratu du, beste behin ere, ez dela gaitasun kontua, txertoen eskuragarritasun kontua baizik. "Asteburu honetan bertan ikusi da: jasotako dosia, emandako dosia", gaineratu du. Joan den astean Osakidetzak 175.000 txerto baino gehiago eman zituen eta atzo 25.420 dosi gehiago. Gainera, aste honetan 79-70 urtekoekin amaitzen eta 69-60 urtekoekin aurrera egiten saiatuko direla jakinarazi du. Gaur bertan hasiko dira atzo iritsitakoak administratzen.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK    

Gobernu Kontseiluak Euskadirako 2022ko lan-egutegia onartu du gaur, eta ohiko jai‑egunei irailaren 6a erantsiko die, Juan Sebastián Elkano Getariako marinela buru zela munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko.

Bestalde, Hauteskunde sindikalen batzordea eta lurralde batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2021erako diru-laguntzak emateko prozedurari hasiera ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2021eko laguntza-deialdiari. eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 32 milioi euro bideratuko ditu hainbat proiektutara. Ekimenak hiru modalitatetan banatuko dira: garapenerako lankidetza; garapen produktiboa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa; eta, azkenik, gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak onartu du 2021eko ekitaldian zehar ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia. Kulturaren  ikuspegitik hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura finkatzea dute helburutzat laguntza hauek. Sailak 2.360.000 milioi euro, iaz baino 100.000 euro gehiago, bideratuko ditu.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2021eko dirulaguntzetarako deialdia onartu du. Laguntzen helburua pentsamenduaren arlo guztiak, batez ere, politikoa, soziala eta kulturala, aztertzeko, ikertzeko eta garatzeko proiektu, programa edo jarduerak bultzatzea eta sustatzea da eta guztira 280.000 euroko aurrekontua bideratuko da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DemiurgoTuiter
    Orain dela 3 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @ordizi79: @mianrey Para más info, RP de este mediodía: https://t.co/Wv9HymyAlU

Ekitaldiko kargudunak