Garraio Sailak berriro ireki du Irun Coloneko tren geltokiko bizikletentzako aparkalekua

2021-05-03
  • 50 bizikletentzako edukierarekin, erabilera-arau berriek aparkaldia gehienez lau egunera mugatuko dute, errotazioa bermatzeko
  • Aurrez pertsonalizatuta eta Euskotrenen bulegoetan erregistratuta egongo diren kontakturik gabeko Mugi, Barik edo Bat txartelen bidez sartu ahal izango da bertara

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskotren eta Euskal Trenbide Sarearekin batera, bizikletentzako aparkalekua irekiko du bihar, maiatzaren 4an, Irun Coloneko tren geltokian. 50 bizikletentzako edukiera izango du, eta, horrekin batera, erabilera-arau batzuk ezarriko dira, aparkalekua kontrolik gabeko bizikleta-biltegi bihur ez dadin eta zerbitzua gehiegi ez kargatzeko. Erabilera txarra eta errotazio falta izan ziren azpiegitura hori 2019ko uztailean ixteko arrazoietako bat.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua izan da goizean irekiera ekitaldian, Euskotreneko eta ETSko zuzendaritza taldeetako kideekin batera. Duela bi aste Donostian dagoen Amarako bizikletentzako aparkalekua berriz ireki zenean egin zuen bezala, Arriolak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “ekintza txiki horiek dira herritarrei zuzenean eskaria egiten dietenak, emisiorik gabeko mugikortasuna bultzatzeko beren aletxoa jar dezaten. Kasu honetan, tren-bizikleta intermoduaren alde egitea. Ingurumena errespetatzen duten bi sistema”.

“Gure esku dago mentalitate-aldaketa hori errazteko beharrezkoak diren instalazioak bidaiarien esku jartzea”. Lan-ildo horretan, sailburuak gaineratu duenez, Sailetik “Euskotrenen eta Algeposa operadore logistikoaren arteko akordioa lortu berri dugu, merkantzien trenbideko garraioa bultzatzeko. Urtean 100.000 eta 150.000 tona bobina artean garraiatuko dira Pasaia eta Durango artean, eta, horrela 6.000 kamioi A-8tik igarotzea saihestuko da, karbono-aztarna murriztuz”.

Garraio sailak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoak beste arlo batzuk ere hartzen ditu, hala nola azpiegiturak. Ildo horretan, trenbidea hiriguneetan integratzeko jarduketak aipatu ditu Arriolak, Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen lizitazioa, esaterako.

Trenbidearen eta bizikletaren arteko intermodalitatea bultzatzeari dagokionez, Zamudion edo Amaran bizikletentzako beste aparkaleku batzuk daudela gogorarazi du sailburuak. Lan-ildo horretan, bere sailak sakondu egingo du, erakundeen arteko lankidetzaren bidez, hiri-inguruneetan bizikleta-trena intermodalitatea sustatzeko, garraiobide horiek pixkanaka autoa ordezka dezaten.

Irun Coloneko bizikletentzako aparkalekua nasari itsatsita dago, eta horrek erraztu egiten du bizikleta-trena trukea. Leku segurua da, argiztatuta dagoelako, bizikletak giltzatzeko barrak dituelako eta itxita dagoelako. Atea kontakturik gabeko txartelaren bidez irekiko da. Erabiltzaileek txartel hori garraio-tituluaren euskarri gisa dute, Mugi, Barik edo Bat, hain zuzen ere. Txartel horiek, ordea, pertsonalizaturik egon behar dute, eta aldez aurretik erregistratu behar dira Bezeroen Arretarako Amarako Bulegoan.

Izena emateko unean, erabiltzaileei bizikletak aparkatzeko tokia erabiltzeko arauak onartzen dituela adierazten duen agiria emango zaie, sina dezaten, eta baita datu pertsonalen babesari buruzko informazioa ere. Erregistratu ondoren, bere txartela identifikazio-zenbaki bati lotuko zaio, eta zenbaki hori ondo ikusiko den bizikletaren puntu batean jarri beharko da. Plaka hori galdu edo hondatuz gero, beste bat eskatu beharko da; izan ere, aparkalekuan utzita dagoen eta identifikatu ezin den bizikleta oro bertatik kendu egingo da. Erabiltzaileek bizikleta kopuru adina identifikazio eduki ahal izango dituzte.

Bizikletentzako aparkalekurako sarbidea Euskotrenen erabiltzaileentzat izango da, eta, beraz, erregistratutako txartel pertsonalizatuarekin balioztatutako tren-bidaia bat egin aurretik edo ondoren bakarrik erabili ahal izango da. Bizikletak aparkatzeko gehieneko denbora ondoz ondoko lau egunekoa izango da. Epe hori igarotakoan, trenbideko euskal operadoreak lapurretaren aurkako sistema baliogabetu eta bizikleta kendu ahal izango du, aparkaleku hori beste pertsona batek erabili ahal dezan. Bi hilabeteko epean, bertatik kendutako bizikleta gizarte erakunde bati edo irabazi asmorik gabeko erakunde bati eman ahal izango zaio.

Instalazioak erabiltzeko ordutegia tren-zerbitzu komertzialaren ordutegia izango da. Bizikletentzako aparkalekua erabiltzeko baimenaren epealdia urtebetekoa da, txartela erregistratzen den egunetik kontatzen hasita; beraz, urtero berritu beharko da. Berritze horrek ez du inolako erlaziorik izango garraio-tituluen (Mugi, Barik edo Bat) iraungitze-datarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Seoane