Berriak Herrizaingoa
Eu

EAEko errepideetatik pasatuko diren Espainiako Itzuliko etapetan, Ertzaintzako motor-gidariak arduratuko dira txirrindulariak laguntzeaz

2011.eko uztailak 07

Aurtengoa izango da Guardia Zibilak Itzuliko txirrindulariak lagunduko ez dituen lehen aldia

Aurtengo Espainiako Itzulian EAEtik igarotzen diren etapetan Ertzaintzak izango du txirrindulariak babesteko ardura. Txirrindularitzako hiru proba nagusietan (Tourra, Giroa eta Espainiako Itzulia), polizia kidego bereko kideek egiten dituzte txirrindularien ondoan lasterketa guztiak. Aitzitik, aurtengo Espainiako Itzuliaren barruan Bilbo eta Gasteiz artean egingo den lasterketan Ertzaintzako motor-gidariek egingo dituzte zainketa lanak. Hori bai, aurreko eguneko etapan, Bilbon bukatzen bada ere, eraginkortasuna dela eta, Guardia Zibileko motor-gidari talde txiki batek lagunduko ditu txirrindulariak eta, Kantabriako muga igaro ostean, Ertzaintzakoak lotuko zaizkie.

Etapaka egiten diren hiru proba nagusietan (Tourra, Giroa eta Espainiako Itzulia), polizia kidego bereko motor-gidariek egin ohi dute txirrindulariak laguntzeko lana ibilbide osoan zehar. Horrela, lasterketa beste herrialde batean edo trafiko esparruan eskuduntza propioak dituen erkidego batean, EAEn esaterako, sartzen denean, kidego horretako agenteak laguntzaz arduratzen jarraitzen dute. Nolanahi ere, kasu horietan, tokian-tokiko poliziako motor-gidariek sorospen lanak egin ohi dituzte. Prozesu hau erabili zuten, esaterako, 1992ko Frantziako Tourreko etapa bik Gipuzkoako errepideak igaro zituztenean.

Espainiako Itzuliak, orain arteko edizio guztietan lan egiteko modu bera erabili du: Guardia Zibileko motor-gidariak arduratu dira txirrindulariekin lasterketak egiteaz honen ibilbide osoan zehar, etaparen bat Frantziako bideetan edo trafiko alorrean eskuduntza propioak dituen erkidegoetan (Katalunia, esaterako) sartu izanda ere.

Polizia kidego ezberdinen arteko akordioa

Orain dela hilabete, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko eta Barne Ministerioko buruak Madrilen bildu ziren. EAEtik igaroko diren aurtengo Espainiako Itzuliaren etapen xehetasunak aztertzea zen bileraren helburua. Bertan, eta Eusko Jaurlaritzak trafikoko eskuduntza propioak dituela kontuan hartuta, Ertzaintzak lasterketa horietan txirrindulariak laguntzeko konpromisoa hartu zuen. Guardia Zibilarekin batera lan egiteko asmoa erakutsi zuten, Itzuliko parte-hartzaileen erabateko babesa ziurtatzeko.

Adostutakoaren arabera, Guardia Zibila arduratuko da, Kantabria eta Bilbo lotuko dituen lehenengo etapan txirrindulariak laguntzeaz. Baina, muga igarotzean, motor-gidari talde txiki batek jarraituko du lan horietan. Hauek, txirrindulariengandik hurbilen egongo dira eta gainerako taldeen lekua Ertzaintzako motor-gidariek hartuko dute. Horrez gain, Ertzaintzako agenteek hiritarren segurtasunerako operatiboa abiatuko dute txirrindularien eta beren laguntzaileen erabateko segurtasuna bermatze aldera.

Bigarren etapa Bilbo eta Gasteiz artean egingo da eta EAEko errepideetatik soilik egingo denez, Ertzaintzak egingo ditu bakarka txirrindularien laguntza lanak. Horrela, Espainiako Itzuliko historian lehenbizikoz, ez dira Guardia Zibileko agenteak izango txirrindularien alboan doazenak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko