Artolazabalek VOXi gogorarazi dio ETAko presoei tratu ezberdina ematea legearen kontrakoa eta “prebarikazio-delitua” izango litzatekeela

2021-04-30
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Amaia Martínezek Legebiltzarrean egindako interpelazioari erantzun dio, eta “errealitatea desitxuratuz bazterrak nahastea” salatu dio bere alderdiari

Vitoria-Gasteiz, 2021/04/30

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur Legebiltzarrean adierazi du “ETAko kide gisa terrorismo-delituak egin dituzten eta preso dauden pertsonei ematen zaien espetxe-tratamendua beste delitu batzuengatik espetxeratuta dauden gainerako pertsonei ematen zaien berbera izan behar” dela. Gainera, Artolazabalek gogorarazi du “jarduketa guztiak, baita Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen dituenean ere, epaitegiek eta auzitegiek kontrolatuko” dituztela “eta, bereziki, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak”.

Artolazabalek Voxen ordezkariari, Amaia Martínezi, esan dizkio hitz horiek, espetxe-baimena duten presoen baldintzei eta tratuari buruzko erantzuna eskatu baitzuen Legebiltzarrean. Martínezek zalantzan jartzen zuen ea ETA talde terroristako presoei gainerako presoen tratu bera eta baldintza berberak ziurtatuko zitzaizkien.

Alde horretatik, Beatriz Artolazabalen erantzuna irmoa izan da: “Bai, legea zorrotz betez; ez dago beste aukerarik, beste zerbait egitea prebarikazio-delitu bat egitea izango bailitzateke”. Sailburuak Zigor Kodean eta Espetxeei buruzko Lege Organikoan oinarritu ditu bere hitzak, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak espetxeak bere gain hartzen dituenean “eskumena legea zorrotz betez gauzatuko” duela. “Komeni da gogoan izatea Espetxeen Erregelamenduan honako hau ezartzen dela hitzez hitz: Espetxe jardueraren helburu lehena askatasun gabetzen duten zigorrak eta segurtasun-neurriak ezarri zaizkien pertsonak berriz heztea eta bergizarteratzea da”, erantsi du.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaitzetsi du Voxen helburu bakarra errealitatea desitxuratuz eta indarrean dagoen legeria bihurrituz bazterrak nahastea dela, eta, aldi berean, Amaia Martínezi adierazi dio ez dela “gai teknikoak argitu nahi” zituela pentsatzeko bezain “inozoa”.  

Amaitzeko, Artolazabal sailburuak Voxi gogoratu dio presoek Espainiako Konstituzioan aitortuta dauden eskubide batzuk dituztela. “Irmoak gara, eta aurrerantzean ere hala izango gara, giza eskubideak babestean eta sustatzean”, adierazi du, eta “presoei dagozkien eskubideak errespetatzea ezin da biktimen aurkako bidegabekeriatzat hartu”, argitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak