Artolazabalek azpimarratu du etxerik gabeko pertsonentzako Covid funtseko jarduketak haiengana iristeko aukera bat izan direla

2021-04-30
  • Ia 700 pertsonak hasi dute gizarteratzeko ibilbide bat Lehen Urratsa programaren bidez
  • Sailburuaren esanetan, Euskadin “desberdintasunaren aurkako horma eraginkor bat izan dugu”

Vitoria-Gasteiz, 2021/04/30

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean gaur esan du pandemiaren hasieran ezarritako konfinamenduak eta Espainiako Gobernuaren erabakiz pentsioak eta hotelak itxi izanak ehunka pertsona utzi zituztela kalean, “baina pandemiak etxegabetasunean eragin nabarmena izan duen arren, berez aukera bihurtzen ahalegindu gara”, erantsi du.

Berdintasuneko sailburuak gaur erantzun dio Elkarrekin Podemos alderdiko Isabel Gonzálezek Legebiltzarrean egindako interpelazioari, etxerik gabeko pertsonek euren eskubideak gauzatu ahal izateari buruzkoari. Artolazabalek balioetsi du Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsak sustatutako programek etxerik gabeko pertsonengan izan duten eragin positiboa. Horrela, gogorarazi du konfinamenduak kalean bizi ziren pertsonak banan-banan, izen-abizenekin, identifikatzeko aukera eman zuela, ia guztiak Aterpeak dispositiboetan artatuta baitzeuden. Horrez gainera, konfinamendua amaitu zenean, aterpetxeetan hartuta zeuden pertsona guztiei eskaini zitzaien ordezko ostatua Lehen Urratsa programaren bidez, bai eta oinarrizko beharrei erantzuteko prestazio bat jasotzeko aukera ere Azken Sarea Indartzen programaren bidez.  

Ia 700 pertsonak onartu zuten eskaini zitzaien aukera, eta une hauetan Lehen Urratsa programan ematen zaie arreta, sailburuak adierazi duenez. “Harro gaude ehunka pertsona, berriz kalera itzulita, bazterketa larrian jaustea eragotzi ahal izan dugulako”. Ostatu aukera horri eta lagun egite prozesuari esker, arreta ematen zaien pertsona horiek prozesu jarraituagoa izan dezakete gizarte-erakundeekin. Eta lehen arreta kalean ematen zuten gizarte-erakundeek orain pentsioetan edo aterpetxeetan eman dezakete arreta hori, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei gizarteratzeko aukera berriak eskainiz.

Beatriz Artolazabalek azpimarratu du, bestalde, 2018-2021 aldiko Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia tresna egokia dela etxegabetasunari erantzuna emateko sistema hobetzeko, “eta ez gizarte-zerbitzuetatik bakarrik”. Horrela, gogorarazi du estrategia integrala dela, egoitza-bazterkeria larrian dauden pertsonei eragiten dieten arazo guztiei erantzuten diena, eta aldi baterako egoitza-zerbitzuek eta eguneko nahiz gaueko harrera-zerbitzuek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea ez ezik inguru irekian esku hartzeko zerbitzua ere hobetzea dela helburua. Estrategiak, aldi berean, bermatzen du Gizarte Zerbitzuen Mapa eta Katera behar bezala garatuko direla. “Estrategia eta bere garapena inoiz baino presenteago daude gure jardunean 2020ko martxoaz geroztik”, adierazi du.

Inoiz ez bezalako egoera

2020ko martxoaren 14an, pandemiaren hasieran dekretatutako konfinamenduarekin, Pedro Sánchezen Gobernuak erabaki zuen pentsioak eta hotelak ixtea, eta ehunka pertsona utzi zituen kalean. “Egoera larria genuen aurrean, eta premiazko erantzuna eman behar zitzaion. Erantzun hura Eusko Jaurlaritzan genuen esperientziari eta gainerako administrazio publikoekin eta hirugarren sektore sozialeko erakundeekin batera, aurretik egiten ari ginen lankidetza-lanari esker antolatu ahal izan genuen”, azpimarratu du Artolazabalek. Sailburuak adierazi du lehenengo lerroan jarraitzen zuten gizarte-erakundeen laguntza “funtsezkoa” izan zela sortzen ari zen eta erantzun bat eskatzen zuen errealitatea ezagutzeko. “Euskadin desberdintasunaren aurkako horma eraginkor bat izan dugu”.

Beatriz Artolazabalek azaldu du Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esparruan Gizarte Politiketako Sailburuordetzak bazterketaren aurkako batzorde bat aktibatu zuela gizarte-erakunde horiekin lankidetzan, hain zuzen ere, kalean, baliabiderik gabe, bakarrik eta oinarrizko beharrak ziurtatuta izan gabe geratu ziren kolektibo guztiei arreta emateko. Horretarako, udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen, besteak beste, Etxebizitza eta Osasun sailen, laguntza izan zuen.

Puntu honi dagokionez, sailburuak azpimarratu ditu “hilabete hauetan etxerik gabeko dozenaka gazte, zailtasunak dituzten hainbat eta hainbat emakume, gaixotasun mentalak eta adikzioak dituzten hainbat pertsona… arrakastaz egiten ari diren ibilbideak”. Eta, azkenik, nabarmendu du hainbat gizarte-erakundek egindako goraipatzeko moduko lana, eta aipatu ditu Bizitegi, Ellakuria, Peñascal, Hiesaren aurkako batzordeak (Bizkaisida eta Sidalava), Zabalduz, Cáritas, Arrats, Erain, Gizakia Fundazioa, Agipad, Etorkintza, Jeiki Fundazioa, eta gizarte-bazterketaren eta etxegabetasunaren aurka borrokan ari diren beste dozenaka gizarte-erakunde.

2 iruzkin
  • 2021-05-01

    Konfiantza-sare gehiago sustatzea, gatazkak nagusi direnean, zulotik ateratzen lagundu beharrean oztopoak jartzen direnean edo ez-betetzearen sarearen eredu txarra kopiatzen denean, erantzukizunik hartu gabe, baita gainerakoei beren etorkizunaren errua egotziz ere.

  • 2021-05-01

    Potenciar más redes de confianza cuando la conflictividad reina en vez de ayudar a salir del bache se pongan obstáculos o copiar el mal ejemplo de la red del incumplimiento sin asumir responsabilidades siquiera culpando a los y las demás de su porvenir.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak