Javier Hurtado sailburuak: “Euskadik tresna guztiak ditu zikloturismoaren erreferente bihurtzeko”

2021-05-05
  • Javier Hurtado sailburuak Euskadiko I. Zikloturismo Foroa aurkeztu du, besteak beste, herritarrentzako jarduerak eta enpresen networking bat ere eskaintzen dituena, Gasteizen, maiatzaren 10etik 16ra

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du Euskadiko I. Zikloturismo Foroa, Zikloturismo Astearen barruan, zeina abiapuntua izango den Euskadiko zikloturismo-estrategia bultzatzeko. Prentsaurrekoan, sailburuarekin batera, ekitaldiaren laguntzaile den Gasteizko Udaleko alkateorde eta Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maider Etxebarria izan da. 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Erresistentzia Plana ekarri du gogora sailburuak, 107 milioi baino gehiagorekin, eta laguntza arrunten deialdiak ari zaizkie gehitzen, zeinak ia beste 8 milioi emango dituzten 2021ean. “Turismoari zuzendutako 3 laguntza-programak martxan daude dagoeneko eta etorkizuneko suspertze-prozesuan sartzen dira, lurraldeetako turismo-proiektuei, ekintzailetzari eta produktu turistikoen merkaturatzeari eta sustapenari zuzendutako laguntzekin. Eta prozesu horretan, gainera, kontuan hartzekoa da ez dela baztertu behar Euskadiren sustapena helmuga turistiko seguru eta erakargarri gisa, ezta foro eta ekitaldi profesionalen antolamendua ere, kalitateko turismoan Euskadiren posizionamendua indartze aldera”. 

Ildo horretan kokatzen da Euskadiko I. Zikloturismo Foroa, Vitoria-Gasteizen, maiatzaren 12tik 14ra. Profesionalen elkarraldi bat izango da, eremu nazionalean eta internazionalean erreferente diren enpresekin eta helmugekin ekimenak partekatzeko.

Foro profesional honekin batera jardueren programa bat eskainiko da maiatzaren 10etik 16ra bitarteko astean herritarrentzat, baita networking gune bat ere, enpresek, agenteek eta helmugek konektatu eta kontaktatu ahal izateko, eta horrela zikloturismoaren segmentuari loturiko etorkizun bat eraikitzen hasi ahal izateko.

Euskadiko zikloturismo-estrategia

Euskadiko I Zikloturismo Foroa kongresu profesional bat da, txirrindularitzan tradizio luzea eta ospea duen lurralde batean. Hiru egun horietan, zikloturismoko adituak eta profesionalak izango dira kongresu honetan, besteak beste, Bide Berdeen Europako Elkartearen zuzendaria, Eurovelo sareko koordinatzailea Espainian, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko eta Turismoko Estatu Idazkaritzako ordezkariak, zikloturismoari loturiko hainbat erakunde eta enpresez gain.

“Estrategia bat indartzea da gure helburua, Euskadi naturako eta zikloturismoko helmuga gisa kokatzeko, eta tresna ugari ditugu hori lortzeko: txirrindularitzako tradizio luzea, arrakasta kirolaren arloan, azpiegitura onak, BTT zentroen sarea, bide berdeen sarea edo hiriburuetako gero eta mugikortasun handiagoa bizikletaz. Datozen urteetan hazkunde-progresio handiena izango duen sektoreetako bat da, turismo jasangarri bat garatzeko funtsezkoa. Gainera, adituek diotenez, naturako turismoa turisten motibazio nagusietako bat izango da pandemiaren ondoren bidaiatzeko”.

Horregatik, sailburuak azaldu duenez, “bultzada honekin ezarriko ditugu bizikletako turismoari lotutako estrategia sendo bat indartzeko oinarriak, Euskadiko Zikloturismo Sarea sortuta sektorearen integrazioa bultzatuz”.

Amaitzeko, zikloturismoak duen garrantzia nabarmendu du sailburuak, naturarekin eta ekoturismoarekin loturiko produktuen alde Euskadik egina duen apustuaren barruan. “Zikloturismoak Euskadiren apustu turistikoaren hainbat alderdi jasotzen baititu. Bide berdeak erabiltzen diren lekuetan, horrek adierazten du erabiltzen ez diren espazioak aprobetxatzen direla, eta balioan jartzen direla gure ondare eta memoria industriala. Gainera, sustatu egiten du turismo aktiboa, ingurumenaren errespetuarekin eta naturarekin lotura handiagoa duena. Eta, azkenik, indartu egiten ditu turismoaren jasangarritasunaren funtsezko 3 oinarri: turismoa lurralde osotik banatzea, egonaldia luzatzea eta desestazionalizazioa, fluxu gutxien jasotzen duten inguruak, barneko turismoa eta gutxien ezagutzen diren baliabideak bultzatuz”.

Asmoa da “bultzatuko den turismoa berme bat izatea garapen orekatu bat lortzeko, ondarea babesteko, tokiko ekonomiari laguntzeko eta, funtsean, turista helmugan inplikatzeko. Turismo jasangarri bat, herrialdearen aberastasunean lagunduko duena, ekonomiaren ikuspegitik ez ezik, kulturaren eta bizi-kalitatearen ikuspegitik ere”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak