Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak pirateriaren aurkako eta arrantzagune berriak bilatzeko europar segurtasun-politika bateratua eskatu dio Durao Barrosori

2009.eko urriak 06

Alakrana ontziaren bahiketa presente egon da gaur goizean Bruselan Europako Batzordeko lehendakariarekin izandako bileran

Patxi López lehendakariaren eta Europako Batzordeko lehendakari José Miguel Durao Barrosoren arteko bilera ezohikoa da; izan ere, europar politikariak ez du ohiturarik erregioetako lehendakariekin biltzeko.

Brusela izan da Patxi López lehendakariak atzerrira egin duen lehen bidaia ofizialaren norakoa. Han, López Europako Batzordeko lehendakari José Miguel Durao Barrosorekin elkarrizketatu da, eta hari eskatu dio pirateriaren aurkako eta arrantzagune berriak bilatzeko europar segurtasun-politika bateratua. "Alakrana" ontziaren bahiketa presente egon da Durao Barrosorekin izandako batzar honetan; lehendakariak bere kezka helarazi dio europar lehendakariari Indiako Ozeanoko nazioarteko uretan arrantzan diharduten euskal atun-ontzien segurtasunaz, somaliar piraten mehatxua jasaten ari baitira itsasontzi horiek.

Lehendakariak adierazi du bere gobernuak "modu positiboan" balioesten dituela Espainiako Gobernuak "Atalanta" dispositiboaren bidez abian jarri dituen segurtasun neurriak, nahiz eta arrantzontzien segurtasuna handitzen lagunduko duten beste neurri batzuk hartzea ere aldezten duen.

Bere iritziz, "estatuek ezin dezakete planteatu politika propiorik; nazioarteko itsasoak babesteko politika orokorra izan behar da". Horretarako, EBri eskatu dio "pirateriaren aurkako segurtasun-politika bateratua" bultza dezala, bai eta "arrantzagune alternatiboak adosteko beste herrialde batzuekin akordioak bilatzeko politika aktiboa ere, orain arte geldituta egon baita politika hori".

Europazaletasuna

Eusko Jaurlaritzako buruak adierazi du, era berean, Euskadik Europako erakundeetan presentzia handiagoa izatea nahi duela, bere europazaletasunarekin bat etorriz. Seihileko honetan, Euskadik Ingurumen Kontseilua koordinatzen du eta, beraz, Kopenhageko goi-bileran izango da. EBren Lehendakaritza izango duen seihilekoan, 2010ean, hainbat gertaera garrantzitsuren egoitza izango da. Lehendakariak Barroso berariaz gonbidatu du halakoren batera etortzeko, eta EBko Lehendakariak modu berezian eskertu du.

Gero, Lehendakaria, Europako Batzordearen egoitzara joan da, Joaquín Almunia Ekonomia eta Finantza Gaietako komisarioarekin eta José Miguel Durao Barroso Europako Batzordearen lehendakariarekin biltzeko. Ezohiko bilera izan da, europar politikaria ez baita normalean erregioetako lehendakariekin biltzen.

Bestetik, Barrosok modu berezian zoriondu du Lehendakaria, terrorismoa deslegitimatzeko politikarengatik eta euskal gobernuak zigorgabetasun-espazioen kontra egindako borrokarengatik. "Garrantzitsua da, arlo honetan, Europatik laguntza jasotzea" esan du López lehendakariak, "Europan ere ez dadin izan zigorgabetasun-espaziorik ETAren sarearentzat".

Euskal enpresariakHitzordu garrantzitsu eta historiko honen agendan izan dira esnearen sektorearen egoera, gizarte-politikei aurre egiteko Europako Erkidegoaren aurrekontua ez murrizteko apustua edo Lisboako Tratatua -"zure agintaldian, Erregioentzat eta toki agintarientzat Tratatu honetan jaso diren lorpen garrantzitsuak bultzatzeko eskatzen dizut"-. Lehendakariak eguna aprobetxatu nahi izan du euskal enpresari batzuekin biltzeko. Euskal enpresek europar merkatuan sartzeko, banatzaileak bilatzeko edo kanpo-merkataritzaren esparruan ekintzak martxan jartzeko dituzten zailtasunei eta erronkei buruz hitz egin dute. Ordubete inguru egon dira, eta bertan izan dira SPRIk Beneluxen dituen ordezkariak, Iberdrola, MCC, Innobasque, ACICACE, BBVA eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteko ordezkariak.

+ EUSKADI 09

Ekonomia eta Finantza Gaietako europar komisarioarekin, Joaquín Almuniarekin, nabarmendu du Jaurlaritzak krisi ekonomikoari aurre egiteko hartu dituen neurri ekonomikoak bat datozela Europako Kontseiluak onartutako Ekonomia Bultzatzeko Europako Planarekin. Plan horren arabera, batetik, kontsumoa bultzatzeko eta konfiantza sortzeko neurriak hartu behar dira eta, bestetik, epe luzera enpresen lehiakortasuna sendotuko duten planak ezarri, gastua inbertsio inteligenteetara bideratzeko. Jarraibide horiek Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onartutako "+ Euskadi 09" planean jasota daude.

López lehendakariarekin batera izan dira Kanpo Ekintzarako idazkari nagusia, Guillermo Etxenique, eta Europako Gaietarako zuzendaria, Irune Aguirrezabal.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria