Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Olatuen bidez energiaz hornitzen duen Europako lehen planta dugu Euskadin jadanik

2011.eko uztailak 07

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euro inbertitu ditu itsas energia proiektuan

Patxi López lehendakariak inauguratuko du ofizialki itsas instalazioa, izaera erakuslea duena eta energia-iturri berriztagarri horretaz baliatzen diren beste instalazio batzuk sustatu nahi dituena. Portugalen eta Eskozian antzeko ezaugarriak dituzten bi instalazio daude, ikerkuntzara zuzenduak gehienbat, eta ez energia ekoiztera, Mutrikukoa bezala. Plantak 296 kW-eko potentzia du eta urtean 600.000 kWh ekoitziko dituela espero da, 600 pertsonaren kontsumoaren baliokidea dena; instalazioaren ekoizpen berriztagarriak basoko 80 hektareak dakarren onura bera izango du.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lópezek Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko planta inauguratuko du bihar, hilak 8. Europan, itsasoko olatuez baliatuta, energia elektrikoa ekoitziko duen lehen energia-instalazioa, hain zuzen ere. Instalazio berritzaile horrek, munduan erreferentea denak, itsas energiaren alorrean garapen berriak jorratzeko aukera emango du eta, aldi berean, aberastasuna eta enplegua ekarriko dituen sektore produktibo berri bat sortzea ahalbidetuko du.

Mutrikuko energia-instalazioa, funtsean, Eusko Jaurlaritzaren bi sailen artean egindako lan bateratuaren emaitza da. Izan ere, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak abian jarri zuen Mutrikuko kaia babesteko dike berriaren eraikuntzaren harira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, aukera interesgarria ikusi zuen energia ustiatzeko bertan, era berriztagarrian ustiatu ere. Hala, instalazioa jarri zen dike berrian, berton jotzen duten olatuen energiaz baliaturik energia elektrikoa sortzeko xedez, eta bide batez, portuko lan garrantzitsu horri balio erantsi handia ekartzeko baliagarria.

Mutrikuko energia-instalazioak OWC (Oscillating Water Column ingelesezko siglez edo ur-zutabe kulunkaria) deritzon teknologian oinarritzen da, Voith Hydro taldekoa den Wavegen konpainia eskoziarrak egokitua. Gaur egun, olatuen energia ustiatzeari begira, merkatuan dauden teknologien artean helduenetarikoa da. Instalazioan diren turbinak, berriz, Voith Hydro Tolosa euskal enpresak fabrikatu ditu, Gipuzkoako herri horretan duen lantegian, hain juxtu ere.

Mutrikuko itsas instalazioa Espainian eta Europa Kontinentalean sare elektrikora konektatzen den lehena da. 16 kamera-turbina ditu eta guztizko potentzia instalatua 296 kW-ekoa da. Dituen ezaugarriak direla eta Europa osoan aitzindaria den plantak erakutsi nahi du energia berriztagarri horren ahalbide handia eta horrexegatik, hain zuzen ere, instalazio erakuslea dela esaten da. Nolanahi ere, erakutsi ez ezik, ekoitzi ere egingo du: urtean 600.000 kWh, aurreikuspenen arabera, 600 pertsonaren elektrizitate premiak asetzeko beste energia dena. Era berriztagarri eta garbi horretan sortuko den energiari esker, urtean 600 tona CO2 ez aireratzea lortuko da, basoko 60 hektarearen ingurumen onuaren baliokidea.

Proiektuaren guztizko inbertsioa 6,7 milioi eurokoa izan da; horietatik 2,3 energia-instalazioari dagozkio. Nabarmentzekoa da, itsas energian, Europa osoan Mutrikukoa izan dela egitasmo bakarra laguntza jaso duena Europako Batzordetik, 6. esparru programaren bidez. Gainera, gaur-gaurkoz, Europa Kontinentalean olatuez baliatzen den instalazio bakarra da funtzionamenduan.

Euskadiko energia estrategia berriztagarrien alorrean, 2020 urteari begira

Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko instalazioa merkaturatze aurreko planta da eta haren helburu nagusia da horrelako instalazioen bideragarritasuna probatzea eta ezagutaraztea, energiaz hornitzeko iturri gisa.

Itsasoko energiak energia potentzial handia du, baliabidearen ugaritasunaren ondorioz. Euskadik, zehazki, olatuen potentzial ertain-handia du, 24 kW/m-koa, gutxi gorabehera.

Energia potentzial horretaz gain, itsasoaren ezaugarriak ere lagungarriak dira horrelako instalazioak kokatzeko gure kostaldean.

Eusko Jaurlaritzak itsas energiaren garapenaren aldeko apustu sendoa egin du; izan ere, Euskadik industrian, itsasontzigintzan eta ikerkuntzan duen maila handiak biziki lagundu dezake energia-iturri berriztagarri horren garapenean. Euskal kostaldean olatuen energia baliabidea egokia eta bideragarria izatearekin batera, industria ehuna aproposa eta maila handikoa denez, itsas energiaren alde egiteak etorkizunaren aldeko apustua egitea dakar,  hazkunde handia izango duen sektore produktibo berria sortzeko bidean. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, gure gizarteari ezagutza, aberastasuna eta enplegua ekarriko dizkioten sektore produktibo berriei ateak irekiko dizkie.

Ildo horretatik, itsas energiaren alorreko egitasmo nagusienetakoa bimep (Biscay Marine Energy Platform) dugu: Gaur egun, garapen fasean dagoen instalazio hori gailuak probatzeko eta entseguak egiteko zentro bat izango da. Hala, Armintzaren kostaldearen aurrean kokatuko den energia-instalazio horrek olatuak kaptatzeko itsas teknologien inguruko probak eta saioak egitea ahalbidetuko du itsaso zabalean. Hartara, bimepek bilduko ditu gune bakarrean garapen teknologiko berritzaileenak eta puntako enpresak itsas energiaren arloan. Azken finean, itsas energiaren I+G alorra sustatzeko gune ezin egokiagoa, eta ezagutza ekartzeaz gain, sektore produktibo berri baten abiapuntua ere izango dena.

 

 

 

3 iruzkin
  • @MiriamSBrichs
    2011.eko uztailak 08

    Comentario de Twitter:
    L'inici d'un altre pas endavant RT @Irekia Energía eléctrica creada por olas dl mar ¿futuro? En Euskadi ya es presente: http://t.co/vY8SkTc

  • @aitorgere
    2011.eko uztailak 08

    Comentario de Twitter:
    Euskadi dispone ya de la primera planta europea que suministra energia a traves de las olas http://t.co/ITdaeKi

  • @jakintza
    2011.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Olatuen bidez energiaz hornitzen duen Europako lehen planta dugu Euskadin jadanik . http://bit.ly/nHirsH

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)