Euskal Autonomia Erkidegoak indartu egiten ditu ekosistema eta ekintzailetzaren finantzaketa, eraldaketa ekonomikoaren eta sozialaren palanka gisa (Gobernu Bilera 2021-4-27)

2021-04-27
  • Eusko Jaurlaritzak 2024 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Plana onartu du, enplegu-balioa eta -kalitatea emateko ekosistema erakargarria sendotzeko erronkarekin
  • Ekintzailetza-prozesuaren etapa guztietarako 259 milioi eta 130 milioi euro gehigarriko inbertsio zuzena proiektatu du
  • Euskal Autonomia Erkidegoa 2020 Impact Hub indizearen buruan dago. Indize horrek Estatu osoko ekintzailetza-ekosistemen kalitatea neurtzen du

Gaurko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko 2024 Ekintzailetzako Erakunde Arteko Planari, eta Eusko Legebiltzarraren ekainaren 28ko 16/2012 Legean ezarritako aginduari erantzuten dio. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak plan berria egin du 2021etik 2024ra bitarteko aldirako. Plan horrek gaur egun duen garrantzia izenak berak adierazten du: EEP 2024 Gure Ekonomia Eraldatuz – Euskal Ekintzailetzaren Ibilbide Orria.

Herri Plan bat, arlo publikoaren eta pribatuaren eta erakunde arteko lankidetzarekin

Erakunde arteko plana da, Sailen artekoa, eta eragile publiko eta pribatuen lankidetzari irekia. Plana prestatzen parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek, hiru Foru Aldundiek, hiru euskal hiriburuetako Udalek, EUDELek eta GARAPENek, gainerako toki-erakundeen eta garapen-agentzien ordezkari gisa, baita EAEn ekintzailetza egunero babesten duten eragile publiko-pribatu nagusiek (finantza-eragileek, eragile inbertitzaileek, enpresa-eragileek, hezkuntza-eragileek eta eragile sozialek) ere.

Erkidego-, lurralde-, eskualde- eta toki-mailan, dagoeneko 100 eragile publiko eta pribatu baino gehiago ari dira proiektu ekintzaileak sustatzen eta babesten haiek prestatzeko etapa guztietan. Sare publiko-pribatua da, gero eta osatuagoa, dinamikoagoa, konektatuagoa eta komunitate ekintzaileak berak gero eta baloratuagoa.

Oinarri eta emaitza egiaztatuak dituen ekosistema

Esan dezakegu gure EKOSISTEMAK gaur egun diziplina anitzeko hainbat gaitasun dituela ekintzailetzaren zerbitzura. Araudi-, zerga- eta erakunde-esparru sendo eta fidagarri baten gainean egituratzen diren profesional, zerbitzu, finantzaketa, sare, azpiegitura, laguntza- eta hedapen-programa eta abarren multzo bat.  Ekimen ekintzaile berri askoren jatorri eta helmuga gisa, enpresa-, industria- eta teknologia-sare bat eta prestakuntza- eta kohesio-maila handiko gizarte bat izateak duen garrantzia ahaztu gabe.  Arreta berezia merezi dute azken 8 urteetan sortutako oinarri teknologikoko 779 enpresa berritzaile berri baino gehiagok (3.422 enplegu), besteak beste, industria, IKT, biozientziak-osasuna eta energiaren sektoretan.

Ekintzailetza-prozesuaren kolektibo, tipologia eta etapa guztiak barne hartzen ditu, mikroekintzailetzatik oinarri teknologikoko ekintzailetza berritzaileraino, kultura ekintzailea belaunaldi berrietan sortzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ekintzailetzarako leku erakargarri gisa kokatzea ahaztu gabe. 

EEP 2024: 11 erronka + 9 ARDATZ + lehentasunezko 35 erronka + 776 ekintza

EEP 2024k EAEko eragile publiko nagusien ekintzailetza babesteko konpromisoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta gizartea eraldatzeko ahalegin partekatu gisa. 2030ari begira, gure ekosistemaren 11 erronka proposatzen ditu:

  1. Ekintzailetza Herriaren lehentasun gisa
  2. Espezializazioa industria adimendunean
  3. Ekintzailetzako eginkizun berriak
  4. Ekonomia-sarea eta enplegua berritzea
  5. Talentu ekintzailearen "harrobia"
  6. Ahalmen handiko proiektuak "eraikitzea"
  7. Baterako inbertsio publikoa eta pribatua
  8. Zerga-sistema ekintzailetzaren zerbitzura
  9. Ekintzailetza teknologiko eta industrialeko polo gisa kokatzea
  10. Ekosistema sofistikatzea
  11. Konplexutasunaren eta ziurgabetasunaren aurrean egokitzea

2030ari begira jarritako erronken esparruan, 2021-2024 aldirako euskal ekosistemak dituen lehentasunezko 35 erronken zerrenda bat planteatu da, erronka horien erresilientzia handitzeko, laguntza-prozesuak eta -dinamikak eraginkortasun handiagoz antolatzeko eta ekintzailetzaren ahalmena hurrengo urteetan susperraldia gertatzeko palanka gisa ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Gainera, 9 jarduketa-ardatz (Kultura eta Balioak; Giza Kapitala; Ekintzailetza-ideien Iturriak; Finantzaketarako eta Inbertsiorako Sarbidea; Merkaturako Sarbidea; Laguntza Programak, Zerbitzuak eta Prozesuak; Fiskalitate eta Araudi Bideratzaileak; Azpiegitura Adimendunak; Ekosistema), 41 lan-ildo eta 776 ekintza (horietatik % 87 ekosistemako 2 eragile edo gehiagoren arteko lankidetza bidez garatuko dira) jaso dira.

Lankidetza-dinamika hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta hedatzeko, EEP 2024ren eragile sustatzaileek konpromisoa hartu dute plan hau prestatzeko prozesuan egindako hausnarketen eta ekarpenen ondorioz sor daitezkeen baterako proiektu berrien sorta gehiago abian jartzeko. Hona hemen proiektu horietako batzuk: Ekintzailetzaren Euskal Ekosistemaren Aholku Batzordea sortzea; Ekintzailetzako Euskal Ekosistemaren Mapa edo Euskal Ekosistemaren Bilakaeraren Adierazle Sintetikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Aholku Batzorde erkide batean parte hartzen duten gobernantza abian jartzeak eraginkortasun handiagoa emango dio Eraldaketa Digitalaren 2025 Estrategian aurreikusitako elkarreragingarritasun-plataformari, eta aukera emango die ekintzaileei administrazio-izapideak arintzeko eta, adibidez, enpresa berri bat 48 orduko epean eratzeko.

Aurrekontua indartzea, 389 milioi euroko zuzeneko eta zeharkako finantzaketarekin

2021ean Planari zuzenean lotutako aurrekontua 70,23 milioi eurokoa da, 2020an baino % 22 gehiago. Horrek berretsi egiten du erakundeen artean ekintzailetza kalitatezko enplegua sortuko duen suspertze ekonomikoaren palanka gisa sendotzearen aldeko apustua, batez ere aukera-sektoreetan, eta eredu jasangarriago eta kolaboratiboagoen pean. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 33 milioi eurotik gorako gastua egiten da (2018ko datuak), ekintzailetzarekin zuzenean lotuta dauden eta euskal Foru Ogasunek PFEZean eta Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen dituzten kenkariei, salbuespenei eta gainerako zerga-neurriei dagokienez. Plana XII. Legegintzaldira estrapolatzeak 389 milioi euroko ahalegin ekonomikoa suposatuko luke. 259 milioi euro inguruko guztizko aurrekontua esleituko zen, eta kopuru horri 130 milioi euro, gutxi gorabehera, gehituko litzaizkioke laguntza fiskaletatik.

Euskal Autonomia Erkidegoa Impact Hub-en 2020 Indizearen buruan

Azpimarratzekoa da Estatu-mailan ekintzailetza-ekosistemen kalitateari eta inpaktuari buruzko azterketa berri batek (Impact Hub-en 2020 Indizea) Araba lehen postuan jartzen duela, Gipuzkoa hirugarrenean eta Bizkaia seigarrenean. Dimentsio anitzeko azterketa da —Nazio Batuen 17 Garapen Jasangarriko Helburuak erabiltzen ditu esparru gisa—, eta politika publikoek sare horiek indartzeko duten garrantzia azpimarratzen du, baita erresilientziatik eta jasangarritasunetik ekonomia bultzatuko duen kalitatezko ingurune ekintzailea izateko beharra ere. Azterketa hori gure sarearen kalitatearen beste froga bat da. Eta akuilu bat ere bai, haren bilakaera elkarlanean eta koordinatuta sustatzen jarraitzeko.

Azkenik, azpimarratu behar da ekimen berriak abian jarri direla etengabe eta eragile berriak agertu direla —publikoak, pribatuak eta publiko-pribatuak—, euskal ekosistemaren dinamismoa erakutsiz, baita eragile instituzional, ekonomiko eta sozial askok ekintzailetzarekiko duten gero eta interes handiagoa ere. 

Faktore horiek, gure sarearen egungo kalitatearekin eta honek hobetzeko duen etengabeko jarrerarekin batera, ezinbestekoak izango dira datozen urteetan. Izan ere, urte horietan, ekintzailetzak funtsezko palanka izan behar du kalitatezko enplegua sortzen duen suspertze ekonomikorako, eta erantzuna eman behar dio gizarte gisa aurre egiten diogun trantsizio teknologiko-digital, energia- eta ingurumen-trantsizio, eta trantsizio demografiko eta sozial hirukoitzari.

 

2 iruzkin
  • 2021-04-27

    Espero dezagun langile autonomoen kotizazioa diru-sarrera errealen arabera onartzea, bereziki egoera pertsonalean dauden pertsonentzat eta denboraren arabera, gutxi fakturatzen dira edo ezer ez.

  • 2021-04-27

    Esperemos se apruebe cotización personal autónomo en función de ingresos reales especialmente para aquellas personas en circunstancias personales y del tiempo, se ven facturando poco o nada.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan