Eusko Jaurlaritzaren herritarrekiko interakzio kanalek gardentasuna eta informazioa eskuratzea sustatzen dute pandemian zehar (Gobernu Bilera 2021-4-27)

2021-04-27

 

  • 2020an, aurreko urtearekin alderatuta, kontsulta kopuru bikoitza egin da postontzi elektronikoan, batez ere etxebizitzarekin, hezkuntzarekin eta enpleguarekin lotutako gaietan
  • Eusko Jaurlaritzak buru izaten jarraitzen du gardentasun sailkapenetan 

Eusko Jaurlaritzaren gardentasun ereduak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, eta herritarren eskura dagoen informazioaren kalitatea eta kantitatea hobetzen. Gardena gardentasun ataria (www.gardena.euskadi.eus) indartu egin da azken urte honetan eta datuak bistaratzeko sarbideak bikoiztu ditu. Hala jasotzen da EAEko Administrazio Orokorreko eta haren sektore publikoko gardentasunari buruzko 2020ko balantze-txostenean. Kobid-19aren pandemiak agerian utzi du herritarrekiko interakzio kanalek ondo funtzionatzen dutela gardentasunari dagokionez, batez ere postontzi elektronikoaren bidez. 

Gobernu Kontseiluak ‘EAEko Administrazio Orokorrean eta haren Sektore Publikoan gardentasunaren ezarpen mailari buruzko 2020rako balantze-txostena’ onartu du gaur. Azterlanak agerian uzten du Zuzenean-en herritarrekiko interakzio postontzia ondo dabilela, bai eta Telegram bidezko mezularitza zerbitzua eta Gardena atariaren bidez egiten den publizitate aktiboa ere. Ziurrenik, horrek azaltzen du beste autonomia erkidegoko batzuek baino informazio publikoa eskuratzeko eskaera gutxiago jaso izana. 

Postontzi elektronikoa bezalako informazioa eskuratzeko kanalen erabilera oso zabalduta dago eta euskal herritarrek ondo baloratzen dute, Zuzenean zerbitzuak 2020ri buruz egindako urteko txosteneko datuek erakusten dutenez. Urte horretan 66.911 kontsulta izan ziren postontzi elektronikoan, aurreko urtekoaren bikoitza, eta Telegram bidezko kontsultetan hirukoitza (11.953). Gaiei dagokienez, postontzi elektronikoan jasotako informazio publikoaren eskaera gehienak etxebizitzarekin (15.140), hezkuntzarekin (12.053) eta lan eta enpleguarekin (9.026) lotuta egon ziren. 

Kobidarekin lotutako postontzi elektroniko bidezko arretek pisu handia izan dute 2020an, batez ere mugikortasunarekin eta langabeentzako, enpresentzako eta berrogeialdia pasa behar izan duten laguntzekin lotutakoak. 

Txostenak Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen datuak jasotzen ditu eta informazio publikorako sarbidea ukatzeagatik iaz jasotako erreklamazioen berri ematen du. Orotara, 102 izan ziren, 2018an eta 2019an baino zertxobait gehiago. 2016tik 2020ra bitarteko epealdi osoan, hau da, gardentasunari buruzko Legea indarrean sartu zenetik, 321 erreklamazio jaso dira; %64 EAEko udalek informazio publikorako sarbidea ukatzeagatiko erreklamazioak izan dira, eta %31 EAEko sektore publikoak. Informazio publikoa eskuratzearen arloko Euskadiko erreklamazioak ebazteaz arduratzen den organo honek egiaztatu du udaletan sarbidea ukatzeagatiko erreklamazio gehienak (%84) administrazioaren isiltasunak eragin dituela, hau da, ez direla erantzun. Sektore publikoan, berriz, administrazioaren isiltasuna %57an eman da eta emandako informazioarekin bat ez etortzeagatiko erreklamazioak, berriz, %39an. Gardena gardentasun atariak aldian-aldian eta eguneratuta argitaratzen du Euskal Batzordearen jarduerari buruzko informazio guztia. 

Informazio publikoa eskuratzeko prozedurak datu hobeak eman ditu eskaera kopuruari dagokionez, eta 2020an orotara 201 espediente izapidetu dira. Mekanismo horrek sarbide eskaeren izapidetze formala bermatzen du eta bilakaera positiboa izan du jasotako eskaeren kopuruan, 2018ko zenbakiak bikoiztuz. Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailak (%25), Segurtasun Sailak (%21), Hezkuntza Sailak (%13), Osasun Sailak (%12) eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak (%9) jaso dituzte eskaera gehien. 

Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren arloan egin dituen ahaleginak oihartzuna eta errekonozimendua izaten ari dira azken urteotan nazioarteko gardentasun adierazleetan. Sailkapen horietan, lehen posizioari eutsi dio autonomia erkidegoen artean 2016ra arte, urte horretan egin baitzen azken neurketa. Aitzitik, iaz Dyntra nazioarteko erakundeak bi ranking ezarri zituen, bata autonomia erkidegoena eta beste kobid-19aren kudeaketari buruzko. Bi kasuetan, Eusko Jaurlaritzak emaitza onak lortu ditu, hirugarren eta bigarren postuak, hurrenez hurren. 

Txostenak Gardena gardentasun webgunearen garrantzia nabarmentzen du, gardentasun datuak eskuratzeko bide gisa. Eta azpimarratzen du kobidaren alarma egoera zela eta, 2020ko martxoan, pandemiaren kudeaketako gardentasun datuetarako sarbidea argitaratu zela, bai eta informazioa segurtasunez eskuratzeko orientabideak ere. Besteak beste, infekzioei buruzko informazioa argitaratu da, buletin epidemiologiko bat, baheketei buruzko datuak, datu irekiak Open Data Euskadin, osasun baliabideak eta txertaketa kanpaina, kobidaren inpaktua arintzeko ekintzak, eta herritarren eskura jarri dira 24 orduko on line kontsulta-txat bat eta hainbat aplikazio mugikor herritarren laguntzarekin koronabirusa eusten laguntzen dutenak. 

Gardena atariak aurreko urteko bisita kopurua bikoiztu du 2020an, eta datuak bistaratzeko sarbideak esanguratsuak izan dira. Datu horrek erakusten du euskal herritarrek administrazioaren funtzionamendua ezagutzeko duten interesa. Guztira, Gardenaren webguneak 37.311 bisita izan ditu eta adierazle horrek azken urteetan izan duen bilakaera positiboa berretsi du. 

Gardentasunaren arloko ekimenak Tramitagune eta Legegunea plataformekin osatzen dira. Atari horiek aukera ematen dute espedienteen edukiak argitaratzea izapidetzeko prozeduran zehar eta Eusko Jaurlaritzaren baliabide juridikoak biltzen dituzte herritarrei modu ordenatuan eta sarbide erraz eta argiekin eskaintzeko. 

Euskadiko gardentasunari buruzko mapa Open Data Euskadi plataformak osatzen du. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzarenak eta mendeko erakundeenak diren 5.365 datu-multzo ditu, eta horiei foro eta toki administrazioetako beste 1.664 datu-multzo gehitu behar zaizkie. Gardentasuna sustatzeaz gain, Open Data Euskadik ekintzailetza eta enpresen jarduera ekonomikoa sustatu nahi ditu, administrazioaren esku dauden datuak erabiliz.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko