Berriak Hezkuntza

Hezkuntza sailak 4,1 milioi euroan handitu du Udalaguntza deialadiaren aurrekontua (Gobernu Bilera 2021-4-27)

2021-04-27
  • Kopurua handitu ondoren, 2020ko Udalaguntza deialdiaren aurrekontu osoa 10,1 milioi eurokoa da

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 2020ko Udalaguntza deialdiaren aurrekontua 4.165.953 euroan handitzea. Deialdi honen bidez udalentzako laguntzak ematen dira, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak egin ditzaten. Gaur onartutako kopuru-handitzearen ondoren,2020ko Udalaguntza deialdiaren aurrekontua 10.165.953 eurokoa da.

Joan zen abenduaren 1eko Gobernu Kontseiluan onartu zen 2020ko deialdiak 6 milioi euroko hasierako zenbatekoa zuen, eta berrikuntza nagusi bat ere bai:  urtero deialdi honen bidez finantzatu ohi dituen lan eta jardueretarako dirulaguntzez gain, patioetan edo eskola-esparruetan karpak hornitu eta instalatzeko finantzaketa ere jasotzen zuen, betiere Covid-19k eragindako beharrizanen arabera justifikatzen baziren hauek. Kasu honetan, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren %90 hartzen du, Udalaguntzaren bidez finantzatutako gainerako jardueretan ohikoa den %60 izan beharrean.

Aintzat harturik karpen instalazioak lehentasuna izan duela 2020ko deialdian gainerako jarduketekin alderatuta, Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jo du Udalaguntzara bideratutako diru-kopurua handitzea, udalek aurkeztutako –eta baldintzak betetzen dituzten- ahalik eta eskaera gehien diruz laguntzeko.

Udalaguntza eta eskola-instalazioak eguneratzea

Udalaguntza deialdian parte hartu dezakete aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Kasurik gehienetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira. 2020ko deialdiari dagokionez, lan horiek 2020ko urtarrilaren 1 eta 2021ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharekoak dira, eta 2021ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuta egon beharrekoak.

Karpen instalazioaz harago, ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Lan hauen %60 Hezkuntza Sailak finantzatzen du, Balorazio Batzordeak onartu ondoren, eta %40 berriz, eskaera egin duen udalak.

Nola nahi, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko