Berriak Lehendakaritza

Euskal Autonomia Erkidegoak indartu egiten ditu ekosistema eta ekintzailetzaren finantzaketa, eraldaketa ekonomikoaren eta sozialaren palanka gisa

2021-04-27

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen "Euskadiko Erakunde arteko Ekintzailetza Plana 2024” aurkeztu du, enplegu-balioa eta -kalitatea emateko ekosistema erakargarria sendotzeko erronka duen Plana, hain zuzen. Tapia sailburuak adierazi du Planak EAEko eragile publiko nagusien ekintzailetza babesteko konpromisoa daukala, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta gizartea eraldatzeko ahalegin partekatu gisa.

Plana XII. Legegintzaldira estrapolatzeak 389 milioi euroko ahalegin ekonomikoa suposatuko luke. 259 milioi euro inguruko guztizko aurrekontua esleituko zen, eta kopuru horri 130 milioi euro, gutxi gorabehera, gehituko litzaizkioke laguntza fiskaletatik. Konkretuki, 2021ean Planari zuzenean lotutako aurrekontua 70,23 milioi eurokoa da, 2020an baino % 22 gehiago. “Horrek berretsi egiten du erakundeen artean ekintzailetza kalitatezko enplegua sortuko duen suspertze ekonomikoaren palanka gisa sendotzearen aldeko apustua, batez ere aukera-sektoreetan, eta eredu jasangarriago eta kolaboratiboagoen pean”, esan du sailburuak.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak "EAEko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko 2020rako balantze-txostena" onartu duela. Zupiriak nabarmendu du balantzeak agerian uzten duela Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-ereduak aurrerapausoak ematen jarraitzen duela eta herritarren eskura dagoen informazioaren kalitatea eta kantitatea hobetzen doazela. Gainera, adierazi du, Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren arloan egiten dituen ahaleginak nazioarteko gardentasun-indizeen aitormena jasotzen ari direla.

Bestalde, Zkupiria sailburuak gardentasunaren webguneak pandemiaren kudeaketa-datuetan duen garrantzia azpimarratu du. Erregulartasunez argitaratu da infekzioei buruzko informazioa, buletin epidemiologikoa, baheketei buruzko datuak, osasun-baliabideak eta txertaketa-kanpaina, COVID19aren inpaktua arintzen laguntzen duten ekintzak, eta herritarren eskura jarri dira 24 orduko on line kontsulta-txat bat eta hainbat aplikazio mugikor, herritarren lankidetza errazten dutenak koronabirusaren aurkako jardunean. 

OSASUNA

Bestalde,  Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du 3. agertokian gaudela, bostetik, eta gaur egun 387 ZIU ohe daudela gaituta guztira; horietatik, Covid pazienteak ZIUn dauden paziente guztien % 61,9 dira. Bestalde, 14 eguneko intzidentzia metatua 546,89 kasu izan da 100.000 biztanleko, 7 egun lehenago baino % 7,5 gehiago. "Hori dela eta, beharrezkoa da prebentzio neurriak zorroztea", gaineratu du.

Kasu positiboen gorakadaren aurrean, eta horrek Osakidetzako asistentzia sarearen jardueran eragina izan du, Sagarduik jakinarazi duenez, urgenteak ez diren kirurgiak atzeratzeko erabakia hartu dutela. "Badakigu datozen egunetan ospitaleratzeak jarraituko dutela, eta arduraz eta aurreikuspenez jokatu behar dugu. Erabakia aste honetatik aurrera aplikatuko da Osakidetzaren ospitale sare osoan, eta gutxienez bi astez luzatuko da ", zehaztu du.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak jakinarazi du 721.425 dosi eman dituztela gaur egun: EAEko biztanleen % 24,4k dosi bat jaso dute gutxienez, eta % 8,8k lortu dute immunitate osoa. "79-70 eta 65-60 urtekoei txertoa jartzen jarraitzen dugu", argitu du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK    

Osasun arloan, Gobernu Kontseiluak, gaur aldi baterako programa sortzea onetsi du, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan giza baliabideak sendotzeko eta, hala, Covid-19aren pandemiaren kudeaketarekin zerikusia duten eginkizun eta betebeharrei erantzuteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, besteak beste eremu epidemiologikoaren, estatistikoaren eta juridikoaren 48 pertsona sartuko dira laster, Osasun Sailari laguntza eskaintzeko eta, hala, 2020an hasitako errefortzu-programarekin jarraitzeko.

Gainera, Gobernu Kontseiluak onartu egin du, gaur, Bizkaiko zenbait erakunderekin Osasun Sailaren lankidetza-hitzarmenak sinatzeko baimena. Honako hauek dira erakunde horietako batzuk: Bilboko Elizbarrutiko Cáritas, Hiesaren aurkako Bizkaiko Herritarren Batzordea, eta Gizakia Fundazioa. Hitzarmenak 388.231 euroan sinatu dira eta adikzioei buruzko programak garatzera bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 717.000 euroko laguntzak onartu ditu, eta horien helburua da jarduera turistikoa berriz sustatzea, Euskadiko produktu turistikoak diseinatzen eta martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen lagunduz, eta "Euskadi - Basque Country" marka turistikoa proiektatzen laguntzen duten ekitaldiei lagunduz.

Hezkuntzari dagokionez, Gobernu Kontseiluak onartu du, alde batetik, 2020ko Udalaguntza deialdiaren aurrekontua 4.165.953 euroan handitzea. Deialdi honen bidez udalentzako laguntzak ematen dira, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak egin ditzaten. Eta, beste alde batetik, adostu da hiru euskal unibertsitateekin sinatutako kontratu-programen 2021eko finantziazioa 2,2 milioi euroan handitzea.

Horrez gainera, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilerak antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek, izan aurrez aurrekoak zein birtualak, 2021eko bigarren seihilekoan burutu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du. 

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluak 2021eko ekitaldirako musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak onartu dituela. Musika ekoizpena, sustapena eta zabalkunde proiektuak dira lagunduko direnak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua musikagintzaren balio kate osoa indartzea da, hau da, sorkuntza, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz. 

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • 2021-04-28

    Egoera txarra dela eta, baliteke hilabete onak eta txarrak egotea, eta laguntza zakuan amaitu ahal izatea, jardunbide irregularrik gabeko enpresa-ekosistemarik ezean.

  • 2021-04-28

    Debido a circunstancias adversas puede haber meses buenos y malos y poder acabar la ayuda en saco roto a falta de red ecosistema empresarial sin prácticas irregulares.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak