Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Haurrak etxebizitza partikularretan zaintzeko plana jarri du abian Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak

2011.eko uztailak 07

 

  • Adingabeen zaintza eta lan-jarduera bateragarri egin nahi dituzten familientzako baliabide bat da Haur-etxea/Nidos familiares zerbitzua
  • Zerbitzuak zaintzailearen etxebizitzan bertan emango dira urtearen 365 egunetan eta familia bakoitzaren premietara egokitutako ordutegietan.

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Loli García Familia eta Komunitate Politikarako zuzendariak familia sustatzeko programen egungo eskaintza zabalduko duen eta 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten aiten/amen familia- eta lan-arloko bizitza uztartzen lagunduko duen proiektu bat aurkeztu dute Bilbon.

Sailak sustatutako plan berriak Haur-etxea/Nidos familiares du izena, eta udako oporraldia amaitu ostean gauzatuko da, Bilbon garatuko den esperientzia pilotua abian jartzen denean.

Zabaletak adierazi duenez, "adingabeen zaintza eta lan-jarduerari eustea bateragarriak izatea nahi duten familientzako baliabide bat da Haur-etxea/Nidos familiares zerbitzua, gizarte modernoetan gero eta zabalduago dagoen eskaera bat".

Inkesten arabera, ikusten da lan-bizitza eta adingabeen zaintza eta arreta bateragarriak egiteko zailtasunak haurtzaroaren etapa guztietan azaltzen direla, baina zailtasun handienak bizitzako lehenengo urteetan daude "haurren autonomia txikiagoa denean eta haurtzaindegiko edo ikastetxeetako plazak estaliko direla bermatuta ez dagoenean", zehaztu du sailburuak.

Era horretako komunitate-zerbitzuetan esperientzia luzea duten beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan, sustatzaileen asmoa haur etxeen bidez egun haurrak zaintzeko dagoen eskaintza zabaltzea da: ohiko haur-eskolak, aitona-amonak, etxeko langileen kontratazioa, lan‑ordutegiaren murrizketa edo, okerrenera jota, lanpostuari uko egitea.

Proiektu horrek ia ez du aurrekaririk Espainian, eta malgutasuna du ezaugarri nabarmenena. Izan ere, zerbitzuak zaintzailearen etxebizitzan bertan emango dira urteko lanegun guztietan eta familia bakoitzaren premietara egokitutako ordutegietan.

Zaintza-modalitate berri hori erabiltzen duten haurrek etxez aldatu beharko dute, baina haur horiek daukaten adinean behar duten erritmoari eta jarraibideei eutsiko diete. "Beren etxekoen unitatearen antzeko giroan daude, baina adingabeen zaintzan prestakuntza akademikoa duen eta erakunde publikoek emandako ziurtagiri profesionala duen pertsona baten orientaziopean eta ikuskapenean" nabarmendu du Zabaletak.

Fase pilotua

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean jardunda, Lan Ekintza-Bilbao agentziak hautatu eta prestatu ditu haurren zaintzaz arduratuko diren pertsonak. Era berean, zerbitzu hori abian jartzeko, sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du mota honetako esperientzietan ibilbide luzea duen Agintzari gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatearekin.

Hautagaien prestakuntza-prozesua 250 ordukoa izan da, eta 2010eko abenduaren eta aurtengo apirilaren artean garatu da. Ondoren, Bilboko eta inguruetako bost etxebizitza partikular egokitu eta hornitu dira, eta etxebizitza horietako bakoitzean 3 edo 4 haurrez osatutako taldeak hartuko dira.

Urte honen amaieran bukatuko den lehenengo fase esperimental horren ondoren (Bizkaian egin da, bost haur-etxerekin), 2012an beste 18 unitate ezarriko dira Euskadiko gainerako herrialdeetan. "Halaber, hori funtsezko unea izango da zerbitzua arautzeko, homologatzeko eta ikuskatzeko araudi espezifikoa garatzeko, eta eraginkortasun praktikoa 2013an gauzatzeko asmoa dugu", azpimarratu du sailburuak.

Amaitzeko, Gemma Zabaletak nabarmendu du familia uztartzeko eta sustatzeko ekimen hori prestakuntza- eta enplegu-programekin lotuta dagoela, baita ekonomia soziala sustatzeko eta garatzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kudeatzen dituen programekin ere.

Etxebizitzen ezaugarri teknikoak

  • Zerbitzua emateko erabiliko den etxebizitzaren azalera erabilgarria ez da 8m2-tik beherakoa izango zerbitzua emango den ordutegian bertan egongo den haur eta heldu bakoitzeko.
  • Telefonia-linea, eta, ahal bada, Interneteko konexioa.
  • Haurrek atseden hartzeko eta haurrak zaintzeko hornitutako eremua.
  • Gutxienez bainugela bat izango du, eta bainugela horrek honako elementu hauek izango ditu: haurrak aldatzeko lekua, pixontziak eta haurrek soilik erabiltzeko gauzak.
  • Eremua egokituta egongo da etxeko giroa segurua eta babeslea izateko.
  • Segurtasun-elementuak etxean eta hornikuntzan.
  • Hornikuntza elektrikoa, koadro diferentzialarekin.
  • Ez da suzko berogailurik eta/edo tximiniarik izango.
  • Galdararen instalazioaren eta egindako ikuskapenen ziurtagiria.
  • Lehen laguntza pediatrikoetarako botikina.

 

Iruzkin bat
  • @macu210
    2011.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Empleo y Asuntos Sociales pone en marcha un plan para el cuidado de bebes en domicilios particulares http://t.co/jlSgaaS

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)