Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz sailburuak Makerlab laborategi berria inauguratu du, Bilboko Hezkuntza Fakultatean

2021-04-23
  • Gune berri honen helburua da etorkizuneko irakasleak STEAM Hezkuntzan trebatzea, haurren prestakuntza zientifiko-teknologikoa sustatzeko ekintzak diseinatzeko eta inplementatzeko gai izan daitezen
  • Bilboko Hezkuntza Fakultatean kokaturik (UPV/EHU), Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategia hedatzeko pauso berri eta garrantzitsua da laborategi berria

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Bilboko Hezkuntza Fakultateko Maker Laborategia (MakerLab) inauguratzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean. STEAM Hezkuntzari eskainitako gune berri bat da, baina, kasu honetan, etorkizuneko irakasleen prestakuntzara zuzendua. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Asier Romero fakultateko dekanoak lagunduta, Bildarratzek instalazio berriak bisitatu ditu. MakerLab laborategi berriarekin Hezkuntza Fakultateak izan duen ekimena guztiz bat dator Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiarekin eta honen helburuekin.

MakerLab Laborategi berriaren helburua da fakultateko ikasleak trebatzea, etorkizunean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle izango direnak, haurren prestakuntza zientifiko-teknologikoa sustatzeko ekintzak diseinatzeko eta inplementatzeko gai izan daitezen, era horretan haurren prestakuntza zientifiko-teknologikoa txiki-txikitatik sustatuz eskoletan, nesken arteko bokazio zientifikoak bereziki. Helburuok guztiz bat datoz aipatutako estrategiak lortu nahi dituenekin.

Inaugurazio ekitaldian, Jokin Bildarratz sailburuak Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategia izan du hizpide, eta adierazi du gaur aurkeztutako laborategia urrats berri eta garrantzitsua dela estrategia hori hedatzeko, etorkizuneko irakasleen hasierako prestakuntzara jauzi egiten baitu. “Pauso garrantzitsua da, zuzen-zuzenean oinarrietako batean egingo baitu lan. Gure hezitzaileen prestakuntza onak, eragin zuzena izango du ikasleen prestakuntza ere hobetzen: ikasleek Ikus dezaten teknologia, matematikak, ez direla elementu ulertezinak, zailak eta aspergarriak, guztiz kontrakoak baizik; eta neskak ere eduki horietara erakarri ahal izateko, batez ere ondoren egin nahi dituzten goi-mailako ikasketak aukeratzerakoan”

Ildo horretan, Bildarratzek txalotu egin du Euskal Herriko Unibertsitateak STEAM Euskadi Estrategiaren barruan formazio-gune berri hau sortzeko egin duen apustua. "Ziur nago laborategi honek etorkizuneko maisu eta andereñoei lagunduko diela STEAM arloko ekintzak planifikatzen, dinamizatzen eta ezagutza horiek ikasleei helarazten", esan du.

MakerLab: etorkizuneko irakasleentzat STEAM prestakuntza

Bilboko Hezkuntza Fakultateko MakerLab laborategia, Leioan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako jakintza-arloen irakaskuntzara eta ikaskuntzara hurbiltzeko erabilera anitzeko espazio gisa pentsatuta dago, STEAM izenez ezagutzen diren diziplinei arreta berezia jarriz (Science, Technology, Ingeniering, Arts and Mathematics).

Maker mugimendutik eta mugimendu hori hezkuntza arloan txertatzetik abiatuta   ("Maker Hezkuntza" terminoa sortuz horrela), laborategia hainbat ikaskuntza-espazio eta materialez osatuta dago. Haur eta Lehen Hezkuntzako etorkizuneko irakasleekin jarduerak egiteko eta ikaskuntza-sekuentziak planteatzeko aukera emango dute espazio eta material horiek. Horretarako, ikaskuntza eraikitzeko ikuspegi bat erabiliko da, objektuak edo proiektuak sortzean oinarritua. Ildo horretan, fakultateko ikasleek aztertu ahal izango dute horrelako espazioek ikaskuntzaren garapenean duten potentzialtasun didaktikoa, bai eta etorkizunean izango dituzten ikasleek (2 urtetik 12 urtera bitartekoak) eskuratuko dituzten gaitasunak ere.

Hezkuntzaren ikusmolde honek (Maker Hezkuntzak) STEAM diziplinei batera heltzeko beharra azpimarratzen du, planteatutako arazoa ondoz ondo aztertzea, modelizatzea, hura konponduko duen objektu edo sistema bat sortzea (teknologikoki) eta emandako irtenbidea sendoa eta eraginkorra den egiaztatzea eskatzen duen prozesu batean. Planteamendu hori gauzatu ahal izateko, MakerLab laborategiak honako arlo hauek lantzeko materiala du:

  • Hezkuntza-robotika: batetik, etapa goiztiarrera bideratutako hezkuntza-robotak erabiliz (2-7 urte), oinarrizko programazio-kontzeptuetara hurbiltzea ahalbidetzen baitute, manipulazioaren eta jolasaren bidez; eta bestetik, zeregin bat konponduko duten objektuak eraikitzeko eta sortzeko materiala erabiliz. "Lego" motako eraikuntza-kitak dira; ikasleek robot-objektu bat sortu behar dute, planteatutako erronka bati irtenbidea emateko (7-12 urte).
  • Programazioa hezkuntzan: laborategiak behar praktiko bati erantzun diezaioketen objektuak sortzeko aukera ematen duen materiala du.
  • Elektronika: elektronikako eta zirkuituen eraikuntzako osagaiak edo teknologikoki aberastutako objektu txikiak ditu (protoboardak, lilypad-ak, touchboard-ak, "Touchboard-ak"), artelanak, wearableak, musika-tresnak eta abar sortzeko erabiliak.
  • Errealitate birtuala eta irakaskuntza-ikaskuntza: 3D betaurrekoak, tabletak, 3D inprimagailuak, laser-ebakitzailea… helburua da 3D hezkuntza-softwarea erabiltzea eta ikasgelan duten potentzialtasuna aztertu ahal izatea, software-diseinuaren bidez objektuak sortu ahal izatea, etab.

STEAM Euskadi Estrategia

Hezkuntza Sailak 2018ko ekainean abian jarri zuen STEAM Euskadi Estrategiak honako hauek ditu helburu: hezkuntzako etapa guztietan heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, horretarako eragile sozioekonomiko guztiak inplikatuta; STEM arloko bokazio eta asmo profesionalak sustatzea, ikasle neskei arreta berezia eskainita; eta euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

STEM hezkuntza zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika integratzen dituen hezkuntza da, Arteekin eta Humanitateekin lotuta. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak nahiz diziplina-gaitasunak, eta ikasleak ahalduntzen ditu erantzukizunez aurre egin diezaieten gure gizartearen erronkei. Hezkuntzaren STEAM ikuspuntuak berariaz eragin nahi ditu egoera jakin batzuk, aldi berean eta era integratuan ikasteko gai hauetako kontzeptuak, problemak diseinatu eta ebatziko dituen testuinguru praktiko batean, enpresetan ingeniaritzan egiten den bezala. Ikerketan oinarritua dago, eta hori gauzatzeko saiakuntzak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, azalpen koherenteak eztabaidatu eta proposatzen dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Ferreira, UPV/EHU-ko errektorea