Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak hiru foru-aldundien eta EUDEL-en konpromisoa lortu nahi du Berrikuntza Publikoaren bere Planeko helburu anbiziotsuak lortzeko

2011.eko uztailak 06

Administrazioaren eraginkortasuna hobetzeko bideak elkarreragingarritasuna eta administrazioen arteko lankidetza direla aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrean Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak

Paperean oinarritutako administraziotik teknologia berrietan oinarritutako administraziorako bidea gauzatzea da Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren 2011tik 2013rako Planaren helburua. Plana betez, lehen administrazioaren leihatiletan urtean jasotzen ziren 13 milioi dokumentuak jasotzeari utziko zaio

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, gaur arratsaldean agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren 2011tik 2013rako Plana aurkezteko. Sailburuak bere hitzaldian aditzera eman du hiru foru-aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera elkarreragintasunerako euskal nodoa sortzeko asmoa dagoela. Elkarreragintasunaren eta administrazioen arteko lankidetzaren alde egin duen aldarrikapenak kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea eta planaren helburu anbiziotsuak lortzea du xede.

Mendiak adierazi duenez, erakunde bakoitzak ezin du bere aldetik ibili, frogatuta baitago dispertsio horrek eragin kaltegarria daukala herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan. Gobernuak, foru-aldundiek eta udalek behar bezala erantzun behar diegu gure herritarren eskakizunei. Baina, gainera, beste administrazioekin informazioa trukatuz, denbora aurrezten da eta izapideetako epeak murrizten dira eta, ondorioz, gure zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea areagotzen dira. Halaxe esan du sailburuak legebiltzarkideen aurrean. Argi eta garbi esan du administrazio bakoitzak bere zereginak eraginkortasunez gauzatzeko beharrezkoa dela koordinazioa eta batak besteari informazioa pasatzea.

Bere esanetan, administrazioen arteko lankidetza funtsezkoa da Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen lehentasunezko helburua betetzeko. Hau da, administrazioren baten esku dauden ziurtagiriak herritarrei eta enpresei ez gehiago eskatu behar izateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Berrikuntza Publikoaren Plana (PIP) onartu zuen maiatzaren 31n. Tresna horrekin -azken burura eramateko 108 milioi inguruko inbertsioa egin beharko da-, datozen hiru urteetan gizarteari kalitatezko zerbitzuak eta zerbitzu eraginkor eta seguruak eskainiko dizkien administrazio berritzaile eta irekiranzko bidea egingo du gobernuak, gainontzeko euskal erakundeekin lankidetzan eta herritarren parte-hartze aktiboarekin. Pertsonek izan behar dute aldaketaren protagonistak.

Planaren lanketa bera parte-hartzearen eta gardentasunaren adibide izan da. Lan-mahaiaren bidez (15 talde eta 150 parte-hartzaile izan dira 50etik gora saiotan) funtzionarioek, beste administrazio eta erakundeek, sindikatuek, merkataritza-ganberek, etab. parte hartu dute. Prozesuak herritarren parte-hartzea ere izan du, horretarako jarritako blog bati esker (http://pip.blog.euskadi.net) eta sare sozialak direla medio (Facebook, Twitter, Linkedin, Youtube, SlideShare...).

PIPa gobernuaren estrategia global eta partekatuaren zati da eta Euskadi moderno bat eraikitzen laguntzen du, herritar libreak, elkarrekin solidarioak diren herritarrak eta baloreen gizarte-eredua, iraunkorra eta mundu irekian lehiakorra dena eraikitzeko helburua duten herritarrak oinarritzat hartuz. Planak hainbat bidetatik ibili nahi du, azken geltokian bide guztiek gobernantza onean bat egiteko, hau da, gardentasuna, berrikuntza, irekitasuna eta emaitzei begirako orientazioa lortzeko.

PIParen hiru urteko ezarpenaren (2011-2013) helburu zehatzak:

- Administrazio-kargak gutxitzea administrazioarekin izaten diren harremanetan.

EBn BPGaren % 3tik gorako pisua daukate administrazio-kargek; Espainian, ordea, % 4,6. Traba burokratikoak kentzea eta prozedura eta izapideak -enpresek egin behar izaten dituzten baimen-eskeak, ziurtagiriak, etab.- sinpletzea da helburua. Ildo horretan, enpresei eta oro har herritar guztiei eragiten dieten administrazio-kargak datozen hiru urteetan % 30 murriztea jarri du helburutzat Eusko Jaurlaritzak. Gutxi gorabehera 890 milioi euro aurreztea aurreikusi da.

- Bide elektronikoen bitartez zerbitzu publikoen % 100a herritarren eskura jartzea.

Paperean oinarritutako administraziotik teknologia berrietan oinarritutako administraziorako bidea gauzatzea da helburua. Herritarrak mundu digitalean sartzea sustatzen du PIPak, eta Administrazio Elektronikoa, e-Administrazioa, behin betiko ezartzea lortu behar du. Horrela, herritarrekin harremanetan jartzeko bideak modernizatuko dira eta barruko lan-kargen banaketan asko aurreztu eta hobetzea lortuko da.

Herritarrek administrazioan egin beharreko izapideak laburragoak izango dira, paper gutxiago erabiliko da eta ez da erakundeen bulegoetara joan beharrik izango.

- Administrazio-prozedurak sinplifikatzea: Zerbitzu xumeak emango dira, baina kalitatezkoak.

PIParekin zerbitzu publiko argiagoak, hain hizkera iluna ez dutenak, eskaini nahi dira. Herritarrek ez daukate dagoeneko edozein administraziotan dauden datuak egiaztatzeko inolako agiririk aurkeztu beharrik. Datozen hiru urteetarako helburua, ziurtagirien kopurua % 60 murriztea da. Herritarrek eta enpresek lehen administrazioaren leihatiletan aurkezten zituzten urteko 13 milioi dokumentu aurkezteari utziko diote.

- Informazio-sistema eta teknologia- eta telekomunikazio-zerbitzu moderno eta eraginkorrak edukitzea, antolamenduaren benetako beharretara egokituta daudenak, eta kalitatezko zerbitzu publikoak emateari garrantzia ematen diotenak.

Informatika eta telekomunikazioko (IT) azpiegituretan urtean 24 milioi euro aurreztea aurreikusi da.

- Administrazioen arteko lankidetza eta elkarreragingarritasuna.

Erakundeen arteko gainjarpenak gainditu behar dira eta herritarrekiko harremanetan erakunde-egituraketa argitu. Administrazioen arteko informazio-trukeari esker, denbora aurreztu eta izapidetze-denborak murriztuko dira eta, ondorioz, zerbitzuen eragingarritasuna eta kalitatea handituko dira.

Berrikuntza Publikoaren Planak administrazioaren barruko lan-kultura berria eta zenbait lanposturen profilen definizio berria ere ekarriko ditu. Beharrizan berriak sortuko dira (web-kudeatzaileak, etab.) eta beste lanpostu-mota batzuk murriztuz joango dira.

Azken batean, PIParen onarpenarekin administrazio eraginkorra lortu nahi da, gizartearen beharrizanei erantzuten dielako; irekia izatea ere lortu nahi da, kudeaketa gardena egiten duelako; erabakiak hartzeko garaian parte-hartzailea izatea lortu nahi da; eta eraginkorra izatea ere lortu bai, dituen baliabide urrien erabilera eredugarria egiten duelako.

* PIParen (Berrikuntza Publikoaren Plana 2011-2013) eduki osoa www.euskadi.net/berrikuntza web orrian dagoen etengabeko estekan ikus daiteke *

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)