Kolonbiarekin Kolaboratzeko Euskal Mahaiak gaitzetsi egiten du Sandra Liliana Peña Chocué gobernadore indigenaren erailketa eta Caucako indigenen kontrako erasoak

2021-04-23

Sandra Liliana Peña Chocué, Resguardo Indígena La Laguna Siberia eremuko gobernadorea zen, Cauca Departamenduko Caldono udalerrian, Kolonbian. Tokiko informazio-iturrien arabera, 2021eko apirilaren 20an erail zuten, motozikleta batean zihoala. Gainera, gobernadorearekin zihoan Avelino Ull guardia indigena ere tirokatu eta zauritu egin zuten. Hilketari erantzuteko apirilaren 22an indigenek legez kanpoko laboreak desagerrarazteko ekintzak antolatu zituzten; ekintza horietan agente armatuek hainbat pertsona zauritu zituzten. 

Kolonbiarekin Kolaboratzeko Euskal Mahaia, berriz, 2018an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta hainbat gizarte- eta enpresa-erakunderen artean koordinatu eta artikulatzeko gune gisa, Kolonbian bakea bultzatzeko helburuarekin. 2020 urtetik, Kolonbiarekin Kolaboratzeko Euskal Mahaiak bi ekimen bultzatzen ditu Cauca departamenduan, herritar indigena, afrokolonbiar eta nekazarien parte-hartzearekin.

Gertaeren larritasuna ikusirik, Kolonbiarekin Kolaboratzeko Euskal Mahaiak:

Gaitzetsi egiten du Sandra Liliana Peña Chocué gobernadorearen erailketa, baita Caucako indigenen aurkako erasoak ere.

Eskatu egiten die Kolonbiako Estatuko erakundeei gertaera horiek iker ditzaten, Cauca departamenduan bizitza babesteko, lidergo politikoa betetzeko eta Giza Eskubideak defendatzeko bermeak emanez.

Bere elkartasuna adierazten dio Consejo Regional Indígena del Cauca (CRIC) erakundeari, Sandra Liliana haren kidea baitzen, eta bere babesa eskaintzen dio kide guztien osotasun fisiko eta emozionalaren aurkako eraso horren aurrean. 

Salatu egiten du Cauca departamenduko indigena, afrokolonbiar eta nekazarien erakundeek eta gainerako gizarte-erakundeek aurre egin beharreko jazarpen- eta xaxatze-egoera iraunkorra, eta Kolonbian benetako bake egonkor eta iraunkor bateranzko bidean aurrera egin beharra adierazten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak