Berriak Segurtasuna

Euskadik 5 aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana, nahiz eta ez den zirkulazio-arazorik izan

2021-04-23
  • Azken negua mende honetako bosgarren epelena izan da

Urritik apirilera bitartean, Eusko Jaurlaritzak bost aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen-fasea, elur-maila 1.000 metrotik behera jaitsi izanaren eta prezipitazio moderatuen ondorioz. Aurreko neguan baino aktibazio bat gutxiago izan da. Horrez gainera, bi aldiz abiarazi behar izan da fase operatiboa, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako eta prezipitazio ugariak izan zirelako.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan, “azken negua (2020/21) lasaia izan da zirkulazioan izandako eraginei dagokienez. Esan dezakegu azken ekitaldietako lasaienetako bat izan dela berez. Bost denborale izan ditugun arren, trafikoan ez da arazo aipagarririk izan errepide sarean elurra edo izotza izateagatik”.

20/21 NEGUAREN LABURPENA

Lehenengo elurtea 2020ko abenduaren 4tik 9ra iritsi zen, elur-maila 700 metro inguruan kokatu zen eta prezipitazioak eskasak eta isurialde kantauriarreko zenbait puntutan moderatuak izan ziren. Egun horietan Araban kateak edo neguko pneumatikoak erabili behar izan zituzten Opakua mendatetik zirkulatu behar izan zuten ibilgailu guztiek. Gauza bera gertatu zen Herrera mendatean abenduaren 4an, 5ean eta 8an, bai eta Urduña, Azazeta eta Kurtzeta mendateetan ere abenduaren 5ean eta 8an. Bizkaiko eta Gipuzkoako zirkulazioan ez zuen eragin aipagarririk izan.

Bigarren elurtea 2020ko abenduaren 24tik 2021eko urtarrilaren 10era bitartean izan genuen. Elur-maila bi aldiz jaitsi zen 700 metrotik: abenduaren 31tik urtarrilaren 5era bitartean eta urtarrilaren 9-10ean. Urtarrilaren 2an eta 4an elur-maila 400 metro inguruan kokatu zen, eta kateak edo neguko pneumatikoak behar izan ziren Arabako Azazeta, Barrerilla, Bernedo, Gasteiz, Gatzaga eta Kurtzeta mendateetan zirkulatzeko; eta era guztietako ibilgailuentzat itxita geratu ziren Herrera, Opakua, Urduña eta Zaldiaran mendateak. Urtarrilaren 5ean ere zirkulaziorako itxita geratu ziren Gipuzkoako Elosua, Arantzazu, Artikutza eta Elgeta mendateak, elur-maila 200 metrora jaitsi baitzen. Bestalde, urtarrilaren 9ean, elur-maila 200 metrotik behera jaitsita, itxi egin behar izan zituzten Arabako Herrera eta Urduña mendateak eta Gipuzkoako Elgeta, eta kateak edo neguko pneumatikoak behar izan ziren Arabako Opakua, Bernedo eta Kurtzeta mendateetatik zirkulatzeko. Prezipitazioak eskasak izan ziren eta zirkulazioan ez zen gorabehera handirik gertatu.

Hirugarren elurtea otsailaren 22an iritsi zen, elur-maila 900 metroan mantendu zen, baina prezipitazioak moderatuak eta ugariak izan ziren. Horren ondorioz, Araban itxita geratu ziren Opakua eta Herrera mendateak, eta arretaz zirkulatu behar izan zen Bernedo, Azazeta, Gatzaga eta Urduña mendateetatik. Aurreko egunetan tenperaturak oso altuak izan ziren eta hezetasun erlatiboa oso baxua izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, Baso-suteetarako Larrialdi Plana aktibatu behar izan zuen otsailaren 20tik 21era. Berez, Euskalmeten arabera, joan den otsaila 1990etik izan den otsailik epelena izan zen.

Laugarren elurtea martxoaren 18tik 21era izan genuen, eta elur-maila 700-800 metroan kokatu zen eta prezipitazioak ahulak izan ziren. Hilaren 19an kateak edo neguko pneumatikoak behar izan zituzten Arabako Herrera mendatetik zirkulatzeko, eta arreta handiz gidatu behar izan zen Arabako Opakua eta Bernedo mendateetan, Bizkaian Barazar mendatean eta Gipuzkoan Bidanian.

Azken aldiz elurra apirilaren 11n eta 12an egin zuen, elur-maila 800 metro inguruan kokatu zen tenperaturek nabarmen behera egin ondoren (13 gradu kostaldean eta 10 gradu barnealdean), eta prezipitazioak ugariak eta orokorrak izan ziren, eta pixkanaka arintzen joan ziren. Zirkulazioan ez zuen eragin handirik izan: kontuz gidatu behar izan zen Arabako Opakua, Herrera eta Azazeta mendateetan.

JOERA

Euskalmeten datuen arabera, joan den negua, 20/21ekoa, mende honetako bosgarren epelena izan da, eta guztietan epelena 2016koa izan zen eta jarraian 2020koa.

Azken urteotan joera izan da plana gero eta gutxiago aktibatzekoa. Horrela, esate baterako, aurreko neguan (2019/20) sei aldiz aktibatu zen (bai fase operatiboan bai jarraipen-fasean), 2018/19ko neguan zortzi aldiz eta 2017/18ko neguan hamazazpi aldiz.

Fase operatiboaren aktibazioei dagokienez, 2020/21ean Neguko Bidezaintza Plana bi aldiz aktibatu zen, 2019/20ko eta 2018/19ko neguetan bezala. 2017/18ko neguan, berriz, 10 aldiz aktibatu behar izan zen, eta 2017/18koan sei aldiz eta 2015/16koan zortzi aldiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko