Bingen Zupiriak kultura eta sormen-politiken esparruan balio sozio-ekonomikoa sortzearen garrantzia nabarmendu du CREADIS3 Final Conference topaketan

2021-04-22

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak CREADIS3 Final Conference “Towards more efficient cultural and creative policies based on Innovation and Diversity” (berrikuntzan eta aniztasunean oinarritutako kultura eta sormen-politika eraginkorragoetarantz) inauguratu du gaur. 

CREADIS3, Kultura eta Sormen Industrien (KSIen) arloko proiektu europar bat da. Ekimenak Europar Batasuneko sei lurralde lotzen ditu, eta azken lau urteetan Euskadi izan da buru, zehazki 2017-2021 aldian. Euskadirekin batera, Europako estatu batek eta lau eskualdek parte hartuko dute proiektuan: Eslovakiak, Finlandia zentralak, Emilia-Romagnak, Valoniak eta Mendebaldeko Greziak.

CREADIS3 proiektua lurralde-politika publikoen agendak koordinatzeko funtsezko helburuarekin sortu da, beti ere, kultura-politiken inguruan berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzea helburu duten lurraldeetan politika eraginkorragoen garapena babesteko. Beraz, erakundeen gobernantza hobetzea eta KSIek lurralde-garapenari egiten dioten ekarpena sendotzea da helburua.

KSIek tradizioz artearen eta industriaren artean kokatutako diziplinak txertatzen dituzte kulturaren sektore tradizionaletan, hala nola diseinua, moda, gastronomia edo bideo-jokoak. Esparru horiek guztiak kulturaren ikusmolde tradizionaletik urruntzen dira, eta eragin handia dute, bai barruan, bai kanpoan.

Gaur bideokonferentziaz egingo den CREADIS3 proiektuaren amaierako topaketak proiektuaren emaitza nagusiak erakutsiko ditu, eta elkarrizketa-guneak izango ditu. Bertan, parte hartzen duten sei lurraldeek, lau urte hauetan egindako lanari buruz hitz egin eta eztabaidatuko dute. Gainera, topaketan parte hartzen duten sei eskualdeen epe luzerako ikuspegiak aztertuko dituzte, baita proiektuaren etorkizuneko dimentsio europarra ere.

CREADIS3 Final Conference-n, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazi du 2017an proiektua Bilbon aurkeztu zenean "erronka garrantzitsu bati aurre egiteko aukera" azpimarratu zela, "batez ere sormenaren arloan, eta gure kezkak partekatzen zituzten Europako beste lurralde batzuekin batera egiteko, gobernantza partekatuaren ikuspegitik". Lau urteko lanaren ostean, Zupiriak azpimarratu du aukera hori "errealitate bihurtu" dela, "politika publikoen agendak koordinatzen joan gara, politika eraginkorragoen garapena babesteko, kultura eta sormen-politiken inguruan berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzea helburu zuten lurraldeetan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak