Eusko Label duen Antxoa Euskadiko kalitate ziurtatuko produktuen familian sartu berri da

2021-04-22
  • Horrela, Euskadiko eta kalitatezko antxoa bereizten lagundu nahi zaie kontsumitzaileei, beste jatorri batzuetatik datorren arrainaren aurrean
  • Lehen fasean, bereizgarriak antxoa fresko dagoela bermatuko du, baina Eusko Label izendapenarekin elaboratutako kontserbak eta antzeko produktu eraldatuei edo prestatuei ere irekita geratuko da
  • Apirilaren erdialdera arte, 3 milioi kilo antxoa inguru deskargatu dira Euskadiko portuetan, 0,87 euroko batez besteko prezioan

Gaurtik aurrera, antxoak bat egin du Eusko Label duten produktuen familiarekin, eta, zehazki, arrantza produktuen sortak osatzen du azken urteotan Hegaluzearekin eta Hegalaburrarekin egiten ari den ibilbide ona. Horrenbestez, Eusko Label bereizgarriak emandako Kalitate ziurtagiria Euskadin arrantzatu ohi beste espezie batera hedatzen da, eta araudi tekniko zorrotz batean ezarritakoa bete beharko du.

Eusko Label duen Antxoaren aurkezpena Getarian egin da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, antxoa Eusko Labelen sartuta, Euskadiko arrantza sektoreari tresna berri bat ematen zaio bere produktuak ahalik eta baliorik egokienarekin iritsi daitezen merkatura, eta merkatuan garatzeko aukera gehiagorekin eta tresna berriekin.

Horrekin guztiarekin, Tapia sailburuordeak dei egin dio gizarteari sasoiko arraina kontsumitu dezan, Euskadiko arrandegietan saltzen den Kantauriko antxoa Eusko Labelduna kontsumitu dezan.

Tapiaz gain, aurkezpen ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz, HAZIko zuzendari Peli Manterola eta Euskadiko arrantza sektoreko ordezkariak.

Ezaugarriak

Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako arraina antxoa izango da (antxoa/bokarta), Engraulis encrasicolus  espeziekoa. Espezie hori harrapatzeko tartea martxoaren 1etik azaroaren 30era bitartean izango da, eta oso freskotasun onaren sailkapena dutenak baino ez dira onartuko. Baina, gainera, kanpoko itxura, azala edo sendotasuna bezalako gaiak ere kontuan hartuko dira.

Lehen fasean, bereizgarriak antxoa fresko dagoela bermatuko du, baina Eusko Label izendapenarekin egindako kontserbak bezalako produktu eraldatuei edo prestatuei ere irekita geratuko da.

HAZIk ezarriko ditu beharrezko jotzen dituen kontrol eta ziurtapen sistemak produktuaren prozesuaren katean, ekoizpenean, kontserbazio eta biltegiratzean, garraioan, ontziraketan, manipulazioan eta merkaturatzean, segurtatzeko Eusko Label bereizgarriaren sinboloekin iristen den produktuak Erregelamenduak eta aplikatu beharreko gainerako araudiek ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Datuak

Kostera martxoaren amaieran hasi zen, 26 milioi kilorekin Kantauriko ontzidiarentzat, azaroaren 30era arte. Orain arte, 10,5 milioi kilo harrapatu dira, eta, horren ondorioz, Euskadiko flotak geldialdiak egin ditu arrantzaleentzako espezie garrantzitsuenetako baten kanpaina modu jasangarrian kudeatzeko.

Apirilaren erdialdera arte, 3 milioi kilo antxoa inguru deskargatu dira Euskadiko portuetan, 0,87 euroko batez besteko prezioan

Horrez gain, 2020an, Euskadiko arrantzaleek 6.500 tona antxoa harrapatu zituzten, hau da, 7,8 milioi euro. Datu horiek interpretatzeko garaian kontuan hartu behar da iazko kostera oso konplexua izan zela, kanpainako egun askotan gure flota geldirik egon zelako, Covid-19aren pandemiak eragindako konfinamenduaren ondorioz. Kiloko batez besteko prezioa 1,25 eurokoa izan zen.

 

 

4 iruzkin
  • @JonArregi
    2021-04-22

    Comentario de Twitter:
    RT @EkoGarapena: 🐟✅🏷 @EuskoLabel duen #Antxoa Euskadiko kalitate ziurtatuko produktuen familian sartu berri da.

    📎 https://t.co/NwSzNh3sVh

  • @arantxa_tapia
    2021-04-22

    Comentario de Twitter:
    RT @EkoGarapena: 🐟✅🏷 @EuskoLabel duen #Antxoa Euskadiko kalitate ziurtatuko produktuen familian sartu berri da.

    📎 https://t.co/NwSzNh3sVh

  • @EkoGarapena
    2021-04-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🎣🐟@euskolabel duen Antxoa Euskadiko kalitate ziurtatuko produktuen familian sartu da.
    https://t.co/uVswlQ5bVK https://t.co/J8

  • @arantxa_tapia
    2021-04-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🎣🐟@euskolabel duen Antxoa Euskadiko kalitate ziurtatuko produktuen familian sartu da.
    https://t.co/uVswlQ5bVK https://t.co/J8

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
  • Arantxa Tapia Otaegi
    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua (XII legealdia)
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XII legealdia)
  • Peli Manterola Arteta
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XII legealdia)