Berdintasunerako urratsak Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bidez
Gaur eguerdian bildu da Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko genero-berdintasuneko taldea. Bere helburua lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasunerako urratsak ematea da. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria buru duen taldea 2019ko otsailean sortu zen, eta bertan ordezkaritza dute CCOO eta UGT sindikatuek, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzako lan-sailak, LHKren laguntzarekin. Harrezkero, kontziliazio erantzukidea, enpresen berdintasun-planak, negoziazio kolektiboetan genero-berdintasuna eta Soldata Berdintasunaren aldeko Estrategia bultzaten ditu.
Hain zuzen ere, gaurko bileran, 2021/2025 ekintza-plana zehazten saiatzeko Eusko Jaurlaritzak Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidatzen duen estrategian aurreikusitako hurrengo urratsen berri eman da. Ildo horretan, Izaskun Landaidak gogorarazi du arazo konplexu eta estruktural baten aurrean gaudela, eta ezinbestekoa dela genero-ikuspegia txertatzea, gakoak non dauden detektatzeko eta irtenbide eraldatzaileak proposatzeko aukera ematen duelako. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, gainera, soldata-arrakalaren izaera multidimentsionala azpimarratu du, eta, beraz, arazo horren konponbidea inplikatutako eragile guztien inplikaziotik etorri behar dela azpimarratu du.
Era berean, berdintasunaren eta negoziazio kolektiboaren inguruan Emakundek bultzatzen dituen bi lanen egoeraren berri eman da bileran, bai eta Lan Sailburuordetza lantzen ari den hitzarmen kolektiboen diagnostiko eguneratuaren aurrerapenaren berri ere.