Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

“Marjina nahikoa dago Euskadiko espetxe-eredua garatzeko”, esan du Beatriz Artolazabalek, Onda Cero-ko elkarrizketa batean

2021-04-22
  • Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, “indarrean dagoen espetxe-araudiak eta Estatuko legeak aukera ematen dute legezkotasunaren barruan zenbait interpretazio egiteko”
  • Iragaitzazko migratzaileen egoerari buruzko kritikak direla eta: “Oso tristea iruditzen zait hain egoera dramatikoak erabiltzea funtsik gabeko erasoak egiteko”

Vitoria-Gasteiz, 2021/04/22

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, gaur goizean, elkarrizketa egin diote Onda Ceron; hartan, zuzentzen duen sailaren gaurkotasuneko gaien inguruko errepasoa egin du. Hori horrela, Artolazabali Euskadin garatuko den espetxe-politikaren ereduari buruz galdetu diote, kontuan hartuta maiatzaren 10erako eskumena Eusko Jaurlaritzari eskualdatuko zaiola iragarri dela.

“Euskadirako espetxe-eredu berezia garatu nahi dugu, Eusko Legebiltzarrak 2019an onartutako ebazpenetan sakontzen duena”. Indarrean dagoen espetxe-araudiak eta Estatuko legeak marjina ematen dute, sailburuaren iritziz, zenbait interpretazio egiteko legezkotasunaren barruan; “beraz, marjina nahikoa da Euskadiko eredua garatzeko”.

Hori horrela, sailburuak Euskadiko espetxe-politikaren oinarrian izango diren zutabeetan ere sakondu du: “Eredu horren bidez, berme gehiago eman nahi zaie presoei, kondenak bete ahal izateko, baina baita prozesu horretan gaitasunak berenganatzeko eta gauzatu dituzten egitateak berrazter ditzaten ere, erkidegora bueltatzen direnean aktiboki integratzeko aukera emango dieten tresnak izan ditzaten eta, hala, berreror ez daitezen”. 

Artolazabalek esan du ez dagoela legegintza-aldaketarik sartzeko asmorik, alderdi politikoren batek esan duen bezala. Eta honako hau esan du: “Batzuetan uste dut asmo bakarra dela egoera zail eta korapilatsu honetan nahastea”. Helburua, esan duenez, “egungo legeriaren interpretazio progresista eta birsozializatzailea egitea da”.

Egoera Irunen

Europako erdialderantz doazen iragaitzazko migratzaileen egoera ere aztertu da, nagusiki pasa den asteburuan 21 urteko gazte eritrear batek Irunen bere buruaz beste egin ondoren.

Kasu horren inguruko gertakariei buruz galdetu diotenean, Berdintasuneko sailburuak esan du albiste tristea dela eta egunero pertsona horiekin lan egiten duen kolektibo osoarengan izan duela eragina.

Kolektibo batzuen kritikak direla eta, sailburuak esan du “negargarriak” direla Eusko Jaurlaritzaren politikak “eraile”tzat kalifikatzen dituzten akusazioak. “Baieztapen horiek faltsuak dira, erabat. Argi dugu gure helburua gure herrialdean bizi diren pertsona guztien babesa dela, haien baldintza, egoera erregularra edo irregularra edo jatorria gorabehera. Uste dut gertakariek hala erakusten dutela”.

Suizidioen ondoriozko heriotza guztiek tristezia berezia eta porrot pertsonalaren eta politikoaren sentsazioa eragiten dute, “baina ezin dugu halakorik onartu”.  “Ahalik eta erantzunik onena ematen ari gara solidarioa, humanizatua, jasangarria eta konprometitua izateko. Oso tristea iruditzen zait hain egoera dramatikoak erabiltzea funtsik gabeko erasoak egiteko”, esan du sailburuak, amaitzeko.

Berdintasuna, bi gertaera garrantzitsu

Berdintasunaren arloan, sailburuak esan du datozen hilotan bi gertaera garrantzitsu izango direla: batetik, berdintasun-legearen onarpena eta, esan duenez, “espero dugu laster izatea”, eta, bestetik, Euskadiko itun soziala abiaraztea.

“Astelehen honetan, Berdintasuna sortzea ekimena aurkeztuko dugu; hala, Euskadira egokituko dugu NBE Emakumeak Beijing-eko Emakumeen Munduko IV. Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko abian jarritako metodologia. Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako gizarte- eta erakunde-ituna abian jartzen saiatuko gara”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)