Berriak Herrizaingoa
Eu

Arkautiko Akademiak EHUrekin kolaboratuko du aurten Segurtasun eta Emergentziazko unibertsitate-tituluaren ematean

2011.eko uztailak 06

''Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketan Graduatuta'' tituluak polizia, segurtasun eta emergentziazko profesionalei ahalbidetuko die euren heziketa-maila igotzea unibertsitate-titulazio batekin

Euskadiko Segurtasun eta Emergentzien Akademiak EHUrekin kolaboratuko du; EHUk ''Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketan Graduatuta'' lehen unibertsitate-titulua emango du urte honetan zehar. Ekimena esperientzia berri bat da segurtasun-heziketa zentroentzat eta segurtasun-publikoaren alor ezberdinetan lan egiten dutenen trebakuntza profesionala hobetzera zuzenduta dago, ikasgai honen inguruko unibertsitate-titulu bat jasotzeko aukera eskainiz. Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskolan emango da lehen ikastaroa, datorren irailaren 23an hasita.

Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketan graduatzeko Euskadin emango den lehen ikastaroan parte hartzeko prematrikula egiteko epea irekita dago jada. Arkautiko Akademiak (ekimen hau sustatu duen entitate aitzindaria) martxan jarri du Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako kolaborazio-hitzarmen baten bidez. Segurtasunaren profesionalei (ertzainak, udaltzainak, segurtasun pribatuan edo emergentzietako sektorean lan egiten duten profesionalak...) euren trebakuntza profesionala hobetzeko aukera ematea da helburua; gainera, erantzukizuneko lanpostu teknikoak lortzea ahalbidetuko duen unibertsitate-titulu bat jasoko dute parte-hartzaileek.

Esperientzia aitzindaria Espainian

"Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketan Graduatuta" titulua lortzeko hiru urte ikasi behar izango dira. Lehen ikastaroa gaindituta, Segurtasun Zuzendari eta Segurtasun Aholkulari titulazioak zein lan-arriskuen prebentziorako oinarrizko titulazio ofiziala lortzeko aukera gehigarria egongo da. Lehen ikastaro komuna gainditutakoan, bi adarretan banatuko da gainontzeko bi urteetako hezkuntza: segurtasuna edo emergentziak. Hiru ikastaroetako bakoitza gaindituta, 60 unibertsitate-kreditu lortuko dira, titulazio osoaren 180 kredituak osatuz.

Arkautiko Akademiak Tituluaren Komisio Akademikoan parte hartuko du. Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskolan emango da ikastaroa; unibertsitatean beti bertaratzea ez da beharrezkoa izango eta hala, ikastaroa lorgarriagoa izango da lanean ari diren profesionalentzat. Ostirala eta larunbata ikasgeletara joateko egunak izango dira eta gainontzeko egunetan zehar, ikastaroa urrutitik jarraituko da EHUko Kanpus Birtualaren bidez. Orotara, EHUk eta Arkautiko Akademiak mailarik altueneko 64 irakaslez osatutako talde bat (ia erdia unibertsitate-doktoreak dira) prestatu dute ikastaroa emateko.

Datorren uztailaren 20an itxiko den prematrikula prozesua amaitutakoan, Tituluaren Komisio Akademikoak onartuen zerrendak argitaratuko ditu eta matrikulatzeko epea irekiko du (irailaren 5etik 9ra) irailaren 23an ikastaroa hasi baino lehen. 20-40 plaza inguru eskainiko dira lehen ikastaro honetarako.

Informazio gehiago:

Título Propio Universitario de Graduado en Gestión de Seguridad y Emergencias

http://www.sc.ehu.es/sbweb/seguridad-emergencias/

Prematrikula:

Prematrícula Titulos Propios UPV-EHU

http://www.ikasketak.ehu.es/p266-shensect/es/contenidos/informacion/post_preinscripcion/es_preinscr/post_preinscripcion.html

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko