Berriak Osasuna

Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendari izendatu dute

2021-04-20

Ibarrondok 30 urte baino gehiagoko esperientzia du berrikuntzaren eta teknologiaren inguruko nazioarteko proiektuen buru-lanetan

Egun arte, honako kargu hauek bete ditu: SPRIren “Invest in he Basque Country” ekimenaren arduraduna, Bizkaiko Teknologia Parkeko Berrikuntzako zuzendaria eta GAIKER teknologia-zentroko marketineko zuzendaria

 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Marian Ibarrondo Unamunzaga Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari izendatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak hala eskatuta.

Marian Ibarrondo 1986an lizentziatu zen Zientzia Biologikoetan, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Zientzien Masterra egin zuen Reading-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) 1986-1987an eta, ondoren, diziplina anitzeko prestakuntza osatzeko, honako master hauek egin zituen: Marketineko Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean, Lehiakortasunaren Mikroekonomia Deustuko Unibertsitatean eta Kudeaketa Aurreratua Enpresa Institutuan.

30 urte baino gehiagoko esperientzia du berrikuntzaren eta teknologiaren inguruko nazioarteko proiektuen buru-lanetan. Orain arte “Invest in he Basque Country” ekimenaren arduradun-kargua bete du SPRIn, Euskadiko industria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren erakundean. Aurretik, Bizkaiko Teknologia Parkeko  –berrikuntzaren erreferentea Europan– Berrikuntzako zuzendaria izan zen, eta GAIKER teknologia-zentroko marketineko zuzendaria.

Esperientzia handia du osasun- eta teknologia-proiektuetan; izan ere, Biokabi Bioinkubagailu planaren (Biobasque estrategia. 2005-2013) arduraduna eta 2009-2010 biurtekoan Europako Batzorderako Bioteknologiako eta Osasuneko I+G proiektuen ebaluatzailea izan da.

Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzaren buru izanik, honako eginkizun hauen ardura izango du, besteak beste: osasunaren arloan ikerketa- eta berrikuntza-politika programatzea, haren lehentasunak zehaztea, I+G+b proiektuak sustatu eta egitea eta Euskadiko sistema sanitarioan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloan jarduketak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a

Iruzkin bat
  • @gananzia
    2021-04-21

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Marian Ibarrondo nombrada nueva Directora de Investigación e Innovación Sanitaria https://t.co/9mEsCSi3TK

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan