Eusko Jaurlaritzak 510.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoak, musika eta literatura sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko (Gobernu Bilera 2021-04-20)

2021-04-20
  • Laguntza hauek pandemiaren ondorioei erantzuten eta merkatu berriak irekitzen lagunduko dute

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arte eszenikoak, musika eta literatura profesionala sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko dirulaguntzak emateko agindua. 

Diru partida honekin kulturaren arloko profesionalei, euskal sortzaile, ekoizle eta komertzialei, laguntza eta babesa ematen zaie, modu erabakigarrian, merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko, arte eszenikoak, literatura edo musika sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuak diruz lagunduz. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza hau berria da. Batetik orain arte Etxepare Euskal Institutuak arte eszeniko, musika eta literatura azoka eta merkatuetara joateko kudeatzen zituen laguntzen deialdia eta bestetik arte eszenikoen ekoizpenen banaketarako laguntza deialdi bakarrean biltzen dituen agindua da gaur onartutakoa. Deialdia hauek bateratzeak pandemiaren ondorioei erantzuten eta kultura-sektoreen iraunkortasuna modu egituratuan bultzatzen lagunduko du. 

Gaur onartutako dirulaguntza hauek 510.000 euroko aurrekontua dute honela banatuta: 

  • Arte eszenikoetarako laguntzak: 330.000 euro arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko gastuak finantzatzeko. Hautatutako proiektuak gehienez 15.000 euroko dirulaguntza jasoko dute beti ere, aurrekontuaren %75a gainditzen ez badu.
  • Musikarako laguntzak: 150.000 euro Euskal Herriko musika-taldeen eta gehien bat euskaraz errepertorioa dutenen zuzeneko zirkuiturako sustapen, merkaturatze, nazioarteko eta banaketa proiektuak finantzatzeko. Proiektu unitarioek gehienez 5.000 euro jasoko dute eta enpresa-proiektuek 15.000 euro. Kasu bietan ezin izango da gainditu proiektuaren aurrekontuaren %75a.
  • Literaturarako laguntzak: 30.000 euro literaturaren sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeak diren pertsonek eta entitateek 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko egiten dituzten gastuak finantzatzeko. Argitaletxeen kasuan dirulaguntzen gehiengo kopurua 5.000 eurokoa izango da eta sortzaileen kasuan 3.000 eurokoa, beti ere, aurrekontuaren % 75a gainditzen ez badu. Dirulaguntza eskatzeko sortzaileek azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratuta izan behar dituzte eta argitaletxeen kasuan azken bi urteetan gutxienez bost.

 

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da maiatzaren 5ean hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko