Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Saila eta UNEDen arteko Lankidtza Hitzarmena (Gobernu BIlera 2021-04-20)

2021-04-20

Gobernu Kontseiluak gauko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailaren eta UNED Urrutiko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea.

Lau urteko indarraldiarekin, hitzarmen honek hezkuntza-administrazioaren eta UNEDen arteko lankidetza-esparrua ezartzen du hainbat gaitan, hasi unibertsitate honetako ikasleek Euskadiko gainerako unibertsitateetakoek jaso behar duten tratamendu berdinetik, eta UNEDen jardueren finantzaketari dagokion guztiraino.

Lankidetza-hitzarmenak UNEDen Ikastetxe Elkartuek hiru Lurralde Historikoetan egiten duten lan akademiko, kultural eta soziala aitortzen du, eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe horien finantzazioan parte hartuko duela ezartzen du.

Vitoria-Gasteizko, Bergarako eta Bizkaiko UNED Ikastetxe Elkartuen finantzaketarako kopurua zehazteko, aurreko ikasturtean matrikulaturiko ikasle kopurua hartuko da aintzat. Kopuru hori, honela banatuko da atxikitako ikastetxeen artean: %70, unibertsitate-titulazioetan matrikulatutako ikasle-kopuruaren arabera; eta gainerako %30, oinarrizko finantzaketa gisa, hiru zatitan banatuta. 

Finantzaketa hori, honako zereginetarako erabili beharko da: lurraldeko UNED ikastetxe elkartuen jarduerei eusteko, etengabeko eguneraketa teknologikorako eta beharrezkoak diren azpiegituren hobekuntzarako eta mantentze-lanetarako.

Bi aldeen artean sinatu beharreko hitzarmen berriak berritasun gisa aurreikusten du, aurreko hitzarmenekiko alderatuta, euskarari eta euskal kulturari lotutako urrutiko prestakuntza-proiektuen finantzaketa handitzeko aukera.

Hezkuntza Sailak eta UNEDek sinatzeko hitzarmenaren arabera, Koordinazio Batzorde bat eratuko da, bi aldeetako kideek osatua. Batzorde hori arduratuko da, besteak beste, finantzaketarako emandako zenbatekoa behar bezala aplikatzen den ebaluatzeaz eta jarraipena egiteaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko