Eusko Jaurlaritzak merkataritza gune handien ingurumen zergari buruzko lege proposamenaren aurkako irizpidea adierazi du (Gobernu Bilera 2021-04-20)

2021-04-20

Eusko Jaurlaritza ez dago ados saltoki handien ingurumen zergari buruzko lege proposamena aintzat hartzearekin, kontraesankorra izango litzatekeelako erakundeen arteko akordioan eta lankidetzan oinarritutako euskal zerga ereduarekin eta, gainera, disfuntzioak sortuko lituzkeelako pandemiaren ondorio larriak pairatzen ari den merkataritzaren sektorea babesteko politikan.

Asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak EH Bildu legebiltzar taldeak aurkeztutako lege proposamena aztertu du gaur Gasteizen, eta ondorioztatu du ez dela gomendagarria merkataritza gune handien ahalmen ekonomikoa larritzen duen ingurumen zerga bat ezartzea, sektorearen susperraldiari kalte egingo liokeelako.

Kobid-19aren agerpenak eta haren ondoriozko eragin negatibo handiak ataka zailean utzi du merkataritza sektorea ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik. Kontsumitzailearen ohituren aldaketak eta multinazional handien online salmentaren inpaktuak maila globalean -ez du toki fisiko iraunkorrik behar eta, beraz, ez ditu merkataritza fisiko baten kostu berberak jasaten- areagotu egin dute egoera hori.

Pandemiak bizkortu egin du mota horretako establezimenduetan eta tokiko merkataritzan pairatzen ari zen egiturazko egoera. 2020. urtean, Euskadin merkataritza saltokien kopuruak behera egiten jarraitu du, eta 1.500 baino gehiago galdu dira aurreko urtearekin alderatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoak gai honetan ere bere zergak Eusko Legebiltzarraren bidez arautzeko gaitasuna duela onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak uste du EH Bilduren lege proposamenak zehaztasun falta kontzeptualak dituela, hala zioen azalpenean nola artikuluetan, bertan euskal zerga sistemaren planteamendu okerra jasotzen baita.  Jaurlaritzaren irudiko, zerga politikak orekarik handiena bermatu behar du diru sarreren eta gastu publikoen artean, eta zerga sistema ekitatiboa eta eraginkorra gauzatu behar du esparru guztietan. Finantza nahikotasunaz gain, lehiakortasuna indartu behar du, kasu honetan, merkataritza sektorean. 

Horrelako zerga batek udal eremuan garatzen diren politiketan izan dezakeen eragina dela eta, zerga horren ezarpenak erakundeen adostasuna izan behar luke. Laburbilduz, merkataritza gune handien gaineko ingurumen zerga bat kontraesankorra izango litzateke akordioan, koordinazioan eta erakunde arteko lankidetzan oinarritutako euskal zerga eredu batekin eta, gainera, disfuntzioak eragingo lituzke merkataritza babesteko politikan.

 


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko