Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

2021-04-19

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan. Ikastetxeetan hirugarren hiruhilekoa hasi berritan, sailburuak esan du “bikain” bat ipini behar zaiola 2020-2021 ikasturtearen garapenari, presentzialtasuna aintzat hartzen bada; eta “ohorezko matrikula” berriz, baldin eta kalifikatzen dena hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta ahalegina bada. Lan horri esker ari da lortzen presentzialtasunaren helburu hori, Bildarratzek nabarmendu duenez.

Horren harira, Hezkuntza sailburuak esan du esperientziak erakutsi duela presentzialtasunaren alde egindako apustua egokia izan dela, bai unibertsitatean, bai unibertsitateaz besteko irakaskuntzan. "Eskolak berdintasuna ematen dio sistemari, eta berdintasuna eskaintzen die eskolatik kanpo desberdintasun handienak dituzten ikasleei", gaineratu du.

Bildarratzen esanetan, pandemiak hausnarketa bat ere azaleratu du, "denok batera jardunez, une honetan jokatu dugun bezala, askoz hobeto gainditu dezakegula pandemia. Horixe erakutsi digu pandemiak, eskola-komunitateak modu bateratuan jokatuz, ikastetxeak eta irakasleak ahaldunduz, hobeto atera ahal izango garela ".

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioari (EBAU) buruz galdetuta, sailburuak esan du ikasturte honetan "egoera hobean" goazela proba horretara, iaz ikasleak etxean hiru hilabeteko konfinamenduaren ondoren aurkeztu baitziren. Une honetan, Hezkuntza Saila UPV/EHUrekin lanean ari da, besteak beste, probak non egingo diren edo, datak iritsita, konfinatuta egon behar duten ikasleei zer irtenbide eman erabakitzeko.

Txertaketa prozesuari dagokionez, Bildarratzek adierazi du irakasle gehienek txertoa jartzea erabaki dutela, eta hori egitera animatu ditu irakasle guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak