Berriak Osasuna

Osasun Sailak eutanasiari buruzko Legea "berme guztiekin" betetzeko beharrezko jarduerak hasi ditu

2021-04-16

Jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzea, eta herritarrek eta osasun-arloko profesionalek beren eskubideak eta betebeharrak ezagut ditzaten beharrezko informazioa eta sentsibilizazioa zabaltzea

 

Gotzone Sagardui: “bere prozeduretan berme handiko legea da, pertsona guztien eskubideak eta borondateak defendatzen dituena"

 

Eutanasiarako eskubidea arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa betetzen dela bermatzeko behar diren jarduketa guztiak egiten ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Hala ziurtatu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren kontrol saioan.

Gotzone Sagardui sailburuak adierazi duenez, eutanasia "eskubidea da, eta ez betebeharra", eta azaldu du lege hau "enpatia legegilearen adibidea" dela sufrimendu gehiago gehitu behar ez zaien pertsonekin. Gainera, sailburuak azpimarratu duenez: "oso lege bermatzailea da bere prozeduretan, eta pertsona guztien eskubideak eta borondateak defendatzen ditu, bai lagundutako heriotza lortu nahi dutenei dagokionez, bai praktika horiek kontzienteki egitearen aurka dauden osasun-profesionalei dagokionez".

Legea 2021eko ekainaren 25ean jarriko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera, eta Osasun Sailak abian jarri du legea aktibatzeko prozesua.

 

Beharrezko jarduerak

Legea betetzen dela bermatzeko aurreikusitako jarduerak, besteak beste, honako hauek dira:

  • Berme- eta ebaluazio-batzorde bat sortzea.
  • Sentsibilizazio- eta informazio-jarduera pedagogikoak, bai eskatzaileentzat, bai zerbitzua eman behar duten profesionalentzat.
  • Prestakuntza: etika asistentzialeko batzordeen laguntzarekin, legeari buruzko informazioa emango zaie osasun-langileei eta medikuntzako eta erizaintzako elkargo profesionalei, ikuspuntu tekniko, etiko eta juridikotik.

Legea aplikatzetik eratorritako beste batzuk ere badaude, hala nola historia kliniko elektronikoan egindako aldaketak, erregistroen konfidentzialtasuna bermatzeko eta mediku arduradun eta aholkularien lana errazteko, bai eta Batzordearena berarena ere.

 

 

Gasteiz, 2021eko Apirilaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko