Kulturako 363 profesionalek, pertsona autonomok, enpresak eta erakundek, laguntzak eskatu dituzte 2020an izandako diru-sarreren beherakadagatik

2021-04-16
  • Hala jakinarazi du gaur eguerdian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean Kontroleko Osoko Bilkuran emandako erantzunean
  • Kopuru hori zertxobait handitu daiteke, oraindik ordu batzuk falta direlako eskabideak aurkezteko epea gauerdian itxi arte
  • Guztira 1,1 milioi euro bideratuko dira 2020an pandemiaren ondorioz euren fakturazioan gutxienez % 20ko murrizketa jasan zuten kulturako profesionalei laguntzeko

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Elkarrekin-Ahal Dugu taldeko ordezkariak kultura-sorkuntza sustatzeko Sailaren planei buruz egindako galderari erantzunez, jakitera eman du Sailak 363 eskaera jaso dituela, oraindik deialdian ezarritako epea ixteko ordu batzuk falta direnean.

Sektoreka, hauxe da 363 eskaeren banaketa:

  • 103 Arte Eszenikoei buruzkoak,
  • 120 musika-sorkuntzarekin lotutako jardueren arlokoak,
  • 14 ikusizko arteen arlokoak,
  • 11 arkeologiarekin eta ondarearekin zerikusia dutenak,
  • 86 ikus-entzunezko sorkuntzari dagozkionak,
  • 3 bertsolaritzarekin lotutakoak,
  • 15 bitartekaritza- eta kultura-aholkularitzaren arlokoak
  • eta 11 literatura-sorkuntzarekin eta liburuen argitalpenarekin lotutakoak.

Kultur sektoreko 363 enpresa eta profesional hauek 2019tik 2020ra izandako diru sarreretan %64,62ko jeitsiera izan dute. Hau da, 2019an guztira 129 milioi euroko diru sarrerak izatetik, 2020an 45 milioi euro izatera jeitsi ziren.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak martxoaren 17an aktibatu zuen 1,1 milioi euroko diru-poltsa honetarako eskabideak elektronikoki aurkezteko epea gaur gauean itxiko da, 2021eko apirilaren 17ko 00: 00etan.

2019ko fakturazioarekin alderatuta, 2020an % 20tik gorako fakturazio murrizketa izan zuten pertsona autonomo, enpresa eta kulturako erakunde profesionalek jaso ditzakete laguntzak.

2020ko laguntzak

Orain eskaini diren laguntza berriak zuzenean lotzen dira 2020an zehar aktibatu zirenekin. Batetik, 8,6 milioi euro, 466 proiektu laguntzeko, besteak beste, literatura, musika, arte eszenikoak, plastikoak, ikus-entzunezkoak:

  • Literaturaren eta liburuaren sektorean: ia milioi bat euro eta 52 proiektu.
  • Musikaren sektorean: 644.000 euro eta 88 proiektu.
  • Arte eszenikoetan: 2,3 milioi euro eta 147 proiektu.
  • Arte plastikoetan: milioi erdi euro eta 63 proiektu.
  • Ikus-entzunezkoetan: 2,6 milioi euro eta 52 proiektu.
  • Eta zeharkako beste deialdi batzuk izan ziren: 1,6 milioi eta 64 proiektu.

Era berean, nabarmendu behar dira 3,6 milioi euroko laguntzak artxiboen eta kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko, ikertzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio proiektu eta erakunde garrantzitsu eta traktoreek jasotzen dituzten zuzeneko diru-laguntzak, hala nola Zinemaldiak, Musika hamabostaldiak, Tabakalerak, Guggenheim Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Artium Museoak, Euskadiko Orkestak eta abarrek, gure kulturgintzaren eta sortzaileen lana sustatzen duten neurrian.

Bestetik, pandemia egoerak eraginda 2020an beste diru-laguntza berezi hauek ere aktibatu ziren:

  • Deialdi berezia, Lanbidek kudeatua, kulturako profesionalentzat, haien jarduerak bertan behera edo etenda geratu baziren. 104 eskatzaileri eman zitzaien laguntza, eta 432.000 euro bideratu ziren horretarako.
  • MikroETE kategoria duten kultura-sektoreko sozietate eta elkarteentzako diru-laguntzen deialdia. 72 mikroETEri lagundu zitzaien. Guztira 413.000 euro.

Hirugarrenik, arlo ezberdinetako enpresa eta erakundetako ekimenei eta sortzaileei laguntzeko programa bereziak:

  • Euskal sortzaileei eta liburu-edizioaren, arte plastikoen, ilustrazioaren, ikus-entzunezko ekoizpenaren, katalogazioaren eta digitalizazioaren esparruetako erakundeen eta enpresen jarduerari zuzendutako laguntza-lerro bereziak, guztira 1,7 milioi eurorekin.
  • Durangoko Azokari bideratutako 100.000 euroko ez ohiko diru laguntza pandemia egoerari egokitutako edizio berezia ahalbideratuz.
  • BESTE BAT! 1,5 miloi euro zuzeneko arteen zirkuitua sustatzeko eta finantzatzeko, 250 inguru kontzertu eta ikuskizunekin.

Kultura sortzen laguntzeko ohiko ildoak

Legebiltzarrean egindako hitzaldian, sailburuak gogorarazi du, baita ere, Sailak irekita dituela Gobernu Programan hartutako konpromisoak betetzeko ohikoak diren laguntza-ildo eta diru-laguntza guztiak, Euskadiko kultura- eta gizarte-aberastasuna indartzeko gure ekonomian eta enpleguan pisu handia duen sektore batean, bai zuzenean, bai beste sektore batzuen bidez, hala nola turismoan edo ostalaritzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak