Eustatek guztira 211 estadistika-eragiketa planteatu ditu 2021erako, 20,5 milloi euroko kostuaz

2021-04-21

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) 211 estatistika-eragiketa planteatu ditu 2021eko Urteko Estatistika Programan, aurreko urtean baino bat gehiago. Eragiketa horien kostua 20,5 milioi euro. 2021eko Programaren proposamen hau Estatistika Planak garatu eta gauzatzeko tresna da. Horiek dekretu bidez onartzen ditu Jaurlaritzak.

Horretarako, Euskal Estatistika Kontseiluak, gaur, asteazkena, Eustatek aurkeztutako dekretu-proiektuaren aldeko txostena egin du. Euskal Estatistika Kontseilua kide anitzeko organoa da. Bertan, estatistikak egiten dituzten organoak eta gizarte-eragileak daude ordezkatuta, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazu du kontseiluburu. Organo instituzionalen artean, EUSTAT ez ezik, honako hauek daude: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta Eudel (EAEko udalerrien ordezkari gisa). Gizarte-eragileen artean, unibertsitateen, merkataritza-ganberen, enpresa-konfederazioen, sindikatuen, Legebiltzarraren, Batzar Nagusien, kontsumitzaileen elkarteen eta Emakunderen ordezkariak daude.

2021eko Urteko Estatistika Programaren Proiektuak indarrean dagoen egungo planean aurreikusitako jarduerak gauzatzen ditu, hau da, 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planean, Eusko Legebiltzarrean 2019ko ekainean legez onartutakoan, aurreikusitakoak.

Urteko Estatistika Programaren Proiektuak duen elementu nagusia 2021ean zehar egin beharreko estatistika-eragiketen 211 fitxak dira. Fitxa bakoitzak honako informazio hau jasotzen du: helburu orokorrak, erakunde arduraduna, parte hartzen duten erakundeak, lurralde-esparrua, emaitzak hedatzeko aldizkakotasuna, hedapen-egutegia, informazio-unitateak, informatzaileak eta aurrekontua.

2021eko Programaren kostua 20,5 milioi euro da guztira, eta Eustatek jasaten du gasturik handiena (kostu osoaren % 72,6). Ondoren, honako hauek datoz: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 7,3); eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 5,2).

2021eko Urteko Programa honetan jasotako 211 estatistika-eragiketetatik, Eustat 113ren arduraduna da, eta gainerakoak (98) honela banatzen dira sail bakoitzari erreparatuta:

 

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 30 eragiketa.
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 13 eragiketa.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 11 eragiketa.
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 10 eragiketa.
  • Osasuna: 10 eragiketa.
  • Lana eta Enplegua: 7 eragiketa.
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 6 eragiketa.
  • Ogasuna eta Ekonomia: 4 eragiketa.
  • Segurtasuna: 4 eragiketa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 3 eragiketa.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak