Arriola sailburuak eta Algeposako presidenteak salgaiak garraiatzeko hitzarmen bat sinatu dute, urtero A8 errepidetik 6.000 kamioi igarotzea saihesteko

2021-04-15

Lankidetza berriaren ondorioz, urtean 100.000 eta 150.000 tona bobina artean trenez garraiatuko dira Pasaiako portutik Durangoraino

Trakzio elektrikoa erabiltzeak bidea emango du urtean 600 tona CO2 isuri ezabatzeko, errepideko garraioaren ordez trenbide-garraioa ezarriko baita

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Euskotren Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoko presidente gisa, eta Maria Luisa Guibert Algeposako presidenteak salgaien trenbideko garraioa bultzatuko duen akordioa sinatu dute ostegun honetan. Legegintzaldi honetako lehen akordioa da salgaien trenbideko garraioa sustatzeko, eta Sailaren ildo estrategiko bat Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sisteman mugikortasun jasangarrirantz aurrera egiteko.

Hitzarmenari esker, zenbatespenen arabera, Euskotrenek 100.000 eta 150.000 tona bobina artean garraiatuko ditu urtean, pandemiaren bilakaera zein den eta horrek salgaiei nola eragiten dien. Trenez 150.000 tona bobina mugitzeak berekin dakar EAEko errepideetatik —zehazki, A8 errepidetik— kamioien 6.000 joan-etorriko kentzea. Bolumen hori Euskotrenen aurreko urteetako salgaien trafikoa baino askoz handiagoa da. 2019an, 5.460 tona garraiatu zituen.

EAEko errepideetatik 6.000 kamioi igarotzea saihesteak ia 600 tona CO2 gutxiago isurtzea dakar, tren elektrikoek ordezkatuko baitute zirkulazio hori. Trenak kamioiek baino berotegi-efektuko % 68 gas gutxiago isurtzen du salgaien kantitate bera garraiatzeko, eta, bagoi bakoitzeko, joaneko bi kamioi eta itzulerako beste bi kentzen dira horrela.

Gaur emandako urrats berriari esker, Pasaiako portura iristen diren Europatik etorritako bobinen lekualdatzeak trenbidez egingo dira Durangoraino, eta haiek azken miliako kamioien gurpil baten bidez entregatuko zaizkio bezeroari. Euskotrenen eta Algeposaren arteko lankidetzan sakontzen du akordioak, Algeposaren Railsider logistika-banaketaren bidez. Izan ere, duela hamarkada bat baino gehiago elkarrekin lan egiten dute biek. Hasieran ezarritako konpromisoa 4 urterako eta eguneko tren baterako da, eta luzatzeko aukera aurreikusita dago, eskariaren bilakaeraren arabera. Akordioak barne hartzen du bi batzorde sortzea (bat zuzendaritzakoa eta bestea espezializatua), eta bi batzordeek elkarrekin lan egingo dute Euskotrenek parte har dezakeen salgaien zabalera metrikoko trenbide-operazio gehiagoren negozio-aukerak aztertzeko.

Salgaien garraioaren elektrifikazioan aurrera egitea

Akordioaren sinaduran, sailburuak honako hau azpimarratu du: “Euskotrenek salgaien garraioa sustatzeko lan egiten du. Ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik apustu garrantzitsua da, eta horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistema gero eta intermodalagoa eta jasangarriagoa izan dadin”. Bestalde, Algeposako presidenteak azaldu duenez, “talde logistiko multimodal gisa, akordio hau funtsezko mugarria da gure ildo estrategiko nagusietako bat garatzeko, gure bezeroek efizienteagoak, berritzaileagoak eta ingurumenaren aldetik jasangarriagoak diren irtenbide logistiko beharrei erantzunez”.

Kontratu honek irauten duen bitartean, era berean, zabalera metrikoko trenbideak Pasaiako Portuan sartuko dira berriro, eta kamioi elektrikoak erabiltzeko aukera aztertuko da, ibilbide horren azken milian zero isuriko garraioa lortzeko.

 

4 iruzkin
  • @macresporico
    2021-04-15
  • 2021-04-15

    Errepidetik garraioa sahiestu behar da, emisioak eta arriskuak gutxitu egiten dira

  • 2021-04-15

    Quitar todo lo que se pueda, transporte por carretera evitar riesgos y emisiones.

  • 2021-04-15

    Quitar todo lo que se pueda, transporte por carretera evitar riesgos y emisiones.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak