Kontsumobidek ohartarazi du iruzur informatikoak egiten ari direla hainbat kanalen bitartez
Kontsumoko Euskal Institutuak erabiltzaileari hainbat iruzurren bidez esteka batean sartzeko eskatzen dioten SMSen, WhatsApp-eko mezuen eta/edo mezu elektronikoen bidalketa masiboko beste kanpaina bat detektatu du. Esteka hori sakatuz gero, birus edo troiar bat deskargatzen da eta gure datuak eta pasahitzak lapurtzeko aukera ematen dugu, horrek dakarren arriskuarekin.
Detektatutako mezuetan, pakete bat entregatzeko arazoak, banku-konturen batean gertatutako arazoak (Santander bankuko kontuetan, adibidez) eta, berriki, Bitcoin kontuekin gertatutako arazoak aipatzen dira.
Zuhur jokatzea gomendatzen dugu. Lehenik eta behin, ustez idazten digun erakundearen bezeroak ez bagara, ezein paketeren zain ez bagaude edota zerbait arraroa dela iruditzen bazaigu, mezua ezabatzea da onena.
Zalantzaren bat izanez gero, onena da erreferentziazko erakundearekin zuzenean harremanetan jartzea eta informazioa jasotzea; ezein kasutan ez dugu sartu behar mezuak eskaintzen digun estekan.
Kontsumobidek azpimarratu nahi du ez dela inola ere sartu behar esteka horretan, seguruenik gure ordenagailua edo gailu mugikorra kutsatuko baitu, edota gure datuak eta pasahitzak “lapurtu”. Gogorarazi beharra dago, halaber, banku-erakundeek edo antzekoek inoiz ez dizkigutela eskatuko datu pertsonalak (hala nola nortasun-agiriaren zenbakia, izena, kontu-zenbakia, pasahitzak edo antzekoak) sistema horren bidez.