Kontroleko osoko bilkura (2021/04/16)

2021-04-16

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari eginapandemia-egoera honi behar bezala erantzutearen inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du pandemiari emandako erantzuna egokia izaten ari dela, "egunetik egunera hobetzen ari garelako". Ildo horretan, esan du egora berrietatik ikasten saiatzen ari direla, nazioarteko praktika onenak jarraituz. "Ez dago erabateko ziurtasunik, eta bilera bakoitzean zer hobetu dezakegun galdetzen diogu geure buruari", gaineratu du.

Lehendakariak erantzun sozialari eusteko deia egin du, bereziki larunbat honetan. "Kopako finala etxean jarraitu eta ospatu behar da, beti ere ohiko elkarbizitza unitatea mantenduz", azpimarratu du. Hala, lehentasuna neurriak betetzea dela azpimarratu du, osasun publikoa eta pertsonala zaintzeko.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren gaineko Estatuaren legearen aurreproiektuari eta Eusko Jaurlaritzaren politikan dagokion ezarpenari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza aspalditik ari dela lanean eta "klimaren anbizioaren" bidean jarraituko duela. Hala, legegintzaldi honetan Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege berri bat onartuko dutela esan du, eta horren aurreproiektua izapidetzen hasiak direla. Horrez gain, Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala tramitatzeari ekin diotela azaldu du, energia berriztagarrien ekoizpena handitzeko helburuak betetzeko.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du energia berriztagarriak Gobernuaren helburu direla, gasa trantsizio-elementu gisa hartuta. Euskadiko gasaren kudeaketaren plangintzari eragiten dion Estatuko Legeak ezarritako irizpide berria dela eta, lehendakariak energia berriztagarriko instalazioen egikaritzea azkartzeko beharra adierazi du, trantsizio energetikoaren helburuei erantzuteko.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadin COVID-19aren pandemiaren aurka egiten den borrokaz lehendakariak duen balioespenari buruz.

Lehendakariak adierazi du egoera kezkagarria dela, baina bilakaera etengabe hobetzen ari dela, Euskadi eta beste erkidego edo herrialde batzuk olatu berri bakoitzaren aurrean erantzuna eta emaitzak hobetzen ari direlako. Hain egoera zail eta ezohikoan, erkidego eta herrialde guztietan, lehendakariak elkarlanerako jarrera eskatu du, "Jarrera positiboa desiragarria da eta gizartearentzat onuragarria izango litzatekeelako", adierazi du.

Txertoari dagokionez, bide onetik goazela esan du, "leku berera iritsiko gara eta denak batera iritsiko gara". "Txertoa gure gizartearentzat albisterik onena da", gaineratu du.

Alarma egoerari dagokionez, Iñigo Urkulluk orain arte defendatu duen irizpide berari eutsi dio: erabateko segurtasun juridikoa behar dugu gure erabakietan. "Ez dezagun arreta jarri erabakiak hartzeko tresna juridikoan, hartzen ditugun erabakien segurtasun juridikoan baizik", zehaztu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, datorren maiatzaren 9rako aurreikusten den alarma-egoeraren bukaeraren aurrean Eusko Jaurlaritzak jarraitu beharreko estrategiari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, maiatzaren 9ko balizko alarma-egoeraren bukaeraren aurrean aurreikusitako estrategia Osasun Publikoa babesteko hartzen diren neurri guztien segurtasun juridikoa bermatzean datza. Ildo horretan, 1986ko Osasun Publikoko neurri berezien Legea aldatzen ez den bitartean, "Alarma egoera"ren babes juridikoari eutsi behar zaiola esan du. "Bizi dugun ziurgabetasunaren aurrean, alternatiba ezin da ezereza izan", gaineratu du.

Urkulluren esanetan, Gobernuak aurreikusitako estrategia eraikitzailea eta zehatza da, eta honako ekimen hauek garatzean datza: akordioa eta hitzarmena Espainiako Gobernuarekin, aldebiko elkarrizketaren bidez, baita autonomia-erkidegoekin eta Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluarekin ere; Bizi Berri Plana eguneratzea; egungo estaldura juridikorik gabeko egoera baterako prebentzio-neurriak antolatzea; LABIko Aholku Batzordearen barruan erakunde arteko akordioa dekretu berri bat aurreratzeko, eta, Talde parlamentarioekin lankidetzan aritzea Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Covid pandemia kudeatzeko neurriei buruzko Legea kontrastatzeko eta onartzeko.

Interpelazioa, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskaltel enpresaren salmentaren aurrean Jaurlaritzak duen jarrerari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lankidetza harreman estua izango duela enpresa berriarekin. "Euskadiko ekonomia digital berriaren etorkizunarekin konprometituta gaude. Gure borondatea da, eta ez diogu elkarlanerako formulari uko egiten", gaineratu du.

Telekomunikazioen sektore ireki eta global batean, Lehendakariak adierazi du Euskaltelek berak bakarrik zailtasunak zituela 5G-aren inguruan beharrezko inbertsioak egiteko, eta MásMóvilekin batera ohorezko dibisio horretan jokatzeko aukerak dituela, eta hori positiboa izango dela Euskadirentzat. "Aukera hau aprobetxatzea erabakitzen dugu, gutxienez bost urteko epearekin, proiektu honek Euskadin eraldaketa teknologikoa eta digitala bultzatzen lagun dezan", azaldu du. Urkulluren ustez, errotzea, ikuspegi publikotik, inbertsiorako erakargarria izango den ekosistema zientifiko-teknologiko-enpresarial bat sortuz, sektore pribatuarekin proiektu bateratuak garatuz eta Euskadin instalatutako enpresen emaitzetan eta potentzialean funtsezko kate-maila izango den tokiko merkatua sendotuz bermatzen da- "Hori da enpresen errotzea eta inbertsioa erakartzea bultzatzeko bidea", azpimarratu du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, MásMóvil-ek Euskaltel erosteko egindako eskaintza publikoaren ondorio ekonomikoei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Euskaltel MásMóvil-ek erostearen ondorio ekonomikoak positiboak direla 5 urtera begirako ikuspegian; izan ere, une horretatik aurrera, telekomunikazioen agertoki berrian, erronka eta aukera baten aurrean kokatzen gara. "Teknologikoetan eta digitalizazioan aurrera pausoak emateko aukera sortzen du operazio honek", adierazi du. Lehendakariaren ustez, argi dago Europako merkatuak aurrera egin eta indartu egin behar duela, lehiakorra izan nahi badu eta iraultza digital berriaren trena galdu nahi ez badu; eta, bere ustez, agertoki horretan Euskaltel eta MásMóvil batzea aukera bat da Euskadirentzat.

Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak baliabideak jarri dituela ekonomiaren eraldaketa digitalari aurre egin ahal izateko, sistema zientifiko-teknologiko eta enpresariala izateko. "Ez diogu etorkizunari beldurrik izan behar. Beti jakin izan dugu globalizazio-prozesuen aurrean erantzuten, eta orain ere lortuko dugu. Ziur nago", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak