Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Enpresetan teknologoak eta ikertzaileak kontratatzeko laguntza publikoak eskatzeko epea gaur ireki da

2011.eko uztailak 06

Teknologoak eta ikertzaileak kontratatu nahi dituzten euskal enpresek gaurtik aurrera eska ditzakete Eusko Jaurlaritzak Ikertu programaren bitartez haien eskura dituen laguntzak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntza-ildo horrek 1,1 milioi euroko zuzkidura du 2011ko eta 2012ko ekitaldietarako. Ikertu programaren helburua enpresen jakintza-ekonomia indartzea da, hori funtsezko tresna baita enpresa-lehiakortasunerako.

Diruz lagundutako ekintzak bi motatakoak dira: giza kapital zientifiko-teknologikoa enpresetan eta enpresa-elkarteetan gaitzeko eta espezializatzeko laguntza; eta enpresetako I+G+B bultzatzea, langile ikertzaileak eta teknologoak kontratatuz. Azken hori bi kategoriatan banatuta dago: senior eta junior, eta bietan kontratatutakoek I+G+B proiektuetan aktiboki inplikatuta egon beharko dute.

Egoitza soziala edo I+G+B jarduerak garatzen dituen produkzio-zentro bat EAEn duten enpresak eta enpresa-erakundeak izango dira Ikertu programaren erakunde onuradunak, bereziki ETEak eta oinarri teknologikoko enpresa berriak.

Laguntza horien helburua enpresetako giza kapitala indartzea da, prestakuntza pertsonalizatuaren eta enpresan I+G indartzeko gazte ikertzaile eta teknologoen kontratazioaren bitartez, eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, langile bakoitzeko gehieneko zenbatekoa dagokion eranskinean adierazita egonik.

Eskabideak aurkezteko epea gaur hasiko da, asteazkena, uztailaren 6a, eta 2011ko abuztuaren 5ean amaituko da.

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen enpresa-estrategia indartzeko abian jarri dituen laguntzen multzoan dago barne hartuta.

Ildo horretan, joan zen urtean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 2010-2013ko Lehiakortasun Planak Euskadi ekonomia irekia, berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea bihurtu nahi du, eta gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik iraunkorra eta ingurumenaren ikuspuntutik orekatua.

Ikertuk Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarera talentuak erakartzea dakar, era horretan berrikuntzaren, teknologiaren, bikaintasunaren eta lehiakortasunaren ildotik lan eginez, baita teknologia- eta industria-ingurunean gertatzen diren aldaketei modu eraginkorrean aurre egingo dieten ikertzaile profesional eta lehiakorren prestakuntzaren ildotik ere.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 6a

 

Iruzkin bat
  • @IDELabs
    2011.eko uztailak 06

    Comentario de Twitter:
    Hoy comienza el plazo para pedir ayudas p úblicas para contratar a tecn ólogos e investigadores en las empresas http://t.co/FF5iMcc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan