Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Giza Eskubideen zuzendaria Erlijio Aniztasunaren Behatokiko gobernu organoaren kide da

2011.eko uztailak 05

Inés Ibáñez de Maeztu, Behatokiko batzordekidea, Pluralismo y Convivencia fundazioko Aholkularitza Batzordean dauden autonomia erkidegoen ordezkaria da

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Inés Ibáñez de Maeztuk parte hartu du gaur, Madrilen, Espainiako Erlijio Aniztasunaren Behatokiaren aurkezpenean. Ibáñez de Maeztu behatoki horren gobernu-organo gisa eratu den batzordekide da, Pluralismo y Convivencia fundazioko Aholkularitza Batzordean dauden autonomia erkidegoen ordezkari bezala: Euskadi, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Ceuta, Extremadura eta Valentzia.

Espainiako Erlijio Aniztasunaren Behatokia Espainiako udalerrietan erlijio aniztasunaren kudeaketa publikorako ezagutza transferitzeko tresna da. Horren batzordeburua Justiziako ministroa den Francisco Caamaño da. Konstituzioaren printzipioekin eta Espainian Erlijio Askatasunaren Eskubidea erabiltzea arautzen duen arau-esparruarekin bat datozen kudeaketa-ereduak ezartzeko orduan herri administrazioei laguntzea helburu duen web-sistema bat da.

Behatokiak erreferentziazko atari bat izan nahi du ikertzaileentzat eta, oro har, erlijio aniztasunaren dimentsio ezberdinak behar dituen edo horietara hurbiltzea nahi duen edozeinentzat. Helburu horrekin:

- Espainiako Estatuan hedatuta dauden erlijio-konfesioen gurtza-lekuei buruzko udalerri-mailako datu eguneratuak eskaintzen ditu eta horien bilakaera aztertu ere.

- Erlijio askatasuna erabiltzeko orduan eragina duen araudia sistematizatzen du.

- Erlijio aniztasunaren kudeaketa publikoari laguntzeko gidak prestatzen ditu.

- Erlijio aniztasunaren kudeaketa publikoaren praktika onak identifikatu eta sustatzen ditu.

- Administrazioen eskaerak kanalizatzen ditu eta erantzunak ematen ditu kudeaketa publikoko berariazko ibilbideen bitartez.

- Erlijio aniztasunari eta Espainiako gizartean duen eraginari buruzko ikerketa eta ekoizpen bibliografikoa sustatzen ditu.

Espainiako Erlijio Aniztasunaren Behatokia Justizia Ministerioaren, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioaren eta Pluralismo y Convivencia fundazioaren ekimena da. Horren garapen zientifikoan dagoeneko parte hartu dute Deustuko Unibertsitateak eta Ellacuria fundazioak, unibertsitatekoak eta fundazioetakoak diren beste ikerketa-talderen artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan