2020an, pandemiak eta konfinamenduak markatu dituen urtean, % 11,3 jaitsi dira delituak Donostian
- Delituei buruzko datu gehienak jaitsi dira: indarkeria erabiliz egindako lapurretak (-% 34,82), ebasketak (-% 34,56), sexu-askatasunaren kontrako delituak (-% 32,95) eta familia barruko lesioak (-% 8,65)
- COVID-19ak eragindako baldintzen eta online erosketen igoeraren ondorioz, % 120 egin dute gora iruzurrek: 2019an 875 zenbatu ziren eta iaz 1.932
- Koordinazioa eta prebentzio aktiboa dira hirian delituen beheranzko joera finkatzeko eta herritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko Ertzaintzaren eta Donostiako Udaltzaingoaren estrategia bateratuaren oinarriak
Gipuzkoako hiriburua, Donostia, hiri segurutzat hartzen da, eta 2020a, martxotik aurrera COVID-19ak markatu duena, beheranzko joeraren lekuko izan da Ertzaintzak eta hiriburuko Udaltzaingoak jasotako arau-hauste penal gehienetan. Delituei buruzko datuetan % 11,33ko jaitsiera hauteman da aurreko urtearekin alderatuta. 2019an 12.000 arau-hauste penal jaso ziren, eta 2020an 10.640 jaso dira.
Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak delitu estrategikoei buruz egin duten analisian ikusten da batez ere pertsonen eta ondarearen aurkako delituek egin dutela behera, salbuespenak Internet bidez egindako delitu informatikoekin zerikusia duten iruzurrak izanik.
2020 urtearen ezaugarri nagusia izan da ez duela jarraitu “delitu-patroi tradizionala”; izan ere, martxoaren 14tik, alarma-egoera onartu zenetik, pandemiak eragin zuzena izan du hiritarren bizitzan, enpresetan, mugikortasunean eta beste hainbat alderditan. Konfinamendua eta hirian gaueko bizitza murriztu izana ere oinarrizko faktoreak izan dira datuen analisia egiterakoan.
- Pertsonen aurkako delituak: Etxeetan gertatu ohi diren arau-hausteak, tratu txarrak eta familia barruko indarkeria, zertxobait, % 5,4, jaitsi dira. Bestalde, eraso fisikoengatik (lesioak) eta sexu-delituengatik bideratu diren kasuek nabarmenago egin dute behera: % 33,61 eta % 32,95, hurrenez hurren.
- Ondarearen aurkako delituak: Indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak % 34,82 jaitsi dira 2020an 2019arekin alderatuta, neurri batean ordutegietan eta mugikortasunean ezarritako murrizketen ondorioz. Aipatzekoa da gutxitu egin direla ebasketak (-% 34,56), 4.821etik 3.155era jaitsi baitira, etxeetan indarra erabiliz egindako lapurretak (-% 13,97) eta kalte-delituak (-%17,66). Etxeetako eranskinetako edo trastelekuetako lapurretek, aldiz, gora egin dute, gertakari horiengatik jarritako salaketak 175etik 252ra igo baitira, itxura denez pandemiak markatu duen urte honetan lapurrentzat irisgarriagoak izan direlako.
- Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak (droga-trafikoa): Osasun publikoaren aurkako era honetako delituengatik, hau da, droga-trafikoagatik, bideratu diren salaketak 53tik 83ra igo dira. Bestalde, % 28,42 jaitsi dira Gipuzkoako hiriburuan alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik erregistratutako kasuak, hain zuzen ere, gaueko aisialdia eta gaueko orduetan ibilgailuen zirkulazioa gutxitu izanaren ondorioz.
- Donostian 1.000 biztanleko delituen tasa % 64,03tik % 56,52ra jaitsi da 2020an.
ERTZAINTZAK ETA UDALTZAINGOAK 3.619 PERTSONA ATXILOTU EDO IKERTU DITUZTE
Prebentzio jarraituak, ikerketa- eta inteligentzia-lan eraginkorrak lagunduta, 2020an Donostian agintaritza judizialaren esku jarritako atxilotuen eta ikertuen zifrari eustea ahalbidetu du.
Delituek behera egin duten arren, zertxobait gora egin du (% 2,9) Ertzaintzak eta Udaltzaingoak atxilotutako eta ikertutako pertsonen kopuruak: 2019an 3.517 izan ziren eta 2020an 3.619
ESTRATEGIA BATERATUA, PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA, INFORMAZIOA ETA ANALISIA
Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren estrategia aurrerantzean ere izango da hiriko auzoetan patruilen, bai auto-patruilen bai oinezkoen, lana indartzea, hain zuzen ere, hiritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta bizilagunek segurtasunaren arloan dituzten premiei erantzuteko, bai eta giza eta material baliabideei probetxu hobea ateratzeko ere.
2020an behar-beharrezkoa izan da bi polizia-kidegoak koordinatzea eta pandemiak planteatutako egoera berrietara egokitzea, nabarmen areagotu baitira herritarrei laguntza eta arreta emateko lanak, eta, gainera, etengabe aldatzen eta egokitzen joan den osasun-araudia barneratu eta betetzen dela zaindu behar izan da.