Eusko Jaurlaritzak berritu egin ditu koronabirusaren ondorioz kalteberatasun ekonomikoan eta sozialean bizi diren errentariek etxebizitza libreetan alokairua ordaintzeko laguntzak (Gobernu Bilera 2021-4-13)

2021-04-13

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuaren Agindua; haren bidez, 2021erako Covid-19aren krisiaren ondorioz ahulezia ekonomikoan eta sozialean dauden eta Euskadiko alokairu libreko etxeen parkean errentariak diren pertsonentzat ezarritako laguntza zuzenak ematea arautzen eta deitzen da.

Alokairuaren ordainketa partzialari edo osoari erantzuteko laguntza ekonomiko horren onuradun izan daitezke osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratzen diren edo ABEEE egoeran egon diren pertsona guztiak, bai eta langile autonomoak edo enpresariak izan eta haien diru-sarreretan edo salmentetan % 40ko edo gehiagoko beherakada jasan duten pertsonak ere. Deialdiak lan-kontratuan aldaketak jasan dituzten eta lanaldia murriztuta duten pertsonak ere barne hartzen ditu, dela kontratua lanaldi partzialera aldatu dietelako dela familiartekoak zaintzeko, kontziliaziorako eta adingabeak edo nagusiak zaintzeko aldaketa egin behar izan dutelako.

Gainera, onuradun izan ahalko dira, halaber, arauan kalteberatasun berezikotzat jotzen diren pertsonak, eta, haien kontura, pertsona horiei bizitegirako irtenbidea ematea helburu duten administrazio publikoak, enpresa publikoak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarlaneko ekonomiakoak edo antzekoak. Honako pertsona hauek joko dira kalteberatzat: maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen (Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa) 1. artikuluan jasotzen direnak, ohiko etxebizitzatik botatzen dituztenak eta etxegabeak.

Aginduak Sailaren konpromisoa berritzea dakar; 2020an laguntza hori ezarri zuen, eta 2.182 familiek jasotzen ari dira, pandemiaren ondorioz alokairuaren ordainketa partziala edo osoa betetzeko arazoei erantzuteko,

Pandemiaren ondorio ekonomikoek eta sozialek 2021. urtean zehar iraungo dutelako aurreikuspena kontuan hartuta, eta kalteberatasun-egoera batzuk pandemiak jarraitu edo irauteagatik larriagotu daitezkeenez, 2021ean laguntza jaso dezakete bai 2020an jaso eta egoera berean jarraitzen dutenek bai lehenengoz eskatzen dutenek. Horretarako, hasiera batean 1 milioi euroko aurrekontua gaitu da, laguntzak kudeatzen dituen Alokabide sozietate publikoak antzeman duen eskaria oinarri hartuta. Kopuru hori handitu egingo da, beharrezkoa bada.  

Laguntza jaso ahal izateko oinarrizko eskakizunak honako hauek dira:

-Alokairu-kontratua izatea EHAAn Agindu hau argitaratzen den egunean banaka edo errentarikide gisa, eta beste etxebizitzarik ez izatea.

Hala ere, programa osagarria dela eta, eskatzaileak errentamenduko, azpierrentamenduko, logelen alokairuko edo ostatatzeko kontratuaren titular izan ahalko dira. Kontratu hori gehienez 2 hileko epean formalizatu ahalko da, laguntza emateko ebazpena ematen denetik, eta Alokabideri bidali beharko zaio, bigarren ordainketa kobratzeko.

-Familia-unitatearen urteko diru-sarrera gordin haztatuak 39.000 euro baino gehiagokoak ez izatea azken zerga-ekitaldian; kopuru hori babes ofizialeko etxebizitza batera jo ahal izateko gehieneko kopurua da. Bestalde, ezingo da izan 50.000 euro baino gehiagoko ondarea (dirua, tituluak, balioak, ibilgailuak edo bestelako jabetzak).

-Errentaren zenbatekoa gehi erkidegoaren gastuak eta oinarrizko hornidurak une horretako diru-sarreren % 30etik gorakoak izatea.

-Hileko alokairuaren zenbatekoa ez izatea etxebizitzari dagokion lurralde-eremuari aplikagarri zaion batez besteko errenta baino 1,5 aldiz handiagoa (1,75, familia ugarien kasuan), Alokairuaren Merkatuaren Estatistikaren 2019ko ekaineko datuen arabera. Familia ez-ugariaren etxebizitzaren kasuan, laguntza eskatu ahalko dute hilean 924,8 euro arteko alokairua dutenek Gasteizen, gehienez 1.324,5 eurokoa dutenek Donostian eta 1.113,2 euro artekoa dutenek Bilbon.   

Laguntzaren zenbatekoa, Euskadin indarrean dauden etxebizitzaren prestazio osagarriaren eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren ildo beretik, hilean 250 eurokoa da –mantendu egiten da–, eta sei hilez aplikatuko da. Zenbateko osoa 1.500 euro izan ahalko da. Bi ordainketatan emango da: % 50 laguntza emateko unean eta beste % 50a, hiru hilera, baldin eta kalteberatasun-egoerak jarraitzen badu.

Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Izapidetzea, ahal dela, telematikoki egingo da, www.euskadi.eus web-orriaren eta Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus web-orrian dituen kanalen bidez. Eskabidea kanal telematikoen bidez eskura daiteke, eta, harekin batera, diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentazioa eta eskakizunak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dira.

Deialdia ez da lehiakorra, eta laguntza finalista da. Ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta horretarako banku-erakundeek ICO bermearekin emandako mikrokredituak itzultzeko (martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jaso dira) erabili behar dira.  

Bestalde, gaur onartutako aginduak eutsi egiten die genero-indarkeriaren biktima diren pertsonei, ohiko etxebizitzatik kaleratzen dituztenei, etxerik ez dutenei edo bereziki kalteberak direnei zuzentzen zaizkien programa horren laguntzei. Eta, haien kontura, pertsona horiei ostatu-irtenbidea emateko ardura duten administrazio, enpresa publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzentzen zaizkienei. Kasu horietan, egiturazko izaera aintzat hartuta, laguntza osoa hamabi hilerokoa izango da, eta, hala, 3.000 eurokoa izango da.

Agindu horrek aurreikusten dituen laguntza guztiak ez dira bateragarriak izango helburu horretara bideratutako gainerako laguntza publikoekin: ASAP, Bizigune, Gaztelagun, etxebizitzaren prestazio osagarria, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa edo gizarte-larrialdietarako laguntzak, alokairuko gastuetara zuzendutakoak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko