Berriak Hezkuntza

Hezkuntza sailak 770.000 euro bideratu ditu lanbide heziketako berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako (Gobernu Bilera 2021-4-13)

2021-04-13

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Agindu bat onartu du. Aipatutako Aginduaren bidez, 2021-2022 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza-proiektuak egiteko dirulaguntzak deitzen dira. Proiektuok, honako plan hauek  jasotzen dituzten ildo estrategikoekin bat etorri beharko dute: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Iraunkorreko eta Sistema Adimendunen Plana, eta Euskadiko Lanbide Heziketako Trantsizio Berderako Plana.

770.000 euroko diru kopuruarekin, deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako zentroetan irakasleak erabat edo partzialki liberatzeko dirulaguntzak ematea, hauek berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza proiektuak egin ahal izan ditzaten. Aipaturiko proiektu horiek 2021-2022 ikasturtean gauzatu beharko dira. Proiektuok garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleenganaino iristea izango da helburua, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, Enpresa Txiki eta Ertainetara (ETE) bereziki.

Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen proiektuen artean, lehentasuna izango dute honako gai hauetakoren batekin zerikusia duten proiektuek: Fabrikazio aurreratua; Fabrika digitala eta konektatua; Eraginkortasun energetikoa eta energia garbiak sortzea; Biozientziak eta Bioteknologiak; Ekonomia jasangarria; Ingurune birtualak; 4.0 Osasuna edo Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren Estrategiekin, zein gorago aipaturiko beste planetan jasotakoekin lotura nabarmena duten beste gai batzuek.

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek, baldin eta 2021-2022 ikasturtean erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak itunduta badituzte.

Deialdi hau bat dator Lanbide Heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzeko helburuarekin. Ingurune eta arlo horien bidez, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen da, eta, gainera, EAEko enpresei lehiakortasun abantailak ematen dizkie, bereziki ETEei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko