Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

  Eusko Jaurlaritzak Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialeko Plana eguneratu du 2021-2025 aldirako, eta kontrol eremu berriak sartu ditu (Gobernu Bilera 2021-4-13)

2021-04-13

 

  • Elikagaien eta pentsuen segurtasunari eta kalitateari buruzko araudi eskakizunak betetzen direla zaintzeko mekanismoetako bat da
  • Administrazioen arteko koordinazioa hobetzea, kontrol homogeneotasuna eta herritarrenganako gardentasun handiagoa ere lortzen ditu 

Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialeko Plana 2021-2025 aldirako eguneratzea. Kontrol Ofizialeko Plan Autonomiko hau tresna bat da euskal ekoizleen sektorean elikagaien segurtasuna bermatzeko eta, ondorioz, ekoizten ditugun elikagaien kontsumitzaileen osasuna babesteko. 

Estrategia orokor gisa garatu da, EBk elikagaien eta pentsuen kalitateari buruz eskatzen dituen arau eskakizunak eta Euskadiko elikagaien eta pentsuen kontrol ofizialean inplikatutako agintaritza guztien integrazio eta koordinazio beharrak betetzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, foru aldundietan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duten sailek eta Elika Fundazioak elkarrekin egindako lanaren emaitza da dokumentua; izan ere, horiek denek, elkarrekin arituta,  gure ekoizpen sistemen errealitatera eta euskal administrazioaren eskumen egiturara egokitu dute plana. 

Plan hau abian jartzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearekin bat etorriz, urrats handia izan da administrazioen arteko koordinazioan eta lankidetzan, nekazaritzako elikagaien katean zehar egiten diren kontrol ofizial guztiak elkartzeko. Horrela, hutsuneak eta gainjartzeak hautematea lortu da, eta, aldi berean, kontrol ofizialerako eskura dauden baliabideak optimizatzea. 

Landare ekoizpenaren eta animalien higienearen eta osasunaren arloko kontrol ofizialeko programak zabaltzea da plan berri honen nobedade nagusia. Aurreko 2016-2020 zikloko planak 11 kontrol programa zituen, eta plan berri horrek, berriz, 17 programa biltzen ditu, tartean direla, halaber, produktu fitosanitarioen merkaturatzearen kontrola, akuikulturako animalien osasuna, ugalketa produktuen establezimendu baimenduak, animaliak kontzentratzeko zentroak eta animalien identifikazioa eta erregistroa. 

Plan hau abian jartzearen beste lorpen handietako bat da euskal lurralde osoan eta planak bere baitan hartzen dituen sektoreetan ere (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikagaien kalitatea) egiten diren kontrolen homogeneotasuna, herritarrenganako gardentasuna handitzeaz gain, lan programak eta  prozedurak argitaratuz eta plana gauzatzeari buruzko urteko txostenen bidez kontrol ofizialeko jardueraren berri ematen baita. 

Plana, eguneratze berriak eta urteko txostenak barne, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitaratuta dago: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-desarrollo-economico-sostenibilidad-medio-ambiente/.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko