Eusko Jaurlaritzak 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia onartu du, politika aktiboetarako eskubide subjektiboa barne hartzen duena (Gobernu Bilera 2021-4-13)

2021-04-13
  • Lehendakariordeak kalitatezko enpleguaren, enplegu inklusiboaren eta berdintasunezkoaren aldeko hitzarmen-proposamen gisa aurkeztu du, eragile sozial eta politiko guztiei irekia

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia onartu du, kalitatera, inklusiora eta berdintasunera bideratutako enplegu-politiketan etapa berri bat irekitzeko. Etapa horrek prestakuntzarako eta aktibaziorako eskubide subjektiboa aitortzeari heltzen dio, enplegua Euskadiren aurrerabiderako eta kohesio sozialerako baliagarria izan dadin.

Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakariordeak Gobernu Estrategia horren berri eman dio Kontseiluari. Bertan, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartzen duten eragileen ekarpenak jaso dira, eta Legebiltzarreko taldeek egiten dituztenentzat zabalik dago. Horretarako, astearte honetan bertan, lehendakariordeak dagokion Batzordearen aurrean agertzeko eskaera formalizatu du, ebazpen-proposamenak aurkeztu ahal izateko, Saileko proposamen estrategikoei dagokienez aurretik egindako bileretan taldeetako bozeramaileekin hitz eman zuen bezala.

Estrategia bat dator Gobernu Programaren ardatzekin, Berpiztu programarekin, Espainiako Gobernua diseinatzen ari den estrategiarekin berarekin, Next Generation EU proiektuarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin, zehazki lan txukunari eta hazkunde ekonomikoari buruzkoarekin, zeinak dei egiten baitie administrazioei enplegu-zerbitzu publiko aktibatzaileak diseinatzeko, elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa sustatzeko, elkarlaneko lan-harremanen alde egiteko eta formula berritzaile, jasangarri eta inklusiboen alde egiteko, kalitatezko enpleguak bermatuko dituztenak.

Abiapuntuko diagnostikoa

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak (EEE 2030) COVIDek eragindako egungo krisiaren errealitatea eta oraindik ere ezezagunak direnak hartzen ditu abiapuntutzat; izan ere, aurreikuspen ekonomikoak etengabe eguneratzen dira, baina orainari eta etorkizunari begiratzen die Euskadiko langileek zer behar duten, enpresek zer behar duten ezagutu duten krisirik handienetik ateratzeko eta tresna berriak eskaintzeko, horietako batzuk duela hamar urte pentsatu ezin genituenak, eta beste batzuk, oraindik behar bezala aztertu ez direnak.

Ildo horretan, 2030erako EEEk adierazten du administrazio publikoak erabakigarriak izango direla egoera ekonomiko larri horretatik zuzen irteteko, pizgarri eta laguntza-tresna sendoak beharko direlako oraindik ere, enpresen jarduera berreskuratzea errazteko eta krisiak gure gizarteko talde zabalen enpleguan eta ongizatean duen eragina arintzeko.

Baina, gaur egungo urgentziez gain, euskal gizartearen eraldaketa handiek (teknologiko-digitala, energia-klimatikoa eta soziosanitarioa) enpleguetan, bai haien kalitatean, bai kantitatean, nola eragingo duten aztertzen du.

Hortik abiatuta, agertzen diren arriskuak eta aukerak aztertzen dira. Izan ere, Euskadik egiturazko defizitak ditu lan-merkatuan, hala nola behin-behinekotasuna, langabeziaren kronifikazioa edo pertsona-talde jakin batzuen aukera-desberdintasunak. Baina indargune handiak ere baditu, olatu desberdinak izan arren susperraldi jarraituan ikusten direnak, hala nola produkzio-sarearen sendotasuna eta langile askoren kualifikazio handia.

Eredu berri bat. Printzipioak eta helburuak

Eraldaketek desberdintasunak areagotu ez ditzaten eta prozesuen automatizazioaren ondorioz enplegua gal ez dadin, Estrategiak nahi den eredua definitzen du: Euskadiren garapen sozial eta ekonomikoari laguntzen dion lan-merkatua, iraunkorra eta berdintasunezkoa, kalitatezko enplegu-aukerak eskaintzen dituena, gizarteratzearen eta giza garapenaren alde.

Eredu hori bost printzipiotan oinarritzen da:

  1. Aukera-berdintasuna eta arreta eta zerbitzu espezifiko eta espezializatuak enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzat, eta konpromiso berezia enplegua lortzean eta garapen profesionalean eta ordainsari-garapenean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin.
  2. Aurrea hartzea, berrikuntza, erantzun-abiadura eta erresilientzia, gero eta aldakorragoak diren lan-ingurune eta -merkatuan erantzun azkarrak emateko.
  3. Lurraldeen arteko oreka, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen
  4. Adostasuna eta lankidetza, Euskal Enplegu Sistema osatzen duten eragileen gaitasun guztiak aprobetxatuz
  5. Gobernantza irekia eta maila anitzekoa, lidergo publikotik eta gizarte-eragileentzako funtsezko eginkizunarekin.

Helburuak honakoak dira:

  1. Kalitatezko enpleguan sakontzea, gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresna den aldetik
  2. Euskadiren garapen sozial eta ekonomikoari laguntzea, erresilientzia-enplegu baten bidez. Enplegu hori osatuko dute, batetik, gure produkzio-sisteman gertatzen diren aldaketetara egokitzeko gaitasun handia eta iraunkorra duten pertsonek, eta, bestetik, maila profesionalean eta bizi-mailan aukera-agertoki erakargarriak eskaintzen dituzten enpresek. Lan-aktibazio nahikoa gerta dadin sustatuz eta gure produkzio-sektorearen garapen-aukerei erantzuteko behar diren talentua kudeatzeko neurriak ezarriz.
  3. Enplegu Politika Aktiboetarako Eskubidea eskubide subjektibo gisa ezartzea, eta eskubide hori enplegu-zerbitzu publiko eraginkor eta kalitatezko bihurtzea, erantzun egoki eta azkarrak emateko gai izango dena, enplegu-galera minimizatzeko eta krisi edo eraldaketa sistemiko edo sektorialen aurrean suspertzea bizkortzeko.
  4. Enpleguari dagokionez, aukera-berdintasun eraginkorra bermatzea.

Lau bektore eta 26 gako 10 urterako

Printzipio horiek oinarri hartuta, hurrengo hamarkadan enplegu-politika publikoak antolatzeko 26 gakoak finkatu dira. Eta gako horiek lau bektore estrategikotan ordenatzen ditugu:

  1. Kalitatezko enplegua, gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresna gisa. Eta hemen biltzen dira eskubideak, laneko osasuna, klausula sozialak, ekintzailetza kolektiboa edo sustraitzea bermatzen dituen ikuskapenari buruzko jarduketa guztiak.
  2. Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea, lan egiteko modu berrien lehiakortasunari, talentuari eta integrazioari buruzkoa.
  3. Enplegu-politika aktiboetarako eskubide subjektiboa; eskubide hori gauzatzeko, enplegu-zerbitzu publikoa hobetzeko ekimenak dira.
  4. Eta azken bektorea, gainerako guztiekiko zeharkakoa dena, aukera-berdintasuna da, eta berekin dakar genero-berdintasunaren bermea, gazteen enplegagarritasuna, edadismoaren aurkako borroka, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aukerak eta zaintzen ekonomiaren enpleguen kalitatea.

Ardatz horiek guztiak 8 proiektu bultzatzaileren bidez islatuko dira:

  1. Euskal Enplegu Sistemaren Legea, jarduera guztiak arautzeko eta antolatzeko
  2. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko 4/2011 Legea eraldatzea, lan-aktibazioarekin duen lotura indartuz.
  3. Lanbide hobetzen, Euskal Enplegu Sistemaren funtsezko tresna publikoa.
  4. Enplegurako Prestakuntzako Euskal Esparrua eraldatzea, enpresen eta langileen premia espezifikoetara egokituta
  5. Enplegu eta Prestakuntza Plana, 3 trantsizio handiei dagokienez, pertsonak aukera berrietara errazago egokitzeko
  6. Egoitza-programa: sektore tradizionaletako enplegua, birkualifikazio- eta aktibazio-programa batekin
  7. COVID-19 talka-plana, krisi honetan galdutako enplegua berreskuratzeko
  8. Euskadiko enplegu-politika aktiboak ebaluatzeko sistema, enplegu-programen eraginkortasunari buruzko 360 graduko ebaluazioa egin ahal izateko.

Estrategia horren gobernantzarako, erakunde-maila guztien eta enpleguan eta haren kalitatean modu batera edo bestera esku hartzen duten eragile guztien lankidetza osoa dago, honako hauen bidez:

  • Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia; eginkizun nagusia izango du, eta bere eginkizunei estrategia honen sei hilean behingo ebaluazioa gehituko die.
  • Eta Enplegu Foroa, non eragile guztiak batuko diren jarduera guztiak kontrastatzeko eta laguntza teknikoa emateko.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko