Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Eusko Jaurlaritza pandemia kudeatzeko neurriei buruzko lege proposamenaren alde agertu da (Gobernu Bilera 2021-4-13)

2021-04-13

Eusko Jaurlaritzak gaur adierazi du aldeko irizpidea kobid-19aren ondorioz sortutako pandemia kudeatzeko neurriei buruzko lege proposamena aintzat hartzeko. Ekimena EAJ eta PSEko legebiltzar taldeek aurkeztu dute eta dagoeneko tramitatzen ari dira Eusko Legebiltzarrean.

Gobernu Kontseiluak, Gasteizen egin duen asteroko bileran, astearte honetan erabaki du argi berdea ematea kobid-19aren aurkako lege baten proposamenari. Izan ere, uste du Eusko Legebiltzarrari dagokiola Euskadin modu estruktural eta iraunkorrean herritarren, erakundeen, administrazioen eta pertsona publiko eta pribatuen portaera, konpromisoa eta erantzukizuna antolatzea, pandemiari aurre egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak uste du eskumen hori Eusko Legebiltzarrari dagokiola, bera baita euskal autogobernuaren adierazpenik gorena.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du lege erregulazio egonkor bat izatea, euskal administrazio publikoen eskumenekoak diren tresna juridikoak eta jarduketak zehazteko. Horren guztiaren helburua da osasun publikoa prebenitzea eta zaintzea, pertsonen segurtasuna bermatzea eta euskal osasun sistemaren gaitasunei eustea kobid-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz. 

Eusko Legebiltzarreko talde abertzaleek eta sozialistek planteatutako ekimenaren arabera beharrezkoa da lege proposamen hau izapidetzea Legebiltzarraren Erregelamenduaren 103. Artikuluan aurreikusitako presazko izapidearen bidez.

Lege proposamenaren zirriborroak adierazten duenez, alarma egoera denboran mugatuta dagoenez -epemuga maiatzaren 9rako dago aurreikusita eta haren jarraitutasuna airean dago-, premia larriei eta presazkoei erantzungo dien lege bat beharrezkoa da, eta horiek ezin dute itxaron etorkizuneko eta izugarri aldakorrak diren behar horietara egokitzeko moduko gogoeta eta diseinu prozesuen zain.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko