Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak indartu egin dute larrialdien kudeaketaren arloko lankidetza, erantzuteko gaitasuna optimizatzeko

2021-04-12
  • Aurretik ezarritako lankidetza-hitzarmena berritzean oinarritu den akordioa Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta Gasteizko Alkate Gorka Urtaranek izenpetu dute
  • Horrela, SOS Deiak zerbitzuak eta Gasteizko Udaleko suteak itzaltzeko zerbitzuak hobetu egingo dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten larrialdiei eman beharreko erantzun bateratua

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek berritu egin dute larrialdien kudeaketan bi erakundeak inplikatzen dituen lankidetza-hitzarmena, eta horri esker SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak eta Gasteizeko Udaleko Suteen Prebentzioko, Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak (SPEIS) indartu eta optimizatu egingo dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gertakariei eman beharreko erantzun bateratua.

Akordioaren bidez bi erakundeetako zentral operatiboen koordinazioa hobetuko da eta Gasteizko Suteen Prebentzioko eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak (SPEIS) presentzia handiagoa izango du Eusko Jaurlaritzaren interkonexio-sistema informatikoetan eta Segurtasun Sailaren ENBOR SAREA eta TETRA irrati mugikorreko komunikazio-sarean, eta, aldi berean, komunikazio-zentralaren eta aginte-egituraren eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikarien arteko interkonexioa optimizatuko da.

Horrez gainera, hitzarmenean, besteak beste, jaso da bi organismoek elkarlanean jardungo dutela taktika operatiboen lanketan, jarraipenean, ebaluazioan eta funtzionamenduan, gertakarien agertokian Aginte Postu Aurreratua ezartzerakoan eta larrialdiak kudeatzeko baliabide teknologikoen eta bitarteko bateratuen eraginkortasuna hobetzen lagunduko duen informazio zehatza trukatzean.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, baina amaitu aurretik bi aldeek beste lau urterako luzatzea adostu ahal izango dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko