Jokin Bildarratz hiru euskal unibertsitateetako errektoreekin eta Unibasq-ekin elkartu da
- Hezkuntza Saila zein unibertsitateak eta Unibasq bat datoz esatean 2020ko apirileko adierazpen bateratuan hartu zituzten konpromiso nagusiak –larrialdi egoerari erantzuna emango zioten lehentasunezko akordioetara iristeko- osotasunean bete direla
- Aldeek aurrerantzean ere elkarlanean eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, euren misio hirukoitzean (hezkuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzian)
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) osatzen duten unibertsitateetako errektoreekin elkartu da gaur eguerdian: Eva Ferreira EHUko errektorearekin, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitatekoarekin. Topaketan parte hartu du, halaber, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendariak, Iñaki Herasek.
Aipatutako erakunde eta unibertsitateek, 2020ko apirilaren 7an, pandemia betean, osasun-larrialdiko egoerari erantzuna emango zioten lehentasunezko akordioetara iristeko adierazpen bateratua sinatu zutenetik urtebetera burutu da gaurko bilera.
Beraz, gaurko bilera baliagarri izan da duela urtebete ezarri ziren helburuen eta hartu ziren konpromisoen balantzea egiteko, bai eta datozen hilabeteetarako lehentasunak zehazteko ere.
Alde guztiak bat etorri dira esatean 2020ko apirileko adierazpen bateratuan hartu zituzten konpromiso nagusiak osotasunean bete direla, eta balorazio oso positiboa egin dute egindako ahalegin kolektiboari eta 2019-2020 ikasturtea amaitzeko aurreikusitako emaitzei buruz. Ildo horretan, nabarmendu dute, funtsezkoa izan dela unibertsitate-komunitate osoak, salbuespenik gabe, emaitza horiek lortzeko egin duen lana eta egokitze-ahalegina.
Bileran, halaber, balioetsi egin da aurrez aurreko prestakuntza-ereduan eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen digitalizazio-prozesuak finkatzeko egin den baterako ahalegina, Hezkuntza Sailaren bultzadaren bidez. Ezohiko moduan, Hezkuntza Sailak 3.934.120 euro bideratu ditu 2020an, beharrezko izan diren digitalizazio-inbertsioak finantzatzeko. Horrela, 2020-2021 ikasturte honetan, Covid osasun-egoerara egokitutako presentzialtasunari esker prestakuntzaren, kalitatearen eta pertsonen segurtasunaren arloei lotutako erronka nagusiei heldu ahal izan zaie, eta, gainera, prestakuntza-eskaintzari osorik eutsi zaio.
Lehentasunak
Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateek eta Unibasq-ek epe labur eta ertainean izango dituzten lehentasunei dagokienez –gai hori ere jorratu baita bileran – honako hauek daude, besteak beste:
- Osasun-krisiari eta pertsonei arreta ematea unibertsitate eremuan, lehentasuna emanez unibertsitate-komunitatearen osasunari eta segurtasunari.
- 2020-2021 ikasturtea aurrez aurreko prestakuntza egokituan garatzea, urrutiko eta aurrez aurreko irakaskuntza-metodologiak erabiliz, ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta titulazioetan formulatutako gaitasunak eskuratzea bermatzen dutenak, kalitate-estandar egiaztagarriekin.
- 2021-2022 ikasturtea planifikatzea aurrez aurreko prestakuntza-eredu lehenetsiz eta digitalizazio prozesuak sendotuz.
- Arreta berezia eskaintzea egokitutako unibertsitate-prestakuntza behar bezala aprobetxatzeko zailtasun erantsiak dituzten ikasleei, izan egoera sozioekonomikoagatik, teknologikoagatik edo bestelako egoerengatik.
Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateek eta Unibasq-ek aho batez nabarmendu dute azken urtean izan duten lankidetza estuak sendotasuna, egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia erakutsi dituela, bizitako larrialdi-egoeraren aurrean. Gainera, lankidetzarako eta akordiorako gaitasuna bikaina izan dela egiaztatu ahal izan dute, erronkei elkarrekin aurre egiteko. Beraz, alde guztiek aurrerantzean ere elkarlanean eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, euren misio hirukoitzean (hezkuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian).
Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egin da bilera, eta Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak adostutako adierazpen bateratu berri batekin amaitu da.