Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 2.335 isun jarri dituzte Aste Santuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-04-06
  • Joan den asteazkenetik, Aste Santu bezperatik, atzo astelehenera arte, Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 2.335 isun jarri dituzte Euskadin, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Horietatik gehienak, 1.418, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte

Ertzaintzak eta udaltzaingoek Aste Santuko opor-egun hauetan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horien ondorioz 2.335 isun bideratu dituzte asteazkenetik, martxoaren 31tik, astelehenera, apirilaren 5era, bitartean. Horietako gehienak, -1.418-, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zehatz-mehatz, 831 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 447 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik eta beste 95 EAEko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 485 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 227 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 471 isun Araban, 1.254 Bizkaian eta 610 Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko